Denis Villeneuveren (Trois-Rivières, Quebec, 1967) proposamen berriak, Arrivalek, itxiko du 64. Donostia Zinemaldiko Perlak saila.
Zientzia-fikzioko thriller hori Venezian lehiatuko da, Urrezko Lehoia lortzeko. Ted Chiangen “Story of your life” izeneko kontakizuna du oinarri. Amy Adamsek antzeztutako hizkuntzalari bat da protagonista. Hark lurreratu berri diren estralurtar batzuek zer asmo duten aurkitu beharko du.
Villeneuvek Blade Runner filmaren sekuela estreinatuko du datorren urtean. 2013an Donostian izan zen, Enemy filmarekin Sail Ofizialean lehiatzeko eta lehiaketaz kanpo Prisoners aurkezteko. Iaz ere Perlak sailean lehiatu zen, Sicario filmarekin.
Arrival filmaren emanaldia ez da Publikoaren saria lortzeko lehiaketan sartuko. Belodromoan egingo da, amaiera-galaren emankizuna baino lehen.
Kanadar zinemagileak itxiko duen sailean, honako zuzendari hauen azken lanak aurkeztuko dira: Maren Ade, Claude Barras, Michael Dudok de Wit, Stephen Frears, Mia Hansen-Løve, Hirokazu Koreeda, Emir Kusturica, Joachim Lafosse, Pablo Larraín, Ken Loach, François Ozon, Cristi Puiu, Gianfranco Rosi, Ira Sachs eta Paul Verhoeven.
Gure planetako hainbat lekutan espaziontzi misteriotsu batzuk lurreratzen direnean, elite talde bat bilduko dute ikertzeko, Louise Banks hizkuntzalari aditua buruan. Giza espeziea gerra global batean sartzeko zorian dela, Banksek eta haren taldeak erantzunak bilatuko dituzte, erlojuaren aurka. Horiek aurkitzeko, bere bizitza eta litekeenik baita gizadi osoa ere mehatxupean jarri lezakeen arrisku bat hartuko du Banksek.