"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Richard Gere aktorea Time Out of Mind filmaren emanaldi berezi bat aurkeztera etorriko da, Oren Moverman zuzendariarekin batera. Hark zuzendutako Rampart 2011ko Sail Ofizialean lehiatu zen. Time Out of Mind filmean, etxerik gabeko pertsona bat hezurmamitzen du Gerek, eta norbait ikusezin nola bihurtu daitekeen kontatzen du. Emanaldia programa zabalago baten parte da: prentsaurreko bat ere izango du, Gere bera, Alejandra Silva RAIS Fundazioaren babeslea, etxerik gabeko pertsonen alde lan egiten duen RAIS Euskadiko Jordi Albareda eta Donostiako alkate Eneko Goia izango direlarik.
SINOPSIS
George gero eta etsiago dagoen gizon bat da. Badirudi bizitza konturatu gabe joan zaiola. Ez duenez nora joan, New York hiriko kale gupidagabeetan dabil, nora ezean. Ostatu aukera guztiak agortu ondoren, Bellevue ospitalean bilatuko du aterpea. Gizon etxegabeentzako babes-etxe handiena da Manhattanen. Giro gogor eta nahasgarria da, baztertutako pertsonez betea. Baina George babes-etxean bizi den beterano batekin adiskidetzen denean, berriz aurkituko du bere alaba urrunduarekin harremana berreskuratzeko itxaropena.