Laugarren urtez jarraian, Espainiako Lankidetza saria sustatuko du AECIDek Donostia Zinemaldiarekin batera, giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako filmarentzat.
AECIDek eta Donostia Zinemaldiak Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industria sustatzeko hitzartutako aliantzaren barruan sartzen da saria.
Espainiako Lankidetza saria irailaren 29an emango da, Donostia Zinemaldiaren amaierako galan; izan ere, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) eta Zinemaldiaren arteko hitzarmena berritu da aurten, Zinemaldiak 66. urte betetzen dituen honetan.
Espainiako Lankidetza saria duela lau urtetik ematen da, giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako filmaren ekoizlearentzat (Espainiako eta Portugaleko filmak barne).
Laugarren urte honetan, 10.000 euroz hornituta etorriko da saria, Donostia Zinemaldiaren eta Kanpo Gaietarako, Europar Batasunerako eta Lankidetzarako Ministerioaren mendeko AECIDen arteko lankidetzaren fruitu, eta New Directors, Horizontes Latinos eta Zabaltegi-Tabakalera sailetako filmek izango dute hura eskuratzeko aukera. Zehazki, honako hauek izango dira Espainiako Lankidetza sarirako hautagaiak:
NEW DIRECTORS
|
Para la guerra filmak kubatar soldadu internazionalista baten oroitzapenak eta bakardadea aztertzen ditu, haren gorputzari eta haren (ez)ohiko keinuei behatuz. Para la Guerra tirorik gabeko gerra-filma da baina zauri bat duena: indar berezietako beterano horrena. Duela 30 urte egindako misiotik bizirik atera ziren komandoko kideen bila ari da.
HORIZONTES LATINOS
|
Argentinako Tucumán hirian, Miguelek motochorro gisa irabazten du dirua: motorretik bertatik jendearen jabetzak lapurtzen ditu. Elena adineko emakumea da, eta, poltsa lapurtzen dionean, larriki zaurituko du Miguelek. Gertakizun lazgarriaren ondoren, Miguelek, erruak jota, ezingo du biktima ahaztu. Gauzak ongi egiten saiatzeko, benetan nor den ezkutatutako dio Elenari eta emakume zauritua zaintzen hasiko da, inolako susmorik sortu gabe. Zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta handiagoa bihurtuko da gezurra. Elenari egia esateko beldur, iraganaren zamarekin jarraituko du Miguelek, eta ez da gauza izango benetako erredentzioa bilatzeko.
Nuria, Fabio eta haien ama, Amparo, Amazoniaren erdian dagoen uharte batera iritsiko dira, Brasil, Kolonbia eta Peruren arteko mugan. Haien aita desagerrarazi zuen Kolonbiako gatazka armatutik ihes egin dute. Egun batean, haien etxe berrian agertuko da berriz. Familia sekretu arraro horren torturapean bizi da, eta irlan mamuak bizi direla ohartuko da.
Marcosek, hamazazpi urteko laborantzako behargin batek, etsai-giro batean topatuko du bere sexualitatea. Herriko nerabe batzuek "Marilyn" goitizena jarriko diote, eta desioaren eta bereizkeriaren jomuga bihurtuko da. Marcos egunetik egunera itoago sentituko da.
ZABALTEGI-TABAKALERA
|
1982an, Argentina eta Britainia Handia Malvinetako Gerran borrokatu ziren. Britainiar armadaren garaipenarekin eta bi mila hildako ingururekin amaitu zen gerra. Aspaldi gertatu zen gatazka, baina irlen subiranotasunak eztabaidan jarraitzen du oraindik. Teatro de guerra-k Malvinetako Gerrako sei beterano bildu ditu filma egiteko. Gatazkaz geroztik ia 35 urte igaro direnean, hiru ingeles eta hiru argentinar beteranok hilabeteak eman dituzte gerrari buruzko oroitzapenak berreraikitzen. Film honek gizarte-esperimentu bat dokumentatzen du, hain zuzen, zer den behinolako gerra-etsaiekin arte-proiektu bat egitea: protagonistak aurkitzeko entzunaldiak, haiekin egindako lehenengo bilerak eta izandako lehen elkarrizketak, eta haien oroitzapenak eszenan birsortzea askotariko espazioetan: igerileku batean, eraikuntza-obra batean, erregimentu militar batean. Filmeko eszena guztiak benetakoak eta artifizialak dira aldi berean.
PERLAK
|
Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria azaltzen duen egiazko istorio batean oinarritutako film hau 70eko hamarkadan dago girotuta; hau da, Estatu Batuetako gazteriak hippie kultura eta, horrekin batera, marihuana besarkatu zituen garaian. Ondorioz, abiadura bizian 'enpresari' bihurtu ziren bertako nekazariak. Guajirako basamortuan, Wayuu familia indigenak bere gain hartu beharko du enpresa berriaren buruzagitza. Aberastasunarekin eta boterearekin gerra uztartuko da: haien familia, bizitzak eta antzinako tradizioak arrisku larrian jarriko dituen anaiarteko guda.
Sariaren epaimahaiko kideak hauek izango dira: Cristina del Moral, AECIDeko Lankidetza eta Kultura Sustapeneko departamentu-buru laguntzailea; Marina Díaz, Cervantes Institutuko teknikaria; eta María Luisa Balenciaga, San Telmo Museoko goi-teknikaria eta, besteak beste, Ideas de cine eta Cine con ideas zikloen koordinatzailea.
Sari hau elkarrekin sustatzeaz gain, Espainiako Lankidetzak, AECIDen bitartez, eta Donostia Zinemaldiak koordinatuta dihardute beste ekimen batzuetan ere, Iberoamerikako ikus-entzunezko industrian emakumeen eta talentu berrien presentzia sustatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko eta Iberoamerikako filmen merkaturatzea hobetzeko. Hala, AECIDek eta Donostia Zinemaldiak Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industriarekin elkarlanean aritzeko duten konpromisoa sendotzen du Espainiako Lankidetza sariak.
ESPAINIAKO LANKIDETZA SARIA (aurreko edizioak)
|