Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, Zinemaldiaren baitan, eskainiko duen kontzertua. Zinema musika biltzen duen kontzertu hau klasiko bat da honezkero eta, gainera, zalantzarik gabe Zinemaldiko eszenatoki jendetsuenetako bat den Belodromoko eskaintzan finkatu da jada. Izan ere, 2700 ikuslerentzako tokia du Belodromoak. Zinema eta zuzenean interpretatuko diren soinu bandak uztartuko dituen emanaldi handi honen protagonista, eszenatokian bilduko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia; David Hernando Ricok zuzenduko ditu guztiak. Irailaren 17 larunbatean eguerdiko 12etan. Sarrera doakoa da.
Kontzertuaren egitarauak biltzen ditu Alatriste (Agustín Díaz Yanes), Mi gran noche (Álex de la Iglesia), Lobos de Arga (Juan Martínez Moreno), El ladrón de sueños (Ángel Alonso), LibertarIas (Vicente Aranda) eta La pelota vasca (Julio Medem) filmen soinu banden suiteak zein moldaketak. Horrela, entzungai izango dira Roque Baños, Joan Valent, Sergio Moure, Pascal Gaigne, José Nieto eta Mikel Laboaren musika lanak. Horrez gain, pelikuletako eszenen aukeraketarekin sortutako muntaketaren proiekzioa gehituko zaio zuzeneko musikari. Muntatze hau kontzerturako espreski sortu du Carlos Rodríguezek (Morgan Crea). Irudiak 400m2ko pantaila erraldoian emango dira. Belodromoko eszenatokian izango dira gainera soinu banden egileetariko batzuk.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zinemarekin. Luzemetraietako soinu bandak euskarri erakargarria dira erabat musika sinfonikoa askotariko entzuleei helarazteko. Horren jakitun, Euskadiko Orkestrak urteotan bide ezberdinak erabili ditu errepertorio hori aurzkezteko. Zinemaldiarekin harremana 80ko hamarkadan abiatu zen. Belodromoan 1998an aritu zen estreinakoz, Lalo Schifrinek zuzenduta, eta SGAErekin lankidetzak bosgarren urtea beteko du aurten. Halaber, J.A. Bayonaren Lo Imposible filmearen soinu banda estreinatu zuen zuzenean eta grabatu dituen soinu banden artean dago Emilio Martínez Lázaroren Ocho apellidos vascos arrakastatsuarena;biak Fernando Velázquezek sortuak dira. Azken hilabeteotan, Contratiempo eta A Monster calls pelikuletako soinu bandak grabatu ditu. A Monster calls aurtengo Zinemaldian estreinatuko da, filmeko protagonista Sigourney Weaberri Donostia Saria ematearekin batera.
David Hernando Rico Bratislavako Orkestra Sinfonikoaren sortzailea da; estilo guztietako musikako, baina batez ere zinemarako musikako 500 grabaketa baino gehiago egin ditu orkestra horrekin. Besteak beste, Roque Baños, Joan Valent, Pascal Gaigne, Hans Zimmer, Brian Tyler, Lorne Balfe edo Michel Legranden lana grabatu du. Aurtendik, Bratislavako Eslovakiar Irrati Nazionaleko Orkestrako zuzendari printzipal gonbidatua da. Espainian, zuzendu dituen orkestren artean daude Real Filharmonía de Galicia, Orquesta del Principado de Asturias edo Orquesta Sinfónica de Extremadura.
Sarrera doakoa da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 10etik 16ra, Zinemaldiak Kursaal Elkargunean eta Okendo Plazan dituen informazio guneetan, 9:00etatik 20:00etara eta 10:00etatik 20:00etara, hurrenez hurren; eta baita Donostia Turismoa bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara eta igandean, aldiz, 10:00etatik 19:00etara.
Irailaren 17 larunbata, 12:00etan. Donostiako Belodromoa
Roque Baños
Alatriste (Agustín Díaz Yanes)
Joan Valent / Roman Gottwald
Mi gran Noche (Álex de la Iglesia)
Sergio Moure
Lobos de Arga (Juan Martínez Moreno)
José Nieto
Pasión Revolucionaria
“Libertarias” (Vicente Aranda)
Mikel Laboa / Carlos Puig-Hatem
Txoria txori / Baga, biga, higa
“La pelota vasca” (Julio Medem)
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
DONOSTIAKO ORFEOIA (José Antonio Sainz Alfaro, zuz.)
David Hernando Rico, zuzendaria
Roque Baños 50 film baino gehiagoren soinu banden sortzailea da, eta horien artean azpimarratzekoak dira nazioarteko zenbait film, hala nola, Brad Andersonen The Machinist, Ron Howarden In the Heart of the Sea eta Jonathan Glazerren Sexy Beast. Hiru aldiz jaso du Jatorrizko Musika Onenaren Goya Saria, Álex de la Iglesiaren The Oxford Murders, Emilio Martínez Lázaroren Las 13 rosas, eta Carlos Sauraren Salomé lanetanegindako lanarengatik. Bostoneko Berklee College of Musicen Musikan graduatua, Santiago Segura (Torrente: El brazo tonto de la ley, Torrente 2, Torrente 4, Torrente 5: Operación Eurovegas), Alejandro Amenábar (Regression) edo Fede Álvarez (Posesión Infernal) bezalako zuzendariekin egin du lan. Info + http://roquebanos.es/
Joan Valentek 20 film baino gehiagoren soinu bandak konposatu ditu 90eko hamarkadaren bukaeratik. Denbora horretan Álex de la Iglesia, Antonio Chavarrías, Agustí Villaronga edo Sigfrid Monleón bezalako zuzendariekin lan egin du. Musikan hezia, biolontxelo, piano, analisi, konposizio eta zuzendaritza ikasketak burutu zituen Espainia eta Los Ángelesen (Estatu Batuak). Jaso dituen sarien artean badaude, besteak beste, Musika Klasikoaren Interprete Onenaren Musika Saria, Ínsula Poética diskoarengatik, eta Tolosako (Frantzia) Espainiako Zinema Jaialdiko Jatorrizko Musika Onenaren Saria, Juan Carlos Falcónen La Caja filmarengatik. Duela gutxi, Alejandro González Iñárrituren Birdman pelikularen soinu bandako bi doinuren sorkuntzan esku hartu zuen eta, horrez gain, Álex de la Iglesiaren azken filmean (Mi gran noche) ere hartu du parte. Info + www.joanvalent.com
Sergio Moureren konpositore karrera orain 20 urte baino gehiago hasi zen arren, 2004an sartu zen lehen aldiz zinemaren munduan Joaquín Oristrellen Inconscientes filmaren partiturarekin, eta lan horri esker Goya eta Gaudí sarietarako izendapenak jaso zituen. Lan honi, Stephen Warbeckenekin (Shakespeare in love filmagatik Oscar sariaren irabazlea) batera konposatutako Cargoren soinu bandak eta telesailetan (Seis hermanas) egin zituen beste lan birek jarraitu zioten. Film luzeetarako konposatu dituen azken soinuen artean Miguel Ángel Vivasen Secuestrados eta Juan Martínez Morenoren Lobos de Arga lanetarako idatzirikoak daude; azken hori Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko dituen lanen arteandago. Info + www.sergiomoure.com
Pascal Gaignek ibilbide luzea egina du jada soinu banden arloan; horren erakusle dira berak idatzitako musika duten 85 film luze, film labur eta dokumentalak. Horien artean, Víctor Ericeren El sol del membrillo, Icíar Bollaínen Flores de otro mundo eta Katmandú, un espejo en el cielo, Gracia Querejetaren 7 mesas de billar francés, Julio Medemen Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak eta 80 egunean edo Pablo Maloren Lasa eta Zabala daude. Bere sorkuntzak hainbat alditan izan dira sarituak. Sari horien artean azpimarratzekoak dira, Buenos Airesko Jaialdiko Urrezko Palma, Salvador Garcíaren El otro barrio filmarako musikarengatik, eta Zinema Konpositoreen Europar Federazioak (FFACE) emandako Europar Soinu Banda Onenaren Saria, Daniel Sánchez Arévaloren Azul oscuro casi negro filmaren musikari esker. Info + www.pascalgaigne.com
José Nietok Jaime de Armiñánen eskutik debutatu zuen zineman, La Lola, dicen que no vive sola filmaren soinu banda konposatu zuenean. Hala ere, Vicente Arandarekin izandako lankidetzari esker jarraitu zuen zinema eta telebista munduan. Beretzat konposatu zituen partituren artean agertzen dira, Amantes, La pasión turca, Libertarias, Celos, Juana la loca edo Carmen filmentzako eginikoak. Bere lana behin baino gehiagotan saritua izan da, esateko, sei Musika Onenaren Goya Sari, Valladolideko 41. Nazioarteko Zinema Astean Urrezko Galburu bat, edo antzerkiko Max Sari bat, El burlador de Sevilla lanarenmusikarengatik.Halaber, Captain Cook edo Armada bezalako nazioarteko telesailetan egin du lan, eta baita BBCren Crusades edo The End of the World bezalako telesailetan ere. Kataluniako Filmategiaren lankidetzari esker izango da kontzertu honetan entzungai Libertarias filmaren musika.
Mikel Laboa mendeko euskal kantautore garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Artista politikoa, beti abestu zuen euskaraz, euskal kultura herrikoiaren rola defendatu zuen, eta "euskal kantagintza berriaren" artistarik ospetsuenetarikoa izan zen. Gernika Zuzenean 2 deritzon lanean, Laboak zuzenean kantatzen zituen bere kantu klasikoetako batzuk, Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak lagunduta, eta Julio Medem zinemagileak Laboaren doinu horiek erabili zituen Euskal Pilota. larrua harriaren kontra filmaren hainbat eszenetarako. Txoria Txori eta Baga, biga, higa kantuak, Medemek hainbat lan ederretan erabilitakoak, Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko dituzte 16 urte geroago.
SGAE Fundazioa Zinemaldian
Irailaren 16tik 24ra ospatuko den Donostiako 64. Zinemaldia dela eta SGAE Fundazioak programatutako jardueren artean, datorren irailaren 17an Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emango duen kontzertua dago. Erakundearen helburua da, Espainiako eta Latinoamerikako zinema sustatzea, zinemaldiaren proiekzioa zabaltzea eta Gipuzkoako hiriburura joan ezin diren ikusleei ekimena hurbiltzea.
Horrela, irailaren 19tik 25era, Madrileko Berlanga Aretoan (Andrés Mellado, 53) Prezioa: 3 euro) Donostiako Zinemaldiko Horizontes latinos zikloaren barruan, azken urtetako Horizontes Latinos ataleko lanen selekzio bat eskainiko da. Zinta hauek osorik edo partzialki Latinoamerikan ekoiztuak edo latino-amerikar jatorriko zinemagileak zuzenduak dira, edo eremu edo gai bezala munduko gainerako komunitate latindarrak dituzte.
Horrez gain, erakundeak lehiaketaz kanpoko Made in Spain saila antolatzen du. Bertan, urtean zehar Espainian egindako zinemaren isla diren filmeen aukeraketa bat eskaintzen da, Espainian estreinatutako zein estreinatu gabeko lanak izan daitezke eta Zinemaldiaren helburua da film horiei nazioartean hedatzeko plataforma bat eskaintzea.