Horizontes Latinos saila osorik edo partzialki Latinoamerikan ekoitzitako eta Espainian oraindik argitaratu gabeko film luzez osatzen da. Aurten hamahiru film aukeratu dira, eta horietatik erdiak lotura dauka aurreko edizioetako Donostia Zinemaldiarekin: lauk Donostiako Zinema Eraikitzen 28 sailean parte hartu zuten (eta beste bat Toulouse 29an), beste batek Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, eta zuzendarietako baten film laburrak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan saria irabazi zuen iaz.
Brasil, Frantzia eta Espainia arteko Era o Hotel Cambridge koprodukzioak, Eliane Cafféren (Sao Paulo, 1961) zuzendaritzapean, errefuxiatu talde baten istorioa kontatzen du; etxerik gabeko immigrante batzuekin batera, bertan behera utzitako eraikin bat okupatuko dute Sao Paulon. Filmak Industria Saria irabazi zuen iaz Donostiako Zinema Eraikitzen sailean.
Sailaren helburua da postprodukzio fasean dauden filmak amaitzeko bultzada ematea. Sail honetantxe parte hartu zuen, halaber, Alejandro Fernández Almendrasen laugarren film luzeak: Aquí no ha pasado nada. Gazte bakarti eta ausart bat du protagonista, auto-harrapaketa batean susmagarri nagusi bihurtuko dena. Filma Sundanceko zinema-jaialdian estreinatu zuten, eta FIPRESCI saria irabazi zuen Indietako Cartagenako zinema-jaialdian. Fernández Almendrasen lehen filma, Huacho (2009), Canneseko Kritikaren Astean estreinatu zen; ondoren, Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen. Bigarren filmarekin, Sentados frente al fuego (2011), Zinema Eraikitzen sailaren 21. edizioan parte hartu zuen; horrez gain, Kutxa-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatu zen. Hirugarren lana, Matar a un hombre, Zinema Eraikitzen sailaren 24. edizioan eta Horizontes Latinos sailean izan zen lehenbizi; ondoren, Epaimahaiaren Sari Nagusia eman zioten Sundancen eta Goya eta Oscar sarietan Txile ordezkatzeko aukeratu zuten. Txiletar zinemagileak V. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartuko du aurten, bere lan berriarekin: Una periodista.
El Amparo ere 2015eko Zinema Eraikitzen saileko aukeraketaren parte izan zen, Sobrevivientes izenburupean. Filmaren zuzendariaren, Rober Calzadilla aktore eta gidoilariaren bigarren lana da, El país de abril (2013) eta gero. El Amparo Venezuela eta Kolonbia arteko mugan kokatzen da; han, eraso batetik onik aterako diren bi gizoni gerrillari izatea leporatuko die Armadak.
Pepa San Martínek, film laburrak egiten ibilbide saritua izan ondoren, bere lehen film luzea dakar: Rara. Zinema Eraikitzen sailaren zigilua du istorio honek ere. Txileko epaile baten kasua du oinarri: bere alaben zaintza kendu zioten bere orientazio sexuala zela-eta. Istorioa Sararen, hamahiru urteko alaba nagusiaren, ikuspuntutik kontatzen da. Filma Berlinalen aurkeztu zen eta familia baten istorioa kontatzen du, abokatu, auzitegi, kereila, auzi-jartzaile eta biktimen artean.
El cristo ciego filmak Zinema Eraikitzen 29 sailean parte hartu zuen, Toulouseko edizioan, ordea. Christopher Murray-ren (Txileko Santiago, 1985) bigarren film luzea da, eta Venezian lehiatuko da ondoren. Filmeko protagonistak ziurtatuko du Jainkoaren errebelazio bat bizi izan duela, eta erromes joatea erabakiko du, mirakulu bat egiteko: istripu bat izan duen txikitako laguna salbatzea.
La idea de un lago (lehenago, Pozo de Aire) Milagros Mumenthaler-en (La Falda, Córdoba, Argentina, 1977) bigarren fikzio-film luzea da. Lehenengoak (Abrir puertas y ventanas, 2011) film onenaren saria irabazi zuen Locarnon eta FIPRESCI saria lortu zuen Argentinan, besteak beste. La idea de un lago Argentina, Suitza eta Qatar-en arteko koprodukzio bat da. 2013an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Forotik igaro ostean, Suitzako jaialdiaren sail ofizialean izan da. Argazkilari baten istorioa kontatzen du; album bat prestatzeko lanek bere iragana esploratzera eramango dute.
Kiro Russoren Nueva vida film laburrak lehen saria irabazi zuen iaz Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan. Bere lehen film luzeak, Viejo Calavera-k, Aipamen Berezi bat jaso berri du Locarnon Cineasti del Presente Sailean. Russo, gainera, Ikusmira Berriak programan parte hartzen ari da gaur egun. Ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Zinemaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sustatua, Euskal Filmotekaren eta Donostia Kulturaren lankidetzarekin.
Film laburretan ibilbide nabarmena izan ostean, Ana Cristina Barragán (Ekuador, 1987) zuzendari eta gidoilariak ere bere lehen film luzea dakar: Alba. Hamaika urteko neskato bat da protagonista; amaren gaixotasuna dela-eta, apenas ezagutzen duen aitarekin bizitzera joan beharko du. Albak Lions saria irabazi zuen Rotterdamen.
Heli filmarekin Canneseko zuzendari onenaren saria irabazi ondoren, Amat Escalantek Veneziako lehiaketa ofizialean estreinatuko du bere laugarren film luzea. La región salvaje filmak meteorito batekin, krisian den bikote gazte batekin eta emakume misteriotsu batekin jolasten du. Filmaren argazki-zuzendaria, Manuel Alberto Claro, Lars von Trier daniar zinemagilearen azken filmetan aritu da lanean: Melancholia, Nymphomaniac. Volumen 1 eta Nymphomaniac. Volumen 2. La región salvaje Horizontes Latinos sailerako aukeratzen den Escalanteren hirugarren filma da, Sangre eta Heli ondoren. Heli filma, hain zuzen, aurtengo atzera begirako tematikoaren parte izango da: Zinema eta indarkeria globala. The Act of Killing.
Carlos Lechuga gidoilari eta zuzendariak Melazarekin egin zuen debuta. Rotterdamen estreinatua, hainbat sari jaso ditu: besteren artean, film onenaren saria Malagako 2013ko zinema-jaialdian. Santa y Andrés filmean, 60 urteko idazle homosexual baten bizitza kontatuko digu, hiru egunez, Kubako gobernuaren aginduz 30 urteko baserritar baten zaintzapean den bitartean.
Juan Andrés Arangoren filmean espainolez, frantsesez, ingelesez, tagaloz eta mazahueraz hitz egiten dute hiru neraberen istorioa kontatzeko: testuinguru desberdinetan bizi dira, baina dolu sentimendu bera eta hark ez kontsumitzeko premia partekatzen dute. X Quinientos bigarren filma du, La Playa D.C. (2012) ondoren, eta 2014ko Koprodukzio Foroan parte hartu zuen harekin.
Horizontes Latinos saileko aukeraketaren barruan, bi filmek izan dute herrialde bakar baten esku-hartzea, Argentinakoak bi-biak. El rey del once Daniel Burmanek zuzendutako hamabigarren film luzea da. Bere lan-ibilbidean Berlinaleko Zilarrezko Hartza, Seminci-ko FIPRESCI saria eta Veneziako Robert Bresson sariak irabazi ditu, besteak beste. El nido vacío (2008) filmak, Donostiako Sail Ofizialean lehiatu, eta bi sari lortu zituen: aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (Oscar Martínez) eta argazki onenaren saria. El abrazo partido (Made in Spain, 2004) filmaren egileak iragana atzean uzteko ezintasunari buruzko endredo- eta enkontru-komedia bat zuzendu du. Berlinaleko Panorama Special sailean estreinatu zen, eta Epaimahaiaren Saria lortu zuen Tribecan.
Bestalde, Francisco Márquez (Buenos Aires, 1981), Imágenes para antes de la guerra film laburraren egilea, eta Andrea Testa (Buenos Aires, 1987), Un Dos Tres film laburraren egilea, La larga noche de Francisco Sanctis lanarekin estreinatu dira film luzeen alorrean, ENERCen (Zinematografiako Esperimentazio eta Zuzendaritzaren Eskola Nazionala, Argentinako hiriburuan) elkar ezagutu ondoren. Canneseko Un Certain Regard sailean aurkeztua, errutinazko eta familiako bizitza bat bizi duen bulegari bat du ardatzean: erabaki beharko du ea tartean nahastuko den, Armadak, diktaduraren aginduei jarraikiz, bahituko dituen bi ezezagun salbatzeko.
Saileko film guztiek daukate Horizontes saria lortzeko aukera: 35.000 euroz hornitutako sari bat, zuzendariak eta Espainiako banatzaileak jasoko dutena. Orobat, zuzendariaren lehen edo bigarren lana badira, Gazteriaren EROSKI Saria lortzeko aukera izango dute Horizontes Latinos saileko filmek. Saria 300 ikasle gaztez osatutako epaimahai batek esleituko du.
Albak, 11 urteko neska batek, bere aita Igorrekin bizitzera joan beharko du, gaixo baitu ama. Igor gizon bakarti bat da: familiarengandik banandu ostean etxe txiki batean itxi zen. Albarentzat ia jasanezina izango da elkarbizitza. Aitak Albarengana hurbiltzeko egingo dituen ahaleginak, lotsa, lehen musua eta eskolako bullyinga: estimulu horiek guztiek markatuko dute Albak nerabezarora arte eta bere burua onartzera arte egingo duen bidea.
Vicente gazte arduragabe eta bakartia bere gurasoen hondartza-etxera itzuliko da, urtebete Los Ángelesen ikasten eman ondoren. Baina parranda-gau batek betiko aldatuko dio bizitza, bertako arrantzale bat autoarekin harrapatzea leporatu, eta susmagarri nagusitzat hartuko baitute. Vicente mozkorra zegoen eta lausotuta ditu oroitzapenak. Bai, autoan zihoan, baina zinez dio gidaria ez zela bera. Eta are okerrago: gogoratzen duenez, politikari boteretsu baten semea zihoan gidatzen.
Venezuela eta Kolonbiaren arteko mugan, 80ko hamarkada amaieran, bi gizon onik aterako dira Arauca ibaiaren inguruetan gertatutako eraso armatu batetik; bertan hilko dizkiete hamalau kide, ordea. Armadak gerrillari izatea leporatuko die; larderiaz, haiek zeldatik ateratzen saiatuko dira, han daude-eta gordeta, poliziaren eta herriko jendearen babespean. Herritarrek ahaleginak egingo dituzte ez ditzaten eraman, eta haiek arrantzale hutsak direla esango dute, baina handia da bertsio ofizialari men egiteko presioa.
Michael (30) mekanikariak kontatzen du Jainkoaren errebelazio bat bizi izan duela desertuan. Baina bere herrikoek ez diote ezertxo ere sinetsiko, eta zorotzat hartuko dute. Arratsalde batean, txikitako lagun batek urruneko herri batean istripua izan duela jakingo du. Michaelek guztia bertan behera utzi eta oinutsik lagunaren bila abiatzea erabakiko du, hura mirakulu baten bidez sendatzeko. Haren ibilerek atentzioa emango diete meategietan esplotatutako eta drogetan eroritako pertsonei; Txileko basamortuko errealitate gorria arintzeko gauza den Kristo bat bezala ikusiko dute.
Arielek uste du atzean utzi duela bere iragana, New Yorken ekonomista gisa bizitza berri eta arrakastatsua eraiki ostean. Haren aitaren bzitzako misioa Once auzoan judu-fundazio bat zuzentzea da; hark Ariel deitzen duenean, Buenos Airesera itzuliko da. Han Eva ezagutuko du, fundazioan diharduen emakume mutu bat, jakin-mina piztuko diona. Juduen Purim jaialdiarekin batera gertatuko da bisita, eta ospakizunak endredozko eta enkontruzko komedia baten azpidoinua jarriko du, eta gogoetari bide emango, gure iragana atzean uztea beti posible ez den ildoan.
Era o Hotel Cambridge filmak Brasilera iritsi berri diren errefuxiatu batzuen istorioa kontatzen du. Baliabide gutxiko langile talde batekin batera, bertan behera utzitako eraikin bat okupatuko dute São Pauloko erdigunean. Eguneroko bizitzako dramak, egoera komikoak eta munduari buruzko bestelako ikuspuntuak gertatzear den kaleratzearen mehatxuarekin nahasiko dira.
Inés argazkilaria da lanbidez eta bere semea jaio baino lehen bukatu nahi du bere liburu berria. Oroimenak, oroitzapenek eta argazki-lan horrek behin eta berriz eramango gaituzte leku berera: familiaren etxea, Argentina hegoaldean. Espazio horrek Inésen bizitza markatu, eta urteen joanarekin haren nortasuna eratu zuen. Espazio horretan ateratakoa da Inések bere aitarekin duen argazki bakarra, apenas bi urte zituela. Argazki hori atera eta hilabete batzuetara, Inésen aita desagertu zen, diktadura militarraren biktima.
Buenos Aires, 1977. Franciscok, bere emaztearekin eta bi umeekin bizimodu lasaia daraman bulegari batek, diktadurako soldaduek bi pertsona bahitzear daudela jakingo du aspaldiko lagun baten bidez. Orain, erabaki beharko du ea bere bizitza arriskatuko duen bi ezezagunena salbatzeko.
Sexua eta maitasuna hauskorrak izan daitezke lurralde jakin batzuetan, non oraindik badiren familia-balio indartsuak, zurikeria, homofobia eta matxismoa. Emakume gazte misteriotsu bat ziur da naturaz gaindiko zerbait bere arazo guztien erantzuna izan litekeela...Sangre (2005), Los bastardos (2008) eta Heli (Cannes 2013 - zuzendari onena) filmeen zuzendariaren lan berri eta probokatzailea.
Gurasoak banandu zirenetik, amarekin bizi dira Sara eta haren ahizpa txikia. Amaren bikotekide berria emakume bat da. Lauen eguneroko bizitza beste edozein familiaren antzekoa da oso, baina mundu guztiak ez du hala ikusten. Zehazki, aitak bere zalantzak ditu.
Kuba, 1983. Santa baserritar bakartia Andrés zaintzera bidaliko dute. Andrés idazle gay bat da, eta Iraultzari ez zaio "fidagarria" iruditzen. Pixkanaka, bi pertsona ustez erabat desberdin horiek konturatuko dira garrantzitsuagoak direla biak batzen dituzten gauzak, biak banantzen dituztenak baino.
Elder Mamaniren aita hil egin da eta badirudi hari ez zaiola inporta. Zurrutean jarraitzen du, karaoke eta kaleetan, eta arazoetan sartzen. Baina inork ez du nahi arduratu hartaz. Aukera bakarra geratuko zaio: aita ordezkatzea meatze alu horretan.
María Manilatik Montrealera iritsiko da, amonarekin bizitzera, eta ahaleginak egingo ditu giro berrira moldatzeko. Alex gazte afrokolonbiarra Estatu Batuetatik deportatuko dute; itzultzean, bere auzo zaharra kriminalek hartu dutela aurkituko du. David bere herritik joango da aitaren heriotzaren ostean, Mexiko Hirian etorkizun hobea bilatzera. X500 filmak hiru nerabe horien bizitzari jarraitzen die, Amerikako hiri desberdinetan oinaze, migrazio eta eraldaketa bide berbera egiten duten bitartean.