Urteko proposamen zinematografiko harrigarrienen sailak, Zabaltegi-Tabakalerak, 24 film hartuko ditu barne 64. Donostia Zinemaldian. Lehiaketako lehen urtean, Zabaltegi-Tabakalerak zuzendari hauen lanak gehitu dizkie jada uztailean jakinarazitako filmei: Pablo Álvarez, Bertrand Bonello, Aaron Brookner, Paz Encina, Chema García Ibarra, Felipe Guerrero, Jeff Nichols, Marilia Rocha, João Pedro Rodrigues, Thorsten Schütte, Todd Solondz, Ivan I. Tverdovsky eta Jia Zhang-ke.
Take Shelter. Mud eta Loving filmen zuzendariak, Jeff Nicholsek (Little Rock, Arkansas, 1978) Midnigt Special idatzi eta zuzendu du; naturaz gaindiko thriller bat, zientzia-fikzio eta road movie arteko bidegurutzean. Filma Berlinalen estreinatu zen, eta aita bati eta haren zortzi urteko haurrari jarraitzen die, Gobernu Federaletik ihes ari direla, haurrak botere bereziak dituela aurkitu ostean segika baitituzte.
Todd Solondz gidoilari eta zuzendari estatubatuarrak (Newark, New Jersey, 1959), zinema independenteko erreferentziak, Wiener Dog komedia dramatikoa aurkeztuko du. Sundance jaialdian estreinatua, lau istoriok osatzen dute filma. Keaton Nigel Cooke, Tracy Letts, Julie Delpy, Danny DeVito, Kieran Culkin, Greta Gerwig eta Zosia Mamet dira protagonistak. Solondz, besteak beste Welcome to the Dollhouse filmaren egilea, Cannesen, Berlinen eta Venezian saritu dute. Aurten berriz izango da Zabaltegin, 1998an eta Happiness eta 2001ean Storytelling aurkeztu ostean.
João Pedro Rodrigues (Lisboa, 1966) Biologia ikasten hasi zen, ornitologo izateko asmoz, baina azkenean bertan behera utzi zituen ikasketak, arreta osoa zinemari emateko. O Ornitólogo / L’ornithologue filma bosgarren film luzea du. Locarnoko lehiaketa ofizialean sartu da, aurreko filmekin Canneseko Un Certain Regard sailean eta Veneziako zinema-jaialdian lehiatu eta gero. Hain zuzen, ornitologo bakarti bati buruzkoa da filma; galzoriko zikoina beltzen bila ari dela ibaiak herrestan eramango du, eta muturreko egoerei aurre egitera behartuko duen baso misteriotsu batean murgilduta amaituko du.
Aaron Brookner-ek (New York, 1981), The Silver Goat film luzearen egileak (iPad-ean erakusteko eginiko lehen filma), bere osabaren figura dakar Uncle Howard filmean: Howard Brookner, zeinak New York hiriko 80ko hamarkadako kultur iraultza islatu baitzuen Burroughs: The Movie filman,garai aurretik hil baino lehen.
Marilia Rochak (Belo Horizonte, Brasil, 1978) fikzioan egindako lehen saioa A cidade onde envelheço / Where I Grow Old filma da, iaz Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean parte hartzeko hautatua eta Rotterdamen estreinatua. Brasilgo hiri batean berriz elkar aurkitzen duten Portugaleko bi lagunei buruzko film bat da; antza denez, bizitzan egoteko bi modu desberdin dituzte.
Harez gain, Felipe Guerrerok (Kolonbia, 1975) ere fikziozko lehen lana ekarriko du, nazioartean ibilbide indartsua egin duten Paraíso (2006) eta Corta (2012) dokumentalen ondoren. Oscuro animal filmean, gatazka armatutik ihes egin nahian oihanetik Bogotára joango diren hiru emakumeren istorioa kontatzen du. Rotterdamen estreinatua, FIPRESCI Saria irabazi zuen T-Mobile New Horizons IFF zinema-jaialdian, baita kategoria hauetako sariak Guadalajarako zinema-jaialdian ere: Iberoamerikako film onena, zuzendaritza onena, emakumezko aktore onena (hiru protagonistek partekatua) eta argazkilaritza onena.
Paz Encinaren (Asunción, 1971) lehen film luzeak, Hamaca paraguaya-k, prestigio handiko sari ugari lortu zituen; besteak beste, FIPRESCI saria Canneseko zinema-jaialdian. Bere bigarren film luzea, Ejercicios de memoria, munduko estreinaldia izango da Zabaltegi-Tabakalera sailan. Bertan, Alfredo Stroessner-en diktaduraren aurkari saiatuenaren figura aztertzen du: Agustín Goiburú, 1977an Cóndor operazioaren barruan eraila. Ejercicios de memoria haren hiru seme-alaben oroitzapenetan barrentzen da, Latinoamerikako diktadura luzeenetako baten testuinguru politikoa birsortzeko asmoz.
Bestalde, Corrections Class filmarekin hogeita hamar bat sari irabazi ostean, Ivan I. Tverdovsky (Shelkowo, Rusia, 1961) bere bigarren film luzea aurkeztuko du: Zoologiya / Zoology. Abiapuntua buztana ateratzen zaion emakume bat da; isatsak bizitza aldatuko dio. Filma Epaimahaiaren Sari Bereziarekin saritu zuten Karlovy Varyn.
Eat That Question: Frank Zappa in His Own Words dokumentala Baltimoreko musikariaren bizitzaren eta obraren gaineko begirada intimo bat da. Thorsten Schütte norvegiar zuzendariak egin du; hots, Ich, der King of Porn - Das abenteuerliche Leben des Lasse Braun eta Namibia Generation X dokumentalen egileak.
Pablo Álvarezek (Santiago, Txile, 1975) 2014ko Zinema Ikasleen Topaketan parte hartu zuen, eta haren proiektua Ikusmira Berriak ikus-entzunezko egoitzan parte hartzeko aukeratu zuten. Nazioarteko jaialdietan parte hartu duten hainbat film labur egin ditu; besteak beste, Los resentidos fikzioa. Álvarezek 25 minutuko pieza bat aurkeztuko du: irudizko collage bat, Txileko Santiagoko hirigunea gauez, eta gizon bakarti eta misteriotsu baten arrasto lausoa.
Zabaltegi-Tabakalerak berean hartuko du Chema García Ibarra (Elche, Espainia, 1975) zuzendariaren La disco resplandece film laburraren proiekzioa ere. Bere aurreko lanak Cannesen Errealizadoreen Hamabostaldian, Sundancen eta Berlinen hautatuak izan dira. In the Same Garden filmaren zati bat da: turkiar eta armeniarren arteko harremanei heltzen dien talde-film bat, datorren astelehenean Sarajevoko zinema-jaialdian estreinatuko dena.
Jia Zhang-ke (Shanxi, 1970) txinatar zinemagile garrantzitsuenetakoa da: Venezian Urrezko Lehoia irabazi zuen Still Life (2006) filmarekin, eta Cannesen gidoi onenaren saria A Touch of Sin (2013) filmarekin. Zabaltegin, The Hedonists film laburra aurkeztuko du. Zhang-ke zuzendari, idazle eta zinemagile gazteen filmen ekoizleak Shanxiko meatzari langabe batzuek lan bila egin beharreko periplo dramatikoa irudikatzen du.
Bertrand Bonello (Niza, 1968) Sail Ofizialean lehiatuko da ikusmin handia sortu duen Nocturama filmarekin. Bere lan-ibilbidean film luze eta laburrak txandakatzen ditu. Zabaltegi-Tabakaleran Sarah Winchester, opéra fantôme proiektatuko du, saiakera historikoaren eta mamu-istorioen arteko hibrido bat, FID Marseillen estreinatua. Bonellok musika ere konposatu du.
Mamuz beteta dago, halaber, Koldo Almandozen (Donostia, 1973) lehen film luzea. Rotterdamen estreinatua, Sipo Phantasma (Barco fantasma) naufragioei, banpiroei, amodioei eta zinemari buruzko kontakizuna da. Beste bi euskal produkzio izango dira sail honetan: Mikel Ruedaren Caminan eta Las chicas de Pasaik bikotearen (María Elorza eta Maider Fernandez Iriarte) Gure hormek / Our Walls (Nuestras paredes) Kimuak-eko film laburrak.
Jakinarazitako filmak Zabaltegi-Tabakalera saila osatzera datoz; horiez gain, sailean lehiatuko dira Bertrand Tavernierren filma, zikloa inauguratuko duena, eta Terence Davies, Lav Diaz, Jim Jarmusch, Hayoun Kwon, Jean-François Laguionie, Deborah Stratman eta José Luis Torres Leivaren filmak ere.
Brasilen bizi den Francisca portugaldar gazteak bere etxean hartuko du Teresa, aspaldiko ezagun bat, zeinarekin harremana galduta baitzuen. Teresa non finkatu nahi den aurkitzen ari da; Francisca, aldiz, Lisboan zeukan bizitzara itzultzeko irrikitan da.
Musikari eta musikagile ikonoklastarekin topaketa intimoa. Argitaratu gabeko irudien bitartez, XX. mendeko jenio baten probokazioan parte hartuko du ikusleak; haren mundu-ikuskerak gaur egungoa izaten jarraitzen du oraindik.
Paraguaik Latinoamerikako diktadura luzeenetakoa jasan zuen 1954tik 1989ra bitartean. Agustín Goiburú izan zen Stroessner-en erregimenaren aurkari garrantzitsuena. Dokumental hau Goiburúren hiru seme-alaben oroitzapenen bitartez barneratzen da testuinguru politiko horretan.
Hein batean irudi-sinfonia, hein batean saiakera-filma, hein batean dokumental faltsua. Irudi multzo batek Santiagoko hirigunea deskribatuko du, gauez, bertan ez den pertsonaia anonimo baten bidean atzera eginez. Atzealdean, zenbait ahotsek pertsona hori deskribatzeko saioak egingo dituzte, loturarik gabeko eta, zatika, kontraesankorrak diren kontakizunen bitartez. Gizon baten berreraikitze lausoa da emaitza. Txileko gizartearen sakonenean errotutako klasegabetze eta goranahia hezurmamitzen duen arrotz bat. Besteen gain boterea eragiteko nahi bizia, indarkeria forma desberdinetan ageri dena.
Apirileko larunbat bat. Eguraldi ona. Ilunabarra sartu ahala, handituz doa mendiaren itzala. Bost gazte gaua prestatzen ari dira: alkohola, musika eta autoa dituzte. Berdin dio diskotekak urteak eramatea itxita.
Erlijio-estremistengandik eta Poliziarengandik ihes egiteko lasterketa baten moduan hasiko dena, laster bihurtuko da nazio mailako jazarpen bat, non gobernu federalaren maila gorenenak egongo baitira nahastuta. Roy aita da eta guztia arriskatuko du, etsi-etsian, bere zortzi urteko semea, Alton, babesteko eta mundua betirako alda lezakeen patu bat betearazten laguntzeko. Film honek desafio egiten die genero zinematografikoei, eta aldi berean da gizakiaz gaindikoa eta barru-barrukoa.
Fernando ornitologo bakartia galzoriko zikoina beltzen bila ari dela, Portugal iparraldeko ibai urrun batean, ur-lasterrek eramango dute. Txinar erromes pare batek salbatuko du, Santiago de Compostelarako bidean doazela. Bere bidea berriz aurkitu nahian, baso ilun eta kezkagarri batean sartuko da Fernando. Baina aurkitu, oztopo harrigarri eta ustekabekoak aurkituko ditu, baita bera neurtuko eta mugara eramango duen jendea ere. Arian-arian, bestelako gizon bat bihurtuko da: inspiratua, polifazetikoa eta, azkenik, goiargiduna.
Oscuro animal filmak oihanetik hirirako bidaia baten istorioa kontatzen du. Hiru emakumek Kolonbiako landa-eremuetako gerraren jazarpenetik ihes egin behar dute; nork bere aldetik, baretasuna bilatzeko bidaiari ekingo diote. Behin Bogotára iritsitakoan, arnasaldi bat hartuko dute beren bizitza desbideratuen norabide berriari aurre egiteko.
Existitzen ez den opera-ballet bat. Bastillako Operan jotzen eta Garnier Operan dantzatzen den pieza fantasmagorikoa. Bi eszenen arteko lotura ia mistikoa. Musikari bat soinu-probetan dabil Bastillako zulogunean. Abesbatzak bere lekua hartuko du entseguetarako estudioan. Bi aldeotan, ahal bezain beste doituko dute opera ballet baten aribideko lana: Sarah Winchester, haren atsekabea, eromena, etxea eta mamuak.
Shanxiko ikatz-meatzari batzuei buruzko drama liluragarria: langabe daude, eta lan bila.
Howard Brookneren lehen filmak (Burroughs: The Movie) 80ko hamarkadan New Yorkeko hirigunean izandako iraultza kulturala irudikatu zuen. Orain, haren iloba Aaronek bidaia pertsonal bati ekingo dio, Howarden ondare zinematografikoa eta hura izan zen guztiaren oroitzapena argitara ateratzeko.
Wiener-Dog filmak kontatzen dituen istorioetan, saltxitxa-txakur batek hainbat pertsonaiaren bizitzak inspiratu eta aldaraziko ditu. Izan ere, txakurrak kontsolamendu eta poztasun halako bat sorrarazten du bere inguruan. Gizakiaren lagunik onenak bizitzari buruzko ikasgai bihurritsu zenbait emango dizkio, lehenik, mutiko bati. Ondoren, Dawn Wiener izeneko albaitari errukitsu baten eskuetara iritsiko da. Dawn iraganeko norbaitekin elkartuko da berriro; errepidea hartuta, bidaia bati ekingo dio eta bidean mariatxi deprimitu batzuk hartuko ditu autoan. Wiener-Dog-ek noraezean dabilen zinema-zuzendari batekin egingo du topo orduan, baita atso mingostu batekin eta haren iloba mainatiarekin ere. Den-denak zerbaiten beharrean dira.
Natasha adin ertaineko emakume bat da, zoo bateko langilea, eta amarekin bizi da oraindik kostaldeko herrixka batean. Trabatuta dago eta badirudi bizitzak ez duela sorpresarik gordeta harentzat, harik eta egun batean... buztana haziko eta bizitza errotik aldatuko zaion arte.