Culinary Zinema, zinema eta gastronomia uztartzen dituen Donostia Zinemaldiko saila, zazpi filmek osatuko dute zortzigarren urtean. Askotariko gaiak jorratuko dituzte: familia-jatetxeetan inspiratutako istorioak, artearen eta gastronomiaren arteko fusioa, oliba-olioaren kultura, emakumezko sukaldariek aurre egin beharreko zailtasunak, hiri handitik jaioterrira itzultzea, norberaren jatorriak bilatzea eta enpresa-abentura bati ekitea.
Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak 2012) film luzeen egileak– bi Michelin izardun L'Escaleta jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean.
Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmak Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduekin aurrez aurre jarriko ditu Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle. Duela 50 urte, euskal arte eta musikagintzaren ikuspegia berritu zuten mugimenduok; orain, artelan batean inspiratutako plater bat birsortu beharko du ikasle bakoitzak.
Ramen Shop, Eric Khoo zuzendariaren fikzio-filma, Singapurrerako bidaia pertsonal eta gastronomiko bati ekingo dion ramen-sukaldari gazte batek protagonizatzen du. Khook Canneseko lehiaketa ofizialean (My Magic, 2008) eta Un Certain Regard sailean (Tsatumi, 2011) aurkeztu ditu bere aurreko filmak, eta Berlinaleko Culinary Cinema sailean aurkeztu zuen Ramen Shop. 2014an Recipe (Culinary Zinema) aurkeztu zuen Zinemaldian eta Epaimahai Ofizialeko kide izan zen, eta 2015ean berriz itzuli zen In the Room (Zabaltegi) eta Wanton Mee (Culinary Zinema) aurkeztera.
Soon-rye Yim zinemagilea aski ezaguna da bere herrialdean. Hego Koreako Little Forest ekoizpenerako, hiri handian amodio- eta lan-arazoz estuturik bat-batean jaioterrira itzultzea erabakiko duen gazte bat hartu du ardatz.
Un instante en la vida ajena (2003) filmarekin dokumental onenaren eta Iberia-rekin argazkilaritza onenaren Goya sariak jaso ondoren, José Luis López-Linaresek Picual olibaren iraultza jaso du Jaén, Virgen & Extra filmean. Jaéngo oliba enblematikoena izanagatik ere, historikoki ez zaio oso balio handia eman izan.
Aldiz, The Heat: A Kitchen (R)evolution filmean, jatetxeen buruan aitzindari izan diren emakumezko sukaldarien fenomenoa aztertu du Maya Gallus zinemagileak, besteak beste, Anne-Sophie Pic eta Angela Hartnett-ekin. Iaz, 2017an, Gallusi atzera begirakoa eskaini zion Hot Docs zinema-jaialdiak, eta aurten film horrek eman dio hasiera jaialdiari.
Urtez telebistako formatuetan aritu eta gero (adibidez, Caiga quien caiga programarekin), Alfred Oliverik Germán Martitegui argentinar sukaldari entzutetsuaren eta haren lantaldearen abentura irudikatu du bere lehen film luzean, Tegui: Un asunto de familia-n, 40 egunez euren jatetxea itxi eta hutsetik hasita Andeetako mendikatean beste bat irekitzen dutenean.
Proiekzio eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan. Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez erosi ahalko dira. Filmak soilik ikusteko sarrerak datorren irailaren 16an jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.
Culinary Zinema sailaren babeslea Nespresso da.
Batzuentzat, oraindik ere grina-kontua da gastronomia. Gero eta asmo handiagoko sormen-erronkei aurre egitea da. Eta maitasuna da, bai lanbidearekiko, bai abenturetan bidaide dugun jende-taldearekiko, ia-ia egiazko familia balira bezala sentitu arte. Horixe da Germán Martiteguiren kasua: askoren ustez, Argentinako sukaldari onena, Latinoamerikako hamargarrena. Bere jatetxe Tegui-ren hamargarren urteurrenean, hura itxi eta bere 22 kideko lantalde osoarekin (familia) Andeetako mendilerroaren aurrera joatea erabakiko du, esperientzia paregabe eta errepikaezina izateko, berrogei gauez, bertako produktuak soilik dituen menu bat sortuz eta beste familia baten ardoekin uztartuz. Bigarren familiak bai, odol-loturak ditu, baina grina, konpromisoa eta sormen korrontea berbera da. Haien anfitrioiak dira: Michelini anaiak. Jatetxe bat hutsetik sortzea, aire zabalean; sua besterik ez duena, eta eguzkiaren mugimenduari jarraitzen diona.
Masatok, ramen sukaldari gazte batek, atzean utziko du bere jaioterria, Japonian, eta Singapurrera abiatuko da sukaldaritzako bidaia batean, bere iraganari eta familiari buruzko egia ezagutzeko. Odisea gozo-gozo horretan, bere arbasoen sekretuak, errezeta bikainak eta askoz ere gehiago aurkituko du Masatok.
Luis gidoilaria da lanbidez eta bere sorlekura itzuliko da, Alacanteko mendialdeen barnealdeko Cocentaina herrira, bere anaia Kiko Moyari eta bere lehengusu Alberto Redradori liburu bat idazten laguntzeko, familia-jatetxeko sukaldaritzari buruz. L’Escaleta du izena jatetxeak, bi Michelin izar preziatu jaso zituen, eta Espainia eta Portugaleko 25 jatetxe onenen artean dago. Urtebete igaro denean, bere ibilaldi horri esker, bidaia lauso eta bilaketa horri guztiari esker, familiarekin berriz elkartuko da Luis eta ikusleak inoiz ez bezala biziko du bi Michelin izar dituen jatetxe baten atzean dagoen bizimodua, gastronomiarekiko grinarekin konprometituta eta jendeari euren onena ematera erabakita dagoen familia oso baten eskutik.
Oliba-olioa ezinbesteko osagaia da dieta mediterraneoan. XXI. mende hasieran iraultza hasi zen Jaenen: Picual olibak, bertako guztien artean enblematikoenak, munduko oliba-olio birjina estrarik onena eman zezakeen, historikoki apenas aintzat hartua izan arren. Dokumental honek aldaketa horren ondoriozko erronketan barrena eramaten gaitu, Jaengo olibadiko jendeen, aldaketa horretan iraultza gastronomikoa ikusi duten sukaldarien, olibarien eta kontsumitzaileen begiradaren bitartez, eta Espainiako probintzia ezezagunetako batek ezkutatzen duen edertasuna ematen digu ezagutzera.
Lanik gabe, amodio-arazoekin eta nota ezin txarragoekin… Hiri handian bizitzen, ezer ez doakio ondo Hye-won gazteari. Konpondu gabe dituen kontuak albo batera utzi eta, halako batean, sorlekura itzuliko da. Jae-ha eta Eun-sook txikitako lagunekin elkartuko da hor. Haiek beren moduan daramate euren ezohiko bizitza landatarra. Negu horretatik aurrera, une lau baina lasaiez beteko dira Hye-wonen egunak; osagai organikoekin egindako janariez. Lau urtaroetan zehar, bizimodu laua izatearen egiazko plazera aurkituko du Hye-wonek, eta sorlekura itzultzeko benetako arrazoiaz jabetuko da. Udaberri berria gertu da, eta lehen urratsa emango du bere bizitza berrian.
Jatetxeetako sukaldeak presioko eltzeak dira, ordutegi latzen, estres mordoaren eta lorik ezaren ondorioz. Haserreak lanarekin batera doaz eta maila txikienean daudenak egon ohi dira jomugan. Baina sukaldari entzutetsuenen ohiko gizonkeriek inflexio-puntua jo dute. Orain, jatetxeen buruan jarri diren emakumeen eraginpean, eta lehen arautzat hartu ohi ziren baldintza basatiei men egiteko prest ez dagoen belaunaldi gazteagoa iritsi denez, berriz idazten ari dira guk ezagutzen dugun 'sukaldearen kulturaren' arauak. The Heat filmak agertokiaren atzealdera eramango ditu ikusleak, laneko oztopoak hautsi zituzten aurrendariak ezagutzeko, Michelin izardun sukaldariak ere barne: kasurako, Anne Sophie Pic ('Frantziako Sukaldaritzako Erregin' ere esaten diote), Maison Pic jatetxekoa, Valencen, Frantzian; Angela Hartnett britainiar izar maitea (Gordon Ramsayren begikoa), Murano jatetxekoa; eta Anita Lo newyorktar sukaldari sariduna (17 urteren ostean New Yorkeko bere jatetxe ikonikoa, Annisa, ixtekotan dena).
Basque Culinary Centerren, abangoardia gastronomikoa ikasten ari diren mundu osoko zenbait ikaslek iraganera bidaiatuko dute, Bihar dok 13 menua sortzeko. Bidaian, 1966ko Euskal Herrira joango dira, eta hortik abiatuta, kulturaren alorrean dena aldatu zuen hamarkada ezagutuko dute. Bost ekitaldi bereziren bitartez, Gaur, Ez dok amairu eta Euskal sukaldaritza berria (BCCren aita espirituala) mugimenduak ezagutuko ditugu. Ekitaldi horiek barneratu ostean, lidergoak banatu, eta menu gastronomiko bat sortu beharko dute. Dokumentalean, ikasleen begien eta ekitaldien bidez, mugimenduok euskal gizartean zer garrantzi izan zuten ezagutuko dugu. Halaber, nola jarraitu duten sukaldariek ere sortze-prozesua gauzatzen. Azkenik, sukaldari gazteek egindako "Bihar dok amairu" menua dastatzeko antolatuko den bazkarian, euskal kulturaren aurpegi adierazgarrienak egongo dira, artista eta musika berriekin baturik. Sinbolikoki, belaunaldi batek berriari ateak irekiko dizkio.
Datak - Filma
|
Jatetxea
|
Sukaldariak
|
|||
|
|||||
Inaugurazioa. Larunbata 22
TEGUI: UN ASUNTO DE FAMILIA |
Basque Culinary Center
|
Germán Martitegui
|
|||
|
|||||
Igandea 23
RAMEN SHOP |
Basque Culinary Center
|
Pang Seng Meng & Alexander Pang
|
|||
|
|||||
Astelehena 24
Y EN CADA LENTEJA UN DIOS
|
Basque Culinary Center
|
Kiko Moya & Alberto Redrado
|
|||
|
|||||
Asteartea 25
JAEN, VIRGEN & EXTRA
|
Basque Culinary Center
|
Paco Morales
|
|||
|
|||||
Asteazkena 26
LITTLE FOREST
|
Ni neu
|
Luke Jang & Mikel Gallo
|
|||
|
|||||
Osteguna 27
THE HEAT: A KITCHEN (R)EVOLUTION
|
Basque Culinary Center
|
Heidi Bjerkan
|
|||
|
|||||
Klausura. Ostirala 28
BIHAR DOK 13
|
Basque Culinary Center
|
Graduados del Basque Culinary Center
|
|||
|
*2018ko abuztuan, Locarnoko zinema jaialdiko First Look Jury epaimahaiko kidea izan zen.