Hamaika herrialdetako hamasei proiektu sartu dira Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren aukeran. Zazpigarren edizioan, 223 inskripzio erregistratu dira; hau da, iaz baino % 34 baino gehiago (165 izan ziren). Erdialdeko Amerikako eta Karibeko proiektu zinematografikoak garatzeko Ibermediaren tailerrean aukeratutako proiektuak ere parte hartuko du, lehiaketaz kanpo. Irailaren 23tik 26ra bitarte egingo da Foroa eta Argentina, Belgika, Brasil, Danimarka, Espainia, Frantzia, Guatemala, Italia, Kolonbia, Mexiko, Suitza eta Txiletik datoz aukeratu diren proposamenak.
Besteak beste, anorexia, lehenengo maitasuna, identitatea eta emakumezko gerrillariak izan dira edizio honetako lanen inspirazioa, eta, aukeratutakoen artean, zinemagileen lehenengo edo bigarren filmak dira bederatzi proiektu. Horiek horrela, film luzeen alorrean estreinatu dira Paula Un Mi Kim eta Clara Roquet –Petra (Perlak 2018) eta 10.000 kilómetros (Made in Spain 2014) lanen gidoilarietako bat– eta bigarren filma ekarri dute honako hauek: Meritxell Colell, Con el viento sarituaren ostean; Lara Izagirre, bere lehenengo lana, Un otoño sin Berlín, Zinemaldian estreinatu eta emakumezko aktore berri onenaren Goya saria irabazi ondoren (Irene Escolar); Pepa San Martín, bere lehenengo filmarekin, Rara-rekin, Generation KPlus Sari Nagusia Berlinen eta Horizontes saria Donostian irabazi zituena; Moroco Colman, zeinaren Fin de semana film laburra Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarako (2010) eta film luze homonimoa Zuzendari Berriak (2016) sailerako aukeratuak izan baitziren; Emiliano Torres, bere lehenengo filmarekin, El Invierno-rekin, Zinema Eraikitzen 29-n saritua izan ostean, Sail Ofizialean lehiatu eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta argazki onenaren saria lortu zituena; Clarisa Navas, Hoy partido a las 3 saridunaren ostean; eta Matthias Huser, zeinak, Locarnon bere lehengo lana, They Chased Me Through Arizona, estreinatu eta gero, Der unschuldige / The Innocent filmaren (Sail Ofiziala 2018) ekoiztetxearen bermea duen proiektu bat estreinatuko baitu Foroan.
Horrez gain, lan-ibilbide ezaguna duten zenbait zuzendariren proiektuak ere aukeratu dira Fororako: Albertina Carrik Las hijas del fuego aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean; Tata Amaral Um ceu de estrelas / Un cielo de estrellas, Antônia eta Hoje / Hoy lanen egilea da; Stefano Passetoren lehenengo bi filmak Venezian eta Toronton estreinatu ziren; Pablo Fendrik Cannesen aurkeztu ditu bere lehenengo hiru filmak; Jayro Bustamantek Alfred Bauer saria irabazi zuen Berlinalen Ixcanul (Zinema Eraikitzen 26) filmarekin; José Luis Torres Leivak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko du bere filmetako bat, hirugarren urtez jarraian eta Nest.Film Students saileko epaimahaikide izan zen iaz; eta Priscila Padilla La eterna noche de las doce lunas filmaren egilea da.
Azken edizioetako proiektuen artean, aurtengo nazioarteko zinema-jaialdietan parte hartu dute Martín Rodríguez Redondoren Marilyn eta Sebastián Schjaerren La omisión filmek, Berlinaleko Panorama sailean aukeratu baitituzte, eta Agustín Toscanoren El motoarrebatador, Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu baita.
«Zazpi urtetan, industria-jarduera erabat finkatua bihurtu da Foroa, ez soilik inskripzio kopurua handitu delako, baita parte hartzen duten zinemagile eta ekoizleen profilari esker ere; izan ere, hala talentu berriak nola figura entzutetsuak biltzen ditu, eta euren proiektuak erkatu eta nazioarteko industria zinematografikoarekin partekatzeko aukeragatik aurkezten dituzte Donostian», azpimarratu du José Luis Rebordinosek, Zinemaldiaren zuzendariak.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak Europa Creativa MEDIAren eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegituren Sailaren babesa du, eta erreferentziazko plataforma da bi zinematografia horien arteko ikus-entzunezko proiektuei bultzada emateko, baita Zinemaldiko industriako akreditatuentzako elkargune bat ere, hitzarmen profesionalak sustatu eta esperientziak trukatzeko. Foroaren lehenengo jardunaldian, irailaren 23an, industriari aurkeztuko zaizkio Foroan aukeratutako proiektuak eta Ikusmira Berriak egonaldi-programaren aukeratutako bostak. Ondoren, horien ekoizle eta zuzendariekin one-to-one bilerak egingo dira hiru egunez, Zinema Eraikitzen 34 sailarekin eta bigarren Glocal in Progress edizioarekin batera.
IBERMEDIA PROIEKTUA (Ez du proiektu onenaren saria eskuratzeko parte hartuko)
|
HARREMANA
industryclub@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesari esker, Europa Creativa MEDIAren laguntzari esker eta honako hauen lankidetzari esker egin da: CACI (Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konfederazioa), EFADs (Europako Zinema Agentzietako Zuzendariak), Eurimages, Producers Network (Marché du Film-Festival de Cannes), INCAA (Argentinako Zinemaren eta Ikus entzunezko Erakundea), ARTE, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi, EPE (Euskal Produktoreen Elkartea), Etxepare Euskal Institutua, Europa Distribution, IBAIA (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Ibermedia programa, LatAm eta Zineuskadi.
Sustatzaileak:
Laguntzaileak: