Daniel Blake-k, 59 urteko arotz ingeles batek, bihotzeko arazoak ditu, eta bere bizitzan lehenengoz gizarte-laguntzak eskatzeko premian ikusiko du bere burua. Medikuak lan egitea debekatu dio, baina administrazioak lanpostu bat topatzera behartzen du, isuna jasoko ez badu. Enplegu-bulegoetarako bere joan-etorrietan, Danielek Katie ezagutuko du, bi umeren ama ezkongabea. Katiek bere hiritik 450 km-ra dagoen etxebizitza bati baiezkoa eman behar izan zion, harrera-etxe batera eraman ez zezaten. Britainia Handiko zentzugabekeria administratiboen mordoiloan preso, Daniel eta Katie elkarri laguntzen saiatuko dira.
EUROPAR FILMAREN SARIA
Courgette ("kuiatxo") ezizen misteriotsua da 9 urteko mutil batentzat. Haren istorio berezia, hala ere, harrigarriro unibertsala suertatzen da. Amaren bat-bateko heriotzaren ostean, Courgette polizia atsegin baten lagun egin da, Raymond-ena. Raymondek harrera-etxe batera lagunduko dio Courgetteri, adin bereko beste ume batzuen artean bizitzera. Hasieran, Courgetteri kosta egingo zaio bere lekua topatzea ingurune arrotz eta zenbaitetan zakar horretan. Baina Raymond-en eta bere lagun berrien laguntzarekin, Courgettek konfiantza izaten ikasiko du, eta benetako maitasuna eta familia berri bat aurkituko du azkenean.
Euskal Zinemaren Irizar Saria
Zinemagile hasiberri bat hiru laguni segika dabil bidaia nautiko surrealista batean. Bigarren eskuko pedalontzi batean igota, Euskal Herriko kostatik 150 kilometro egiteko asmoa dute. Pedalontzia, tamalez, ez da Kantauri itsasoko uretan ibiltzeko sortua, eta hasi bezain pronto, zoramen bihurtuko da bidaia: ezbeharra, parranda, biharamuna, xamana, hileta eta abar. Hiru "marinel" hauen espedizioa dokumentatzen doan heinean, zuzendaria bidaia paralelo batean murgilduko da.
Gazteriaren EROSKI Saria
Salma, Laila eta Nur ez dira inoiz egokituko. Israelgo pasaportea duten palestinarrak dira eta Tel Aviven askatasunezko bizimodu bat bizitzea aukeratu dute, sorlekutik urrun. Hirurak ari dira maitasun bila, baina palestinar gazteak diren heinean, laster ohartuko dira ez dutela erraz izango beraiek aukeratutako harreman bat lortzea. Beren lekua bilatu beharko dute munduan, dela hirian, dela beren herrietan.