Bunker77 filmaren munduko estreinaldi laguntzeko, Takuji Masudak, filmaren zuzendariak, mundu osoko surf kulturaren pertsonaia enblematikoenetako bi izango ditu berekin: batetik, Craig Stecyk, Dogtwon and Z-Boys filmaren gidoilarietako bat, kultuko artista eta Kaliforniako skate eta surf puruenaren jokalekuaren narratzailea; bestetik, Art Brewer, 60ko hamarkaz geroztik kirolaren une garrantzitsuenak argazkiratzen lagundu duen argazkilaria, urtetan Bunker Spreckels beraren erretratua egin zuena.
Haiekin bat egingo du William Kirkleyk, Orange Sunshine filmaren zuzendariak: bere lana SXSWn aurkeztu ostean Donostiara bidaiatuko du, Betiko Maitasunaren Ermandadeko buru Michael Randall eta Carol Griggsekin batera. Orain arte, ez zuten inoiz kontatu talde horren ezohiko istorioa.
Travis Rice snowboarderraren etorrerak sortzen du, halere, ikusmin handiena. 2012an etorri zen lehenbizikoz eta aurten berriz itzuliko da gurera, Savage Cinemaren gau handian (Belodromoan, irailaren 23an, ostirala) The Fourth Phase aurkeztera. Filmean agertzen diren beste snowboarder batzuk ere izango dira saio horretan: Victor de le Rue eta Mark Landvik, adibidez. Filma RedBull TVk emango du munduan estreinakoz, urriaren 2an, eta urriaren 3tik aurrera egongo da eskuragarri.
Peter Hamblin zuzendari gazte ingelesak Frank Solomon olatu handien surflari hegoafrikarrarekin batera aurkeztuko du bere filma, Let’s Be Frank. Eta Surfers’ Blood filmaren estreinaldia laguntzeko, Patrick Trefz izango da. Hain zuzen, bertako bi protagonista bildu ditu film horrek: Patxi Oliden, laurogeita hamar urtetik gorako asmatzailea, surf-taulen egile aitzindaria Euskadin, eta Kepa Acero, surflari eta fenomeno globala, surf abenturako kazetaritza generoaren eraberritzailea.
Urtero bezala, askotariko jarduera paraleloen artean kokatzen dira sailaren emanaldiak. Asteazkenean (hilak 21), 18:30ean, Okendo plazako pantailan, The Art of Flight filmaren aire zabaleko emanaldi isila eta doakoa izango da.
Red Bull ere Zinemaldian izango da, Santa Katalina plazako energy point gunearen bitartez, asteartetik ostiralera arte. Hantxe aurkeztuko da The Fourth Phase filmaren joko ofiziala; hari esker, parte-hartzaileek filma ikusteko sarrera-txartelak irabazi ditzakete, ostiraleko (hilak 23) Belodromoko estreinaldi handirako.
Takuji Masudak (Yokohama, 1971) St Michael Unibertsitate Eskolan (Columbia Britainiarra, Kanada) eta Pepperdine Unibertsitatean (Malibu, Estatu Batuak) ikasi zuen. Han, surfaren mundua ezagutu zuen, eta surflari profesional bilakatu zen laster. Hogei urte igaro ditu Bunker Spreckelsen bizitza ikertzen, eta 2007an haren inguruko liburu bat argitaratu zuen Taschen argitaletxean: Bunker Spreckels, Surfing's Divine Prince of Decadence. Bunker77 Spreckelsengan oinarritutako film luzea da. Gaur egun, Masuda Suitzan bizi da, ekoiztetxe bat jarri du martxan (Endangered Spirit GMBH) eta ekoizpenaren inguruko master bat egiten ari da Pepperdine Unibertsitatean.
Surfaren argazkilaritzako izen handietako bat da, duela 35 urtetik baino gehiagotik. Art Brewerrek begi ona du ekintzarako eta modarako. Bere lanetan, kirolaren eta kulturaren estiloak jasotzen ditu. Bere argitalpenen eta bezeroen artean, Esquire, Rolling Stone eta Islands aldizkariak eta Nike daude. Art Taschen argitaletxearen Bunker Spreckels: Surfing's Divine Prince of Decadence (2007) liburuaren egileetako bat da.
C.R. Stecyk argazkilari, margolari eta artista oso ezaguna da, graffitiaren eta kaleko artearen generoetan izan duen eragina dela-eta. Smithsonian erakundeko artxibo iraunkorrean Stecykek egindako eta margotutako surf-taula bat dago. Sundancen saritutako Dogtown and Z-Boys (2001) dokumentalean idazle eta ekoizpeneko diseinatzaile ere izan zen.
Hegoafrikan jaioa, Peter Hamblin munduko leku askotan ibili eta bizi izan da. Hamblin Imaginery britainiar ekoiztetxearen sortzailea da. Honako film hauen egilea da, besteak beste: Wright side of Wrong (2012) film laburra, film labur onenaren eta edizio onenaren sarien irabazlea AEBko X Dance Action Sports Film Festival jaialdian; Wood for the Trees (2013) filma, Gumball 3000ren sortzailearen, Maximillian Cooper-en, inguruan; eta The Ripple Effect telesail sarituak, Red Bull TVrekin lankidetzan.
Frank Solomonentzat olatu handietan surf egitea ez da bere buruari erronka botatzeko modu bat: besterik gabe, oso gustuko du 8 metro garai diren ur-mendi horietan behera jaurtitzea. Besteak beste, honako sari hauek lortu ditu: bigarren postua 2007ko O’Neil Raw Courage sarietan, XXL sarietarako lau izendapen 2008an eta lehen postua 2009ko O’Neil Raw Courage sarietan.
William Kirkleyk oso gazte zela hasi zuen bere ibilbidea zineman; produkzioaren arloan hasi zen, Los Angelesen, film independenteetan eta musika-bideoetan. Haren lehen film luzea, Excavating Taylor Mead (2005), Tribecako jaialdian aurkeztu zen, New Yorken, eta urte hartako Whitney Biennial-en parte hartu zuen ondoren. Kirkleyren film labur dokumentalen artean aipagarriak dira Movement, The SOS Children's Villages (2012) eta Portrait of an Apple (2014). Orange Sunshine bigarren film luze dokumentala du.
Michael eta Carol Randall Brotherhood of Eternal Love taldearen sortzaileak izan ziren. Kalifornia hegoaldeko lagun eta senide talde txiki hori munduko LSD eta haxix banatzaile handienetakoa bihurtu zen 60ko hamarkadan eta 70eko hamarkada hasieran. Lehen aldiz ematen dute beren historiaren berri, beren ohiz kanpoko bizitza irudikatzen duen film honetan.
Patrick Trefzek (Düsseldorf, Alemania, 1970) Santa Cruzen (Kalifornia) bizi eta lan egiten du. Zuzendaria, produktorea eta argazkilaria da, eta bi dokumentalengatik oso ezaguna: Thread (2007) eta Idiosyncrasies (2010). Musika-bideo, iragarki eta film labur ugari zuzendu ditu. Argazkilari moduan, Surfer, Big, Geo eta The New York Times komunikabideetan argitaratu du, besteak beste, eta Santa Cruz: Visions of Surf City (SolidPublishing, 2002), Thread (PowerHouse, 2009), eta Surfers' Blood (PowerHouse Books, 2012) liburuen egilea da.
Eliteko lehiaketetan 15 urtetik gorako eskarmentua eta dozenaka titulu ditu bizkarrean, eta agerian geratzen da zein iaioa den Travis taula gainera igotzen den bakoitzean. Mundu osoko snowboarder onentzat hartu izan dute. Hauek dira Travisen film goraipatuenak: That’s It, That’s All (2008) eta The Art of Flight (2011).