La fille de Brest / 150 Milligrams filmaren Europako estreinaldiak emango dio hasiera 64. Donostia Zinemaldiari. Emmanuelle Bercot frantses zuzendariaren bosgarren lana Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da. Sidse Babett Knudsen daniarra (Borgen) eta Benoît Magimel galiarra (La Haine) dira protagonistak.
La fille de Brest / 150 Milligrams Irène Frachon sendagilearen Mediator 150 mg liburuan dago oinarrituta. Hark botika jakin baten kontsumoaren eta Bresteko ospitale bateko heriotza susmagarri batzuen arteko lotura aurkitu zuen; bakarka, egia azaleratzeko borrokari ekin zion.
Emmanuelle Bercot (Paris, 1967) zuzendari, aktore eta gidoilaria antzezle ere ibili izan da, Olivier Assayas eta Bertrand Tavernier-en moduko zinemagileen esanetara. Iaz emakumezko aktore onenaren saria lortu zuen Cannesen Maïwenn-en Mon roi filmari esker. Zuzendari-lanetan, iaz ere, Canneseko zinema-jaialdia inauguratu zuen bere laugarren filmarekin: La Tête haute. Film horretan ere Frantziako gizarte-sistema auskultatu zuen. Zinemagile honen hirugarren filma, Elle s’en va, Berlinalen estreinatu zen.
Sidse Babett Knudsen (Kopenhage, 1968) aktoreak jokatzen du Irène Frachon-en pertsonaia. Zinemaldiko Sail Ofizialean hirutan lehiatutako Susanne Bier-en esanetara ere ibili da antzezten, eta iaz antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Cesar saria irabazi zuen L’Hermine filmean egindako paperarengatik. Christian Vincentek zuzendutako film hori Venezian estreinatu zen. Knudsen aktore oso ezaguna bihurtu da Borgen telesailean jokatzen duen paperari esker, Birgitte Nyborg lehen ministroak aurre egin beharreko dilemak erakusten.
Benoît Magimel frantses aktorearen lan-ibilbideak Claude Chabrol, Jean Becker, Michael Haneke, Xavier Beauvois, Andre Téchiné eta Mathieu Kassovitz-en moduko zinemagileen filmak hartzen ditu barne. La pianiste filmarekin aktore onenaren saria lortu zuen Cannesen; Bercoten aurreko filmari esker (La Tête haute), berriz, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Cesar saria.
La fille de Brest / 150 Milligrams Haut et Court ekoiztetxearen produkzio bat da. Munduko banaketa Wild Bunch etxeak egingo du; Espainian Caramel etxeak banatuko du, eta abenduan estreinatuko da.
Irène Frachon-en Mediator 150 mg liburuan oinarritua. Brest-eko (Frantzia) ospitaleko biriketako espezialista batek lotura zuzena aurkitu berri du zenbait heriotza susmagarriren eta Estatuak onartutako sendagai baten artean. Medikuak bere kabuz egingo du borroka egia argitara azal dadin. Filmak Irène Frachon-en istorioa kontatzen du, Mediator eskandaluaren salatzailearena.