Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa bi zinematografien artean ikus-entzunezko proiektu berriak bultzatzeko erreferentziazko plataforma bat da. Era berean, profesionalen arteko harremanak eta hitzarmenak sortzea eta esperientziak trukatzea errazten duen topaleku bat da. Foroko lehenengo egunean, irailaren 22an, hautatutako proiektuak aurkeztuko dira (pitchingak) eta beste hiru egunetan ekoizle eta zuzendarien eta mundu osotik etorritako bazkide posibleen arteko one-to-one bilerak egingo dira. Foroa Zinema Eraikitzen ekimenaren 36. edizioaren eta Glocal in Progressen hirugarren edizioaren garai berean egingo da eta 2018an 800 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten.
Aukeratutako proiektuak lau sari irabazteko hautagaiak izango dira: Proiektu onenaren saria; EFADs-CAACI koproduzio saria, Europako Zinema Agentzietako Zuzendarien Elkarteak eta Iberoamerikako Ikus-entzunezko eta Zinematografiako Agintarien Konferentziak emana; koprodukzioaren garapenari Eurimages saria; eta ArteKino International Prize saria. Gainera, Zinemaldiaren eta Ventana Sur zinema-merkatuaren arteko elkarlanari esker –Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Filmek eta INCAA-Argentinako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak antolatua–, Foroan aukeratutako Europako proiektuak eta Latinoamerikako proiektu batzuk Ventana Surreko Proyecta ekimenean parte hartzeko kontuan hartuko dira.
Koprodukzio Foroan Europako zein Latinoamerikako proiektu zinematografikoek har dezakete parte, baldin eta prestatze-bidean badira, gutxienez 60 minutu irauten badute eta finantzaketaren % 20 behintzat bermatuta badaukate. Europako proiektuek berariazko lotura izan behar dute Latinoamerikarekin. Era berean, garrantzi berezia emango zaio proiektua nazioarteko foro batean aurkeztu den lehendabiziko aldia izateari.
Aurkeztutako proiektu guztien artean, Zinemaldiak hogei aukeratuko ditu gehienez ere, nazioarteko hiru adituren txostenetan oinarrituta: Agustina Chiarino, Andrea Stavenhagen eta Javier Martín.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, sortu zenetik (2012) 114 proiektu aukeratu dira; horietatik 46 bukatu eta estreinatu dira, 27 gaur egun preprodukzio edo postprodukzio-fasean daude eta 22 nazioarteko jaialdietan aukeratu dituzte, besteak beste, Berlin, Cannes, Locarno, Donostia, Sundance eta Venezian.
Erregelamendua irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO AZKEN EGUNA: EKAINAK 15
HARREMANA
industryclub@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesari esker, Europa Creativa MEDIAREN laguntzari esker eta honako hauen lankidetzari esker egin da: CAACI (Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konfederazioa), EFADs (Europako Zinema Agentzietako Zuzendariak), Eurimages, Producers Network (Marché du Film-Festival de Cannes), INCAA (Argentinako Zinemaren eta Ikus entzunezko Erakundea), ARTE, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi, EPE (Euskal Produktoreen Elkartea), Etxepare Euskal Institutua, Europa Distribution, IBAIA (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Ibermedia programa, LatAm eta Zineuskadi.
Sustatzaileak:
Laguntzaileak:
Ondorengoen babesarekin