Datorren irailak 23an Gehitu elkartearen eskutik SEBASTIANE SARIA banatuko zaio Donostia Zinemaldiaren filmen artean LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasuna eta aurrerapen sozialak hoberen islatzen dituen film ekoizpenari. Aurten bere 17. edizioa ospatzen duen sari honetan Zinemaldiaren aurtengo edizioaren Sail Ofiziala, Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Zuzendari Berriak sailetan aukeratutako 11 film hautagaien artean banatua izango da. Halaber, LGTBI gaia jorratzen duen urteko iberoamerikar film onenari ematen diogun 2016ko Sebastiane Latino Sariko film irabazlea, Rara (Txile), Pepa San Martinek zuzendua, Horizontes Latinos sailean programatuko da.
Gure poza azaldu nahi dugu aurten sarira hautagai den film kopuru handiagatik, hauetariko lau Sail Ofizialean parte hartuko dutela nabarmenduz. Bukatzeko, azpimarratu nahi genuke irailaren 19tik 21ra Iberoamerikako LGTBI Zine Festibalen 2. Topaketa ospatuko dugula. Topaketa hau Donostia Zinemaldia eta Acción Cultural Españolarekin elkarlanean aurrera eramana da bi kontinenteen artean zubiak eraiki asmoz eta arlo honetako festibalen errealitateari buruzko hausnarketa bultzatzeko helburuarekin.
SAIL OFIZIALA
As You Are, Miles Joris-Peyrafitte. Ameriketako Estatu Batuak
Jack institutu bateko ikaslea da, eta bere ama ezkongabearekin (Karen) bizi da hiri bitxi batean. Gizarteak baztertuta dauka, bakartitzat hartzen dute, eta Jackek ez du batere lagunik izango harik eta Karenen senargai berria, Tom, haiekin bizitzera joaten den arte. Orduantxe sartuko da haien bizitzan Mark, Tomen semea. Bi outsiderak berehala egingo dira lagun min, eta, jatetxe batean halabeharrez topo egin ostean, Sarah izeneko neska bat ere taldeko kide egingo dute. Hirurek ere taldetxo horretan topatuko dute salbazioa; hala, harremanetan hainbat aldaketa izan ostean eta sekretu batzuk jakin ondoren, hausnartu beharko dute zenbateraino ote dauden prest aukeratu dituzten bizitza horiek bizi izateko.
Ikari / Rage (Amorrua), Sang-il Lee. Japonia
Basatiki eraildako gorpuak pilatzen diren gelaren horman hildakoen odolarekin ìamorruaî hitza idatzia izan da. Urte bete geroago ez dute hiltzailea aurkitu. Kasua jendearengan besteekiko konfiantza higatzen ari da; bereziki iragan iluneko norbaitekin adiskidetasun berria egin duten arrantzale-herri bateko, Tokioko eta Okinawako hiru bikoteengan. Konfiantza galduaren ostean biolentzia bilakatzeko eta hilketaren misterioa ezustean erakusteko prest dagoen “amorrua” ezkutatzen da.
Jesús, Fernando Guzzoni, Txile-Frantzia-Alemania-Grezia
Santiago, Txile. Jesusek 18 urte ditu eta aitarekin bizi da, Hectorrekin, elkarrekin komunikatzeko ezintasuna telebistari esker arinagoa egiten zaien apartamentu batean. Hortik kanpo, K-pop talde batean dantza egiten du, lagunekin ibiltzen da, drogak hartzen dit, bideoklip kutreak ikusten ditu eta sexua praktikatzen du leku publikoetan, emozio gogorren bila. Eta topatu ere topatuko ditu emozio gogorrak, gau batean, lagunekin batera, atzera bueltarik gabeko gertaera baten ondorioz.
Orpheline / Orphan, Arnaud Des Pallières. Frantzia
Emakumezko lau pertsonaiaren bizitzako lau momentu. Landagunean bizi den haur bat: ezkutaketan jolasean ari dela, tragedia gertatuko da. Nerabe bat, ihesen, gizonen eta gorabaheren segida amaigabe batean harrapaturik, edozer gauza baita hobea bere familiaren etxe atsekabezkoan egotea baino. Gazte bat, Parisera bizitzera joan eta hondamendiaren amildegian kokatuko dena. Eta arrakasta lortutako emakume heldu bat azkenik, zeinak bere iraganetik salbu zegoela pentsatzen zuen. Pertsonaia horiek bat egingo dute pixkanaka, protagonista bakar bat eratzeraino.
ZUZENDARI BERRIAK
Bar Bahar / In Between, Maysaloun Hamoud. Israel-Frantzia
Salma, Laila eta Nur ez dira inoiz egokituko. Israelgo pasaportea duten palestinarrak dira eta Tel Aviven askatasunezko bizimodu bat bizitzea aukeratu dute, sorlekutik urrun. Hirurak ari dira maitasun bila, baina palestinar gazteak diren heinean, laster ohartuko dira ez dutela erraz izango beraiek aukeratutako harreman bat lortzea. Beren lekua bilatu beharko dute munduan, dela hirian, dela beren herrietan.
Yeon-ae-dam / Our Love Story, Lee Hyun-ju. Hego Korea
Yoon-ju Arte Ederren graduondokoa egiten ari den neska bat da. Arduraldi partzialeko lantxoak egin behar ditu hilabete amaierara iristeko eta lagun baten etxean bizi da, Young-eun-enean, alokairu txiki baten truke. Young-eun-ek gustuko du loturarik gabeko harremanak izatea; Yoon-ju-k, aldiz, ez du interesik horretan. Egun batean, bere proiekturako material bila ari dela, Ji-soo izeneko neska batekin egiten du topo bigarren eskuko gauzen denda batean. Ji-soo halako leku bitxi batean ikusita, neskarekiko erakarpen berezi bat sentituko du Yoon-ju-k.
HORIZONTES LATINOS
La región salvaje, Amat Escalante. Mexiko-Danimarka-Frantzia-Alemania-Norvegia-Suitza
Alejandra ama eta etxekoandre langile gazte bat da. Bere senar Ángelekin batera, hiri txiki batean hezten ditu bere bi semeak. Haren anaia, Fabián, erizain dabil hiriko ospitale batean. Verónica misteriotsua iristeak aldatu egingo die hiri xeheko bizimodua. Sexua eta maitasuna kontu labainak izan daitezke zenbait gunetan, non familia-balio sendoak, zurikeria, homofobia eta matxismoa baitaude. Verónicak sinetsaraziko die gertuko baso batean, txabola isolatu baten barruan, mundu honetakoa ez den zerbait gordetzen dela, eta haien arazo guztien konponbidea izan zitekeela.
Rara. Pepa San Martín. Txile-Argentina
Gurasoak banandu zirenetik, amarekin bizi dira Sara eta haren ahizpa txikia. Amaren bikotekide berria emakume bat da. Lauen eguneroko bizitza beste edozein familiaren antzekoa da oso, baina mundu guztiak ez du hala ikusten. Zehazki, aitak bere zalantzak ditu.
Santa y Andrés, Carlos Lechuga. Kuba-Frantzia-Kolonbia
Kuba, 1983. Santa baserritar bakartia Andrés zaintzera bidaliko dute. Andrés idazle gay bat da, eta Iraultzari ez zaio “fidagarria” iruditzen. Pixkanaka, bi pertsona ustez erabat desberdin horiek konturatuko dira garrantzitsuagoak direla biak batzen dituzten gauzak, biak banantzen dituztenak baino.
ZABALTEGI-TABAKALERA
O Ornitólogo / L’Ornithologue, Joao Pedro Rodrigues. Portugal-Frantzia-Brasil
Fernando ornitologo bakartia galzoriko zikoina beltzen bila ari dela, Portugal iparraldeko ibai urrun batean, ur-lasterrek eramango dute. Txinar erromes pare batek salbatuko du, Santiago de Compostelarako bidean doazela. Bere bidea berriz aurkitu nahian, baso ilun eta kezkagarri batean sartuko da Fernando. Baina aurkitu, oztopo harrigarri eta ustekabekoak aurkituko ditu, baita bera neurtuko eta mugara eramango duen jendea ere. Arian-arian, bestelako gizon bat bihurtuko da: inspiratua, polifazetikoa eta, azkenik, goiargiduna.
Uncle Howard, Aaron Brookner. Erresuma Batua
Howard Brookneren lehen filmak (Burroughs: The Movie) 80ko hamarkadan New Yorkeko hirigunean izandako iraultza kulturala irudikatu zuen. Orain, haren iloba Aaronek bidaia pertsonal bati ekingo dio, Howarden ondare zinematografikoa eta hura izan zen guztiaren oroitzapena argitara ateratzeko.
LEHIAKETAZ KANPO (Film laburrak)
BELODROMOA
Kalebegiak (Narciso), Koldo Almandoz. Espainia
Koldo Almandoz, Kimuak saileko film laburren bidean presentzia gehien izan duen zuzendariak, Donostia hirira zuzendutako begira- da (auto)kritikoa proposatzen du “Narciso”-rekin fantansia-zient- zia fikzio generoko eta kutsu umoretsuko istorioan. Bertan, gizon batek etorkizunetik 2016 urteko Donostia distiratsu eta oparora bidaiatzen du istorioaren bukaeraraino argituko ez den asmo bitxi batekin.
Gabber Lover, Anna Cazenave-Cambet. Frantzia
2000ko hamarkada, Nérac. Laurie eta Mila (13) basoan dantzan ari dira, laku batetik hurbil. Milak Laurie maite du eta esan egin nahi dio.
O noapte in Tokoriki / A Night in Tokoriki, Roxana Stroe. Errumania
“Tokoriki” izeneko gau-klub inprobisatu batean herri osoa ari da Geaninaren 18. urtebetetzea ospatzen. Mutil-lagunak eta Alin-ek opari erabat harrigarria egingo diote, inork inoiz ahaztuko ez duen opari bat.