Ikusmira Berriak-en laugarren edizioa joan den astelehenean hasi zen, abuztuaren 20an. Sei astez, jasotako 155 proposamenen artean hautatutako bost zuzendariek, Manuel Abramovichek, Nele Wohlatzek, Elena López Rierak, Arantza Santestebanek eta Grigory Kolomytsevek, Tabakalerako Sortzaileen Gunean garatuko dituzte beren proiektuak.
Prozesu honetan laguntzeko, Donostiara etorri da Fodhla Cronin O'Reilly ekoizle irlandarrak, Sergio Oksman zinemagile brasildarrak eta Savina Neirotti TorinoFilmLabeko zuzendariak osatutako aditu-taldea, eta aste honetan egoiliarren pitching saioetan izan dira. Datorren astean, Constantin Popescu zuzendari errumaniarrak tailer bat emango die. Iaz, Sail Ofizialean lehiatu zen, Pororoca filmarekin (aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Bogdan Dumitracheren lanari esker). Egonaldiaren hirugarren astean, Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagile eta Vento Filmsen sortzaileek zine dokumentalaren gaineko jakintza eta esperientziak trukatuko dituzte egoiliarrekin.
Laugarren astean, REC Grabaketa Estudioaren instalazioak bisitatuko dituzte, eta beren proiektuak garatzen arituko dira. Bosgarrenean, industriaren aurrean egin beharreko aurkezpena prestatuko dute; 23an izango da, igandean, Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan, eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleekin bilduko dira.
Azken astean, egoiliarrek toki espezifiko bat izango dute San Telmo museoan, Koprodukzio Foroaren egoitzan, beren proiektuetan interesa duten profesional kreditatuekin 'one-to-one' biltzeko. Horrez gainera, industriaren gainerako jardueretan parte hartu ahal izango dute, bai eta Zinemaldiko proiekzioetara joan ere.
Industriako sariak banatzeko prentsaurrekoan, irailaren 26an, asteazkena, jakingo da nork irabazi duen laugarren edizioan. Programak proiektuen artean banatzeko ematen duen 25.000 euroko diru-laguntzaz gain, REC Grabaketa Estudioak, saritzat, film luze baten postprodukzio-zerbitzuak ere emango ditu, 35.000 euroan baloratuak.
Ikusmira Berriak-en lehen edizioetan hautatutako hiru proiektu bukatuta daude, eta Zinemaldian eman dituzte. Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calice eta Gerhard Treml-en Calipatria, Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren, 2016an eta 2017an. Aurten aurkeztu da, Locarnon, programa honen harira bukatutako lehen film luzea: Trote, Xacio Bañok zuzendua. Lehen edizioko egoiliarra izan zen, eta Zabaltegi-Tabakaleran emango dute.
Laugarren edizio hau izango da Ikusmira Berriak-en egungo egiturarekin egingo den azkena. Hurrengoa bi egonalditan zatituko da, otsailean eta irailean. Bosgarren ediziorako deialdia, eredu berriaren araberakoa, datorren hilaren 31n itxiko da. Urrian jakingo da zein izan diren hautatutako proiektuak.
Bost zinemagileei galdetu diegu zergatik aurkeztu zituzten proiektuak Ikusmira Berriak programara, eta ea zein espektatiba dituzten esperientziaren inguruan.
PROIEKTUAK
Polizia-furgoi baten zeldan, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan: kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan. Film honetan, irudirik gabeko mundu isolatu batean bizitzea zer den azaltzen dut.
Euskal Herriko Unibertsitatean Historia ikasi zuen. Centre de Dones Francesca Bonnemaison ikastegiak Dokumental Kreatiboan diploma eskuratu zuen (2012, Bartzelona). Halaber, Carmen Ávalosekin batera Zinema Dokumentaleko gidoigintzako prestakuntza garatu du (2013, Bartzelona). Prestakuntza espezifikoak egin ditu Víctor Ericerekin (2015, Donostia) eta Patricio Guzmánekin (2016, Madril). 2012an hainbat dokumental zuzentzen hasi zen; horien artetik aipagarria da bere lehen lana, Passatgeres. 2015ean, beste pertsona batzuekin batera GORPUTZ_GRAFIAK erakusketako komisariotzaz arduratu zen Koldo Mitxelena kulturunean (Donostia). Lan horretan, Euskal Herriko mugimendu feministaren ikerketa-lana eta genealogia jasotzen da. 2017an, Irati Gorostidirekin batera Euritan filma zuzendu zuen; filma 2017ko Kimuak katalogorako hautatu zuten. Hainbat zinemalditan egon da, besteak beste Donostia, Punto de Vista, Miradas Doc edo Málagako zinemaldian. 2017an, Huarte Arte Garaikidearen zentroak egoitza bat eskaini zion ikerketa kuratoriala gauzatzeko. Horren barruan, 2018ko ekainean, nazioarteko mintegi honen komisario izan zen: Zehar irudiak, Gatazka irudien inguruko hausnarketak. Comunicación, cultura, sociedad y política (UNED-Espainia) masterreko ikerlaria da, eta zinemako ordezkaritzari, feminismoari eta gaur egungo gatazka politikoei loturiko gaiak aztertzen ditu.
Kartzelari buruzko askotariko narratiba zinematografikoak daude; hala ere, nire ustez, beti falta dute zerbait. Irudi hauek islatzen dutena ez dira kartzelako eguneroko baldintzak, baizik eta kartzelari buruz dugun imajinario sozialak erabiltzen dituen formak. Gelaxkak, patioak, hesiak, krimen antolatua, terrorismoa edo drogak... Aurretiko ezaugarritze hori osatzen duten elementuak dira. Hala ere, ia ezinezkoa da kartzelako eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren gauzak irudikatzea: denboraren joana, kanpoko munduarekiko isolamendua, itxita egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, menderatze-espazio opakuak... Film honek gai horiek jorratzen ditu.
Andrey, bederatzi urteko haur bat, herri txiki bateko kanpoaldean bizi da, Itsaso Zuriaren ondoan. Andreyren amak, urduri, pobre izateaz nazkatuta eta senarrik gabe, etengabeko tentsioan du haurra, eta jo egiten du. Bikain portatzen ez den bakoitzean, amak umezurztegira bidaliko duela egiten dio mehatxu. Ekaitz egun batean Andreyk hildako txakur bat aurkituko du itsasertzean. Chupacabra ahuntz-banpiro mitikoa dela erabakiko du, eta ama sufrimendu orotik askatu eta biei elkartzen lagunduko diela. Andreyk telebistan entzun zuenez, Chupacabrak ilargi beteko gau batean norbaiti hozka egiten badio, Chupacabra bihurtzen da bera ere. Andreyk hildako txakurraren hortzarekin atzamarka egingo du eskuan.
Grigory Kolomytsev (1990, Errusia) Errusiako Zinematografiaren Estatu Unibertsitatean (VGIK) graduatu zen, 2017an (Kott anaien tailerra). Bere lehen film laburra, Three Sisters (2015), Student Academy Awards sariaren 43. edizioko finalista izan zen. Bere hurrengo lan laburrak, Mary izenekoak 60 zinema-jaialdi baino gehiagotan hartu zuen parte, besteak beste Donostia Zinemaldia, Cairo, Camerimage eta ZINEBIn. 2017an, gradu bukaerako filma, I’m Staying, grabatu zuen Itsaso Beltzean; han bizi izan zen umetan. Donostia, Plans - Festival D’Angers, Winterthur eta beste zinemaldi batzuetan egon zen ikusgai. Chupacabra bere lehen film luzea izango da.
Niretzat oso garrantzitsua da lehen film hau haurtzaroari buruzkoa izatea; nahikoa denbora igaro da, baina sentimenduak eta oroitzapenak oraindik ere fresko daude. Itsaso ondoan jaio nintzen. Hori izan zen heriotzarekin izan nuen lehen esperientzia. Olatuen eta haizearen soinua da nire haurtzaroko soinua, eta amaren malkoak, berriz, giza sentimendu nagusia.
Andreyk, mutiko autista txikiak, benetan uste du ez dagoela heriotzarik eta bere burua sakrifikatuz gero maitasuna aurki dezakeela.
Haur sakratu txiki baten bizitza gogorrari buruzko filma da. “San Andreyren bizitza” da.
Ah, Bo eta Lixue gure hirien etorkizuna iragartzen duen hiri tropikal bitxi batean mugitzen dira. Aterki-saltzaile bihurtutako arrantzale bat, bertakotu nahi ez duen gazte bat, eta turista bat, hiriko bakarra. Gela zuri eta zabalegiak dituzten luxuzko pisuen dorrea; Made in China produktu merkez betetako dendak; marrazo-erasoak dituen hondartza bat; itsasoa. Hiru arrotz, errorik eza eta eskutik eskura doan kronika bat: nork hitz egiten du, eta noren bitartez?
Nele Wohlatzek (1982, Hannover) artean eta zineman jaso zuen prestakuntza Karlsruhen eta Buenos Airesen. La mochila perfecta eta Tres oraciones sobre Argentina film laburrak egin zituen, bai eta Ricardo Bär baterako zuzendaritza lana ere. Berak bakarrik zuzendutako lehen film luzea (El futuro perfecto) nazioarteko 60 zinemaldi baino gehiagotan proiektatu zen eta sari asko eskuratu zituen, Locarnoko opera prima onenari saria, adibidez.
Recife historia handia duen hiria da, baina badirudi hiri-garapenaren bidez aztarna horiek ezabatu eta aireportu baten antza eman nahi zaiola: murru altuek babestutako segurtasun pribatua duten dorre generikoak, merkataritza-guneak eta lokalizazioak lotzen dituzten hirietako autobideak. Edozein lekutan gerta litekeen film bat egin nahi dut, bertara arrazoi ezberdinak direla eta iritsi baina hiri berri horren zati ez diren pertsonei buruzkoa baita. Recifera egin nuen lehen bisitaren ondoren pentsatu nuen, “eta zergatik ez hemen?”. Aurpegi anonimo horren atzean, hiria hausturaz, samurtasunez eta bitxikeriez beteta dago.
Ekaitz gogor batek Espainiako hego-ekialdeko herri bat mehatxatzen du. Azken uholdean, misteriotsuki desagertu zen 17 urteko Anaren ama, eta orain herriko emakumeen istorioetako pertsonaia bihurtu da. Behin eta berriz diote han heriotzarekin nahastuta dagoela beti ura. Ana amaren mamuarekin obsesionatuta bizi da; ekaitzaren aurreko atmosfera elektriko, heze eta heriotzaz betean, bere lehenengo amodioa ezagutuko du, José.
Elena López Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea eta zinemagilea da. Pueblo (2015) zuzendu du (Canneseko Zinemagileen Hamabostaldian estreinatu zen), baita Las vísceras (2016) ere (Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen). Lacasinegra kolektiboko kidea da, eta Pas à Genève zuzendu du kolektibo horrekin. Horrez gain, Sevilla, Belfort eta Visions du réel zinemaldietan programatzaile gisa lan egin du.
Orihuelan, Levanteko herri batean jaio nintzen. Herri hori Segura ibaiak, Europako ibairik kutsatuenak, zeharkatzen du. Amarekin, amonarekin eta izebekin hazi nintzen; emakume horiek askotariko istorioak kontatzen zituzten, arratsalde bero luze eta itogarriak azkarrago pasarazteko. Kontakizun horien oinarria ia beti benetakoa zen (gertakarietan, auzokidez auzokide pasatzen ziren sekretuetan edo familiaren istorioetan oinarritzen ziren), baina bertsioz bertsio aldatu egiten ziren, kasu batzuetan fantasiazko kontakizun bilakatu arte. Ziurrenik horregatik erabaki nuen egun batean filmak egitea. Historia eta poesia bereizten ez dituen herriko kontakizun kolektibo horri nire ekarpena egin nahi nion.
“Zergatik egin nahi duzu pornoa?” galdetzen diote Lalori castingean. “Asko gustatzen zaidalako plazer itxurak egitea”. Lalok hogeita hamar urtetik gora ditu, baina gurasoen etxean bizi da oraindik ere. Gauez biluzik agertzen da Interneteko orri batean, mundu osotik begiratzen eta iruzkinak uzten dizkion audientzia birtual batentzat. Familian inork ez daki gaya dela eta pornografiako aktore gisa film bat egitear dagoela lehenengo aldiz. Laloren sexualitatea ikusgarritasun-ideia batez inguratuta dago beti, bere plazera beti besteren begietarako izango balitz bezala. Aktore porno batek ikuskizun bihurtzen badu bere sexualitatea, non aurkituko du plazera?
Manuel Abramovich (Buenos Aires, 1987) zuzendaria, argazki-zuzendaria eta ekoizlea da.
Bere lanak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak desafiatzen ditu, eta egilearen kontzeptuari buruzko hausnarketa egiten du ‘zinema dokumentala’ izenekoaren baitan. Film hauek zuzendu ditu: La Reina (2013), Las Luces (2014), Solar (2016), Soldado (2017) eta Años Luz (2017). Hainbat sari jaso ditu bere lanengatik eta zinemaldi eta erakunde artistiko askotan proiektatu izan dira; hauetan, adibidez: Berlinale, Venezia, Donostia, MoMA, Cinéma du Réel, IDFA, Tribeca, Tabakalera, Film Society of Lincoln Center, BAFICI eta Documenta Madrid.
Beka eta egoitza askotan hautatua izan da; hauetan, adibidez: Fondo Nacional de las Artes (Buenos Aires), Tres Puertos (Mexiko eta Txile) eta EMARE (Alemania).
Gaur egun, sexu-lanean eta pornografian ardaztutako trilogia bat garatzen ari da hiru hiri hauetan: Berlin, Mexiko Hiria eta Buenos Aires.
Años Luz, 2017, Argentina/Espainia/Brasil, 72'.
Soldado, 2017, Argentina, 73'.
Solar, 2016, Argentina, 75'.
Las Luces, 2014, Argentina, 6'.
La Reina, 2013, Argentina, 19'.
El Oasis intimitatea show gisa eraikitzeari buruzko filma da.
Horrez gain, egiten ari naizen trilogia baten bigarren atala da. Gorputz maskulinoa negozio gisa erabiltzeari buruzkoa da, eta hiru hiritako pornografian eta sexu-lanean ardazten da (Berlin, Mexiko Hiria eta Buenos Aires).
Pornoaren industria sexuari buruz hitz egiteko testuinguru gisa interesatzen zait, non “ni”-a besteentzako eraikitzen baiten, non existitzeko konektatuta egon eta ikusgarri izan behar baiten. Nola bihurtu norberaren gorputza ikuskizun? Nola antzezten da plazera?