"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bertrand Bonello, Jean-Gabriel Périot eta Ivan I. Tverdovsky zinemagileek irakasgai magistralak emango dituzte Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketaren esparruan.
Bonello (Niza, Frantzia, 1968) Sail Ofizialean lehiatuko da aurten, Nocturama filmarekin, baita Zabaltegi-Tabakaleran ere, Sarah Winchester, opéra fantôme / Sarah Winchester film laburrarekin. Topaketan, mintzaldi libre bat egingo du hainbat herrialdetako zinema-eskoletatik datozen ikasleen aurrean (Alemania, Argentina, Belgika, Espainia, Frantzia, Israel, Lituania, Mexiko, Polonia, Erresuma Batua, Errumania, Errusia eta Serbia), baita bertaratu nahi duen hiritar ororen aurrean ere. Master class-a asteartean izango da, hilak 20, 12:15etik 14:00etara arte, Tabakalerako zinema-aretoan.
Bestalde, Jean-Gabriel Périotek (Bellac, Frantzia, 1974), Une jeunesse allemande / A German Youth filmaren egileak, Berlinaleko Panorama saila inauguratu zuen iaz film horrekin, eta Zabaltegirako hautatua izan zen. Leku berean hitz egingo du, 17:00etatik 18:30era bitartean, teoria eta praxis zinematografikoari buruz. Hark ere planteamendu libre bat erabiliko du. Perioten bigarren filma, Lumières d’éte - Natsuo no hikari / Summer Lights, Zuzendari Berriak Sailaren lehiaketan ageri da.
Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko du Ivan I. Tverdovskyk ere (Shelkowo, Rusia, 1988) bere bigarren filmarekin: Zoologiya / Zoology. Tverdovsky Topaketaren azken egunean arituko da, ostiralean, hilak 23, 11:30etik 14:00ra bitartean. Film laburrak egiten izan duen esperientzia azalduko du, baita film luzerako trantsizioaren prozesuan izan duena ere. Haren lan hauek proiektatuko dira, halaber: As If Waiting For A Bus (2009), zinema-eskolako bere amaiera-lana; Snow (2011), Natalya Pavlenkova protagonistarekin (Zoologiya / Zoology filmeko aktorea ere), eta Space Dog (2012), Amsterdamen lehiatutako eta munduko hainbat dokumental-jaialditarako hautatutako filma.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako irakasgai magistral guztiak doakoak dira. Sarrera librea izango da, plaza guztiak bete arte, eta ikasleei eta akreditatuei emango zaie lehentasuna.