"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak Espainiako kulturaren egoerari buruz egiten duen azterketaren emaitzak jakinarazi ditu. Horien arabera, Donostia Zinemaldia 2015eko bosgarren kultura-ekimen nagusia izan da.
Donostia Zinemaldia zerrendan bosgarren lekuan dago, Thyssen-Bornemisza Museoarekin batera, Pradoko Museoaren, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalaren, Errege Antzokiaren eta Madrilgo Matadero zentroaren atzetik. Bestalde, Zinemaldia lehenengo postuan dago urtaro jakin batean bakarrik egiten diren kultur ekimenei dagokienez, eta Euskadiko lehenengo kultur erakundea da gainera.
Contemporánea fundazioaren helburua Espainiako kulturaren sektorearen garapen profesionalean laguntzea da. Ildo horretatik, 2009an eginiko lehen ekimena Kulturaren Behatokia sortzea izan zen, kulturaren sektorearen egoera aztertzeko eta azterketa hori gauzatzeko adierazle batzuk sortzeko tresna gisa. Dagokion helburua betetzeko kultur diziplina bakoitzeko aditu taldea du aholkulari. Txosten horrek Espainiako autonomia-erkidegoen eta hirien kultur jarduera aztertzen du, baita urteko kultur erakunde eta gertakari garrantzitsuenak ere.