Zinema-areto gisa betetzen duen 30. urtean, bi animazio-filmak eta Donostiaren hamabi erretratuz osatutako talde-ekoizpen baten munduko estreinaldia hartuko ditu Antonio Elorza Belodromoak.
Sausage Party helduentzako animazio-komedia bat da, Conrad Vernonek (Madagascar 3) eta Greg Tiernanek (Thomas & Friends) zuzendua. Supermerkatuko elikagaiei buruzko film bat da: beren patuaren berri izango dute, eta hari aurka egingo diote. Seth Rogen eta Evan Goldberg (Superbad) eta Kyle Hunter eta Ariel Shaffir (The Night Before) gidoilarien umore garratzari aktore nagusi hauek jarri diote ahotsa jatorrizko bertsioan: Jonah Hill, James Franco, Kristen Wiig, Edward Norton, Paul Rudd eta Salma Hayek antzezleek, baita Rogen berak ere. Estatu Batuetan, estreinatu zenetik, kutxategian nagusi izan da filma. Espainian, Sony Pictures Releasing etxeak banatuko du. Emanaldia irailaren 20an izango da; hain zuzen, Oliver Stonek Salvador filmarekin Belodromoa zinema-areto gisa estreinatu zuenetik hogeita hamar urte igaroko direnean.
Storks animazio-filmak, donostian izango du europa mailako estreinaldia, haurtxoen eta zikoinen mitoa hartzen du abiaburutzat; hala, multinazional banatzaile baten moduan egituratuta dagoen haur-banaketako fabrika batean barrenduko da. Familia-komedia hau Doug Sweetlandek eta Nicholas Stollerrek zuzendu dute. Lehenak animatzaile moduan egindako lanen artean, Toy Story, Cars, Finding Nemo eta The Incredibles filmak daude; bigarrenak Forgetting Sara Marshall, The Five-Year Engagement eta Neighbors zuzendu ditu, eta berak idatzi du Storks filmaren gidoia ere. Jatorrizko bertsioan, Andy Samberg-ek (Hotel Transylvania 2, iaz Belodromoan ere aurkeztua) eta Kelsey Grammer-ek (Cheers, Frasier) jarri dituzte ahotsak. Espainierazko bikoizketa Belodromoan entzungo da estreinakoz, irailaren 18an, eta José Luis Gil, Belén Cuesta, Juan Ibáñez, Damian Mollá, Christian Gálvez, Almudena Cid eta José Corbacho jarriko dituzte ahotsak.
Irailaren 21ean Kalebegiak proiektua, Donostia / San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ikus-entzunezko apustu garrantzitsuena, hartuko du Belodromoak. Donostian filmatutako edo inspiratutako hamabi istorioz osatutako talde-lan horretan, zinemagile hauek parte hartu dute: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik (María Elorza eta Maider Fernández Iriarte), Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoyen, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe. Egitasmo horretan lagun izan dituzten ekipo tekniko eta artistikoetan hala izen finkatuak nola hasiberriak aurki daitezke.
Horrez gain, Belodromoa goizero izango da zinema-jaialdiko eszenatoki; izan ere, goizero haur-zinemako saio bat emango da, ikastetxeekin hitzartutako programaren bitartez. Aurten, Danimarkako Albert animazio-filma proiektatuko da, Karsten Kiilerich zuzendariarena.
Eta, ohikoa den moduan, hilaren 24an saio berezi bat egingo da Oliver Stonek munduko zinema-areto handien gisa deskribatutako eremu horretan: saio horretan, sari-banaketaren gala eta bi film hauek proiektatuko dira: klausurakoa, L’Odyssée / The Odyssey, eta Perlak saila itxiko duena, Arrival, Denis Villeneuveren azken filma. Gas natural Gas Fenosaren Zinergia proiektuko film labur batek osatuko du emanaldia: Cabra y Oveja, Kike Maillok zuzendua, Daniel Sánchez Arévaloren gidoiarekin.
Hamabi film labur, Donostia hiriaren hamabi irudikapen. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sustatutako film honetan, elkarrekin dihardute Gipuzkoako zinemagintzaren izen historikoek eta esperantza gazteek.
Helduentzako animazio-filma, ordenagailu bidez egiten den lehena. Saltxitxa bati buruzkoa da: supermerkatuko produktu talde bat gidatuko du, beren existentziari buruzko egia aurkitu nahian. Denda uzteko aukeratzen dituztenean benetan zer gertatzen den ikusiko dugu.
Zikoinek haur jaioberriak ekarri ohi dituzte... edo halaxe egiten zuten lehen, behintzat. Orain paketeak garraiatzen dituzte, mundu mailako txikizkako konpainia handi batentzat. Junior, enpresako zikoin banatzailerik onena, lanpostu-zerrendan gora egiteko zorian dago, baina ustekabean Jaioberriak Ekoizteko Makina martxan jarriko du, eta neskato jaioberri maitagarri eta baimendu gabeko bat fabrikatuko du ondorioz. Halako pakete arazotsu bat lehenbailehen eta nagusia jabetu aurretik entregatzeko premia sortuko zaio, eta, hala, Junior eta Tulip bere laguna (Stork Mountaineko gizaki bakarra) jaioberri bat entregatzeko bidaia bati ekingo diote lehenengoz beren bizitzan. Bidaia basati eta argigarria izango da: familia baten baino gehiagoren segurtasunari eragin diezaioke eta zikoinek munduan duten egiazko misioa lehengoratzea ekar dezake.