"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ane Rodríguez Armendariz, Tabakalerako kultura zuzendariak, José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendariak, eta Andrés Di Tellak 327 koaderno, Tabakalerako 1 Espazioan (1. solairua) dagoen instalazioa inauguratu dute. Donostia Zinemaldiaren eta Tabakaleraren arteko koprodukzioa da hau, elkarrekin antolatutako Zabaltegi-Tabakalera sailaren harira egina.
Filme batetik jaiotako instalazioa
Andrés Di Tellak 2015eko Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu zuen 327 koaderno pelikula, Ricardo Piglia idazlearen egunerokoen inguruko lana hain zuzen.
Pigliak bere eguneroko intimoa goitik behera berrikustea erabaki zuen 1957an, 16 urte zituela; 327 koaderno, denak berdinak, oihal ziratu beltzezko azaldunak, kartoizko 40 kaxatan gordeak. “Bi bizitza bizi izanaren sentipena dut: koadernoetan idatzita dagoena eta nire oroitzapenetan finko dagoena. Batzuetan, koadernoak berrirakurtzen ditudanean, kosta egiten zait bizi izan dudana ezagutzea. Badira zenbait pasarte, han kontatuta egonagatik ere, guztiz ahaztuak nituenak. Nire egunerokoan existitzen dira, baina ez nire oroimenean. Eta, era berean, nire oroimenean argazki baten zehaztasunaz irauten duten gertaera batzuk ez dira egunerokoan agertzen, sekula existitu izan ez balira bezala”, zioen Pigliak eduki hauen inguruan. Horrela, nobelagileak koadernoetako egunerokoa berridaztea erabaki zuen eta fikziozko pertsonaia bati entregatuko zion bere bizitza, Emilio Renziren egunerokoak argitaratuz.
Oraingo honetan, Andrés Di Tellak prozesu horri buruzko filme horretan iradokitako instalazioa aurkeztu du. Egunerokoa collage gisa; hamaika istorio posible ausaz antola daitezkeenak, publikoa bera izango baita, espazioan mugitu ahala, kontakizun ezberdin horren pasarteak hartzen dituzten pantailak aktibatu eta desaktibatuko dituena.
Instalazioak 327 koaderno pelikulan agertzen diren edukiak hartzen ditu, bai eta pasarte berriak ere.
Andrés Di Tella (Buenos Aires, Argentina)
Amerikar kontinenteko dokumentalista nabarmenetariko bat da. Bere zineak “Historia” letra larriz, artxibo pertsonala eta lehen pertsona uztartzen ditu.
Besteak beste, honako film hauek zuzendu ditu: Montoneros, una historia (1995), Macedonio Fernández (1995), Prohibido (1997), La televisión y yo (2002), Fotografías (2007), El país del diablo (2008), Hachazos (2011) ¡Volveremos a las montañas! (2012), Máquina de sueños (2013), El ojo en el cielo (2013) eta 327 cuadernos (2015).
Halaber, instalazioak, performanceak, bideoarte piezak eta telebista programak ere egin izan ditu, Argentinak Canal 7, Canal Encuentro, Estatu Batuetako PBS eta Britainia Handiko Channel 4 kateentzako bestak beste.
Bestalde, hastear dagoen Zinemaldiko Horizontes Latinos saileko epaimahaikidea izango da Andrés Di Tella.
327 koaderno. Andrés Di Tellaren instalazioa.
2016.09.15 >; 2016.09.30
Astelehenetik igandera: 10:00 - 20:00
1 Espazioa (1. solairua)