"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da Glocal in Progressen hirugarren edizioa, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa egingo diren egun beretan.
Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenei zuzenduta dago Glocal in Progress; bertan, postprodukzio-fasean dauden hiru film luze hautatu aurkeztuko dira, filmak amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagundu dezakeen talde baten aurrean. Talde horretan, produktoreak, banatzaileak, salmenta-agenteak eta programatzaileak egongo dira, besteak beste.
Glocal in Progressen xedea Europako zinemaren aniztasunaren balioa aitortzea da. Horretarako, Europako edozein hizkuntzatan (alemana, errusiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa edo italiera izan ezik) filmatutako ekoizpenei ikusgaitasun handiagoa ematen die.
Aurreko bi edizioetan aurkeztutako sei filmetatik hiru dagoeneko bukatuta daude: Esloveniako Izbrisana / Erased, Miha Mazzinirena, Black Nights-Tallin International Film Festivalen lehiatu zen; Dantza euskal filma, Telmo Esnalena eta Errumaniako Un Om La Locul Lui / A Decent Man, Hadrian Marcurena, proiekzio berezi gisa aukeratu ziren Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eta New Directors sailean, hurrenez hurren.
Glocal in Progressen hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria jasotzeko aukera izango dute. Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzte (Sariaren oinarrietan deskribatutakoak), ingelesez eta gaztelaniaz azpititulatutako DCP bat sortu eta Espainian banatzeraino.
Gainera, Glocal in Progress saria emango da. Glocal in Progress Industria Sariaren film irabazlearen produktore gehiengodunarentzako 10.000 euro dira.
Erregelamendua irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
BIDALKETAK ETA HARREMANA:
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesletzari eta Europa Creativa MEDIAren laguntzari esker da posible, eta honako hauen lankidetzari esker: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones eta No problem Sonido.
Ondorengoen babesarekin