Sail Ofizialak lau emanaldi berezi hartuko ditu 64. Donostia Zinemaldian. Jada iragarritako filmei –Jo Solen Vivir y otras ficciones eta Diego Galánen Manda huevos– Japoniako Kimi no Na wa / Your name animazio-filma eta Bigas Luna zinemagilearen autorretratua (Bigas x Bigas) gehitu zaizkie. Horiez gain, Colossal filmak, Nacho Vigalondoren azken proposamenak, lehiaketaz kanpo parte hartuko du.
Makoto Shinkai (Nagano, Japonia, 1973), The Place Promised in Our Early Days (2004), Children Who Chase Lost Voices (2011, Annecy-ko zinema-jaialdirako hautatua) eta The Garden of Words (2013) filmen egilea, Japoniako animazio-zinemako izen garrantzitsuenetakoa da. Miyazaki, Takahata eta Hosodaren oinordekotzat hartu izan dute. Zinemaldiak berean hartuko du Kimi no Na wa / Your name filmaren Europako estreinaldia. Japonen Tohok banatuko du; Espainian, non 2017ko urtarrilean estreinatuko baita, Selecta Visionek.
Bigas Lunak (Bartzelona, 1946-2013) besteen istorioak kontatzen zituen irudi bidez, baina inguruan zuen errealitatea ere harrapatu nahi izan zuen. Hil artean, Jamón, jamón (Zilarrezko Lehoia Venezian) eta Huevos de oro (Epaimahaiaren Saria Donostian) filmen egileak 500 kasete baino gehiago bete zituen bideo, testu piktoriko eta audio-artxiboekin, familiako eszenak, barruko gogoetak eta lagun nahiz lankideekin solasak nahastuz. Bigas x Bigas filmaren zuzendaritzan, zinemagilea bera eta Santiago Garrido Rúa bideoartista ageri zaizkigu. Filmaren ekoizleetako bat Javier Bardem da.
Horrez gain, Nacho Vigalondok (Cabezón de la Sal, Espainia, 1977), Cronocrímenes eta Open Windows filmen zuzendariak, bere azken lana aurkeztuko du Sail Ofizialean: Colossal. Vancouverren filmatua, espainiar zuzendariaren laugarren filmak Anne Hathaway (Les Misérables) eta harekin lotura misteriotsua duen izaki erraldoi bat ditu protagonista.
Hiru film horien iragarpenarekin, osatuta geratu da Sail Ofizialeko zerrenda. Hogeita bost hartzen ditu barne. Hamazazpi film Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, lauk lehiaketaz kanpo parte hartuko dute -Snowden, A Monster Calls / Un monstruo viene a verme, aipatutako Colossal eta L’Odyssée / The Odyssey (klausura)- eta lauk emanaldi berezia izango dute.
Bigas Luna, beste ezeren gainetik, irudien narratzaile bat izan zen: irudi zinematografikoena zein piktorikoena. Hain berezkoa zuen voyeurismo hark film verista bat egiteko irrika bizia piztu zion: gidoirik eta parafernaliarik gabe norbait filmatu, pertsonaia bere purutasun osoan agerraraziz. Ziur aski, horrexek bultzatu zuen bere inguruko errealitatea bideo-eguneroko baten bitartez antzeman nahi izatera. Bere bizitzako hainbat eszena errepikaezinek osatutako koadro bat. 500 zintatik gora, hainbat bideo, testu piktorikoak eta audio-artxiboak, eta, haietan bildurik, familia-eszenak, barne-gogoetak eta aktoreekiko eta lagunekiko solasaldi konplizeak. Bigas x Bigas film verista esperimentala da, une horietarantz leiho bat ireki nahi diguna. Bere bizipenetan eta gogoetetan zehar eginiko bidaia bat, zeinean Bigasek bere burua desmuntatzen duen, bere ni barrukoena eta pertsonalena erakutsiz, artista gisa baina baita gizaki gisa ere.
Taki eta Mitsuha, egun batez, lo dauden bitartean gorputzak trukatzen dituztela konturatuko dira, eta bata bestearekin ohar bidez komunikatzen hasiko dira. Baldarki erronkak gainditu ahala, lotura bat sortuko da haien artean, eta lotura hori maitasunezkoa bihurtzen hasiko da.
Egun osoa parrandatik parrandara pasatzen duen neska batek (Anne Hathaway) aurkikuntza harrigarri bat egingo du: lotura misteriotsu bat du planetaren beste muturrean kaosa sorrarazten ari den munstro ikaragarri handi batekin.