"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espainiako Berriemaile Zinematografikoen Elkarteak (AICE) Espainiako zinema onenaren 2016ko Feroz sariak iragarri ditu. El hombre de las mil caras filmak lortu ditu izendapen gehien, 64. Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean mundu mailako estreinaldia izan ostean.
Alberto Rodríguezek zuzendutako filmak hamar izendapen bildu ditu: drama-film onena, zuzendari onena, aktore protagonista onena (Eduard Fernández, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorraren irabazle Donostian), antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren bi izendapen (Carlos Santos eta José Coronado), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Marta Etura), gidoi onena (Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos) jatorrizko musika onena (Julio de la Rosa), trailer onena (Miguel Ángel Trudu) eta kartel onena (Gabriel Moreno).
Que Dios nos perdone filmak, Sail Ofizialean ere mundu mailako estreinaldia izan zuenak, zazpi izendapen lortu ditu: drama-film onena, zuzendari onena (Rodrigo Sorogoyen), gizonezko aktore protagonista onena (Roberto Álamo), antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Javier Pereira), gidoi onena (Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peña, gidoi onenaren sariaren irabazleak Zinemaldian), jatorrizko musika onena (Olivier Arson) eta trailer onena (Fernando Vallarino).
Horiez gain, zazpi sarietan hautagai da A Monster Calls filma ere, Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo parte hartu ostean: drama-film onena, zuzendari onena (J.A. Bayona), gizonezko aktore protagonista onena (Lewis MacDougall gaztea), gidoi onena (Patrick Ness), jatorrizko musika onena (Fernando Velázquez), trailer onena (Blair Green eta Jaume Martí) eta kartel onena..
Nely Reguerak zuzendari-lanetan egindako lehen obrak, Zuzendari Berriak sailerako aukeratutako María y los demás filmak, komedia onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren (Bárbara Lennie) sarietarako izendapenak lortu ditu.
Horiez gain, Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu ondoren, Made in Spain sailerako hautatutako Julieta filmak bederatzi sari lortzeko aukera dauka: drama-film onena, zuzendari onena (Pedro Almodóvar), emakumezko aktore protagonista onena (bi hautagaitza, Emma Suárez eta Adriana Ugarte), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Rossy de Palma), gidoi onena (Pedro Almodóvar), jatorrizko musika onena (Alberto Iglesias), trailer onena eta kartel onena.
Feroz sariak urtarrilaren 23an banatuko dira, Antonio de la Torrek aurkeztuko duen galan.