"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bereizmen ultra handiko (UHD) 4K teknologia 64. Donostia Zinemaldira iritsiko da, Hispasaten eskutik. Datorren asteartean, irailak 20, 19:30ean, Hispasat 4K film laburren jaialdiko sari-banaketaren gala egingo da Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Lehiaketa hori oso-osorik 4Kn filmatutako eta postproduzitutako film laburrei emandako lehenengoetakoa da. Galan, publikoak aukera izango du saritutako obrak 4Kn ikusteko. Ekitaldirako sarrera doan izango da, eserleku guztiak bete arte.
Irailaren 20an ere, 11:00etan, Kursaaleko 9 aretoan, “Cine y Tecnología. Los retos de rodar 4K” tailerra gauzatuko da. Enpresa teknologikoetako ordezkariek zinemaren munduko ordezkariekin eztabaidatuko dute, bereizmen ultra handiko estandar berri honek zinematografiako ekoizpenerako eskaintzen dituen aukera eta erronkei buruz.
Hispasatek, espainierazko eta portugesezko edukien banaketan buru den komunikazio-sateliteen Espainiako operadoreak, iaz jarri zuen martxan film laburren nazioarteko jaialdi hori, 4Kn filmatutako ikus-entzunezko edukiak sortu eta erakusgai jar daitezela sustatzeko. Hain zuzen, sektoreko azken iraultza teknologiko handia da 4K: formatu horretan pixel kopurua lau bider gehiago denez, bereizmen handiko ohiko pantaila baten aldean, ikusleek esperientzia zinematografiko guztiz berriaz gozatu dezakete, lehenago inoiz ikusi gabeko irudi-kalitate batekin.
Lehiaketako bigarren urte hau Donostia Zinemaldiaren barruan egingo da, eta berritasun garrantzitsuak dakartza. Bi sari berri sartu dira: zuzendaritza onenaren kategoria, non Cine365 Film etxeak ekoitzitako film luze bat zuzentzeko aukera emango zaion irabazleari, eta Epaimahaiaren saria, Samsung SUHD telebista-gama berriak babestua.
Edizio honetan finalista izandako film laburren zerrenda eta Hispasat 4K nazioarteko zinema-jaialdiko jarduerei buruzko xehetasun guztiak astelehenean (hilak 19) emango dira ezagutzera, 12:30ean, Kursaaleko prentsa-klubean.
Hispasat 4K nazioarteko zinema-jaialdia honako hauek babesten dute: Cine365 Film ekoiztetxea, Samsung eta Dolby Laboratories. Horiez gain, ikus-entzunezko sektoreko puntako teknologia enpresa batzuek ere bat egin dute ekimenarekin, munduan bakarra den lehiaketa hau posible bihurtzeko: adibidez, SGO, Fujifilm eta Ad Hoc soinu-estudioa, baita RTVE, Espainian UHDren garapenean aurrendari den telebista, eta Azento de Diseño komunikazio grafikoko agentzia ere.