Jaeger-LeCoultre harro dago Donostia Zinemaldia elkarren segidako bosgarren urtez babesteaz. Aurten, La Grande Maisonek presentzia handiagoa izango du aipatutako jaialdian, Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria emango baitu, Latinoamerikako zinemako pertsona gailen bati zuzenduta.
Lehenengo edizio honetan, Gael García Bernal aktore, zuzendari eta zinema-ekoizleak jasoko du saria. Pablo Larraínen Neruda filmaren aurkezpen-galan emango da saria, García Bernal protagonistetako bat baita. Filmak Zinemaldiko Perlak sailean parte hartuko du.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosen hitzetan, “sari honen sorrerak Zinemaldiaren eta mundu latinoaren arteko harremanean mugarri berri bat ezarriko du, hango zinematografiarekiko loturak are gehiago estutuko ditu eta gure zinemagileen lanari balioa emango dio”.
Gael García Bernalek datorren irailaren 17an jasoko du Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den galan. Jaeger-LeCoultreren nazioarteko komunikazio-zuzendari Laurent Vinayren eskutik jasoko du saria.
Gael García Bernal Zinemaldira etortzen den hirugarren aldia izango da. Aurretik, Amores perros bere estreinako filmarekin etorri zen -2000n Zabaltegin aukeratu zen- eta hurrengo urtean berriro, bere bi film aurkeztera: Alfonso Cuarónen Y tu mamá también -Veneziatik igaro ondoren Made in Spanish sailaren klausuran eman zen- eta Fito Páezen Vidas privadas -Zabaltegin Zuzendari Berriak sarirako lehiatu zen-.
Sormenezko ikuspegi bat. Bikaintasun teknikoaren eta sentsibilitate artistikoaren arteko nahasketa perfektu bat. Goi-mailako erlojugintzaren eta zinemaren munduaren artean antzekotasun asko daude. Dela eskulangintza-tailerretan dela eszenaren atzean film bat egiterakoan, artisau eta artistak irrika berak eta sormenerako bulkada berak elkartzen ditu: segundo bakoitzak betierekotasun une bat jasoko duela ziurtatzeko nahiak. Horixe bera da Jaeger-LeCoultrek duela 10 urtetik zazpigarren artearen sustapenean aktiboki parte hartzearen arrazoia. Marka honek zuzendariei babes nabarmena ematen die, Veneziako zinema-jaialdian azken hamar urteetan eman duen Glory to the Filmmaker sariaren bitartez. 2013an, gainera, Jaeger-LeCoultre zinema-komunitatea eta zinemagile belaunaldi berria babesten hasi zen, Lincoln Centerreko Film Society erakundearekin batera Filmmaker in Residence programa sortuta. Shanghaiko zinema-jaialdiarekin duen loturaren bitartez, Jaeger-LeCoultre Txinako film historikoak zaharberritzen ari da; zeregin zehatz, arretatsu eta liluragarria berau, erlojugintzaren artea bezala. Halaber, Jaeger-LeCoultreren enbaxadore Carmen Chaplini A time for everything izeneko film laburra ekoizteko babesa ematen ari zaio marka hau.
Aktorea, zuzendaria, produktorea - Mexiko
Gael García Bernal gaur egungo aktore garrantzitsuenetako bat da, eta jaso berriak ditu kritikaren txaloak eta Urrezko Globo bat, komedia-kategorian, Mozart in the Jungle telesailean egindako rolagatik. Amazon etxearen web-telesail arrakastatsuak, gainera, telebista-komedia onenaren Urrezko Globoa jaso du.
Txikitatik aktore aritu zen Mexikon, eta Alejandro González Iñárrituren Amores Perros film luzean egin zuen debuta. Film hori Oscar® sarietarako hautagai izan zen, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean hautatu zuten 2000an. Lan bikaina egin zuen filmean –aho batez txalotu zuten–, eta Zilarrezko Ariel saria lortu zuen (Oscar sarien Mexikoko baliokidea), bai eta Zilarrezko Hugo saria ere, Chicagoko nazioarteko zinema-jaialdian.
Hurrengo lanak mundu osoan ekarri zion arrakasta: Y tu mamá también filmak, Oscar® sarietarako hautatua hura ere. Alfonso Cuarón egileak zuzendu zuen filma, eta Diego Luna lagun minarekin batera aritu zen. Bi lagunek Marcello Mastroianni saria lortu zuten Veneziako zinema-jaialdian. Film hark amaitu zuen Donostia Zinemaldiko Made in Spanish saila 2001ean. 2008an, berriro egin zuen lan Lunarekin batera Rudo y cursi filmean.
Ondoren, Carlos Carreraren El crimen del padre Amaro drama erromantikoaren protagonista izan zen. Oscar® sarietarako hautagai izan zen filma, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen 2002an. Lan horrengatik, Mexikoko zinema-kazetarien aktore onenaren Zilarrezko Jainkosa saria eskuratu zuen, eta, horrez gain, etorkizun handieneko aktore izendatu zuen Chicagoko zinema-kritikarien elkarteak.
2004az geroztik, film garrantzitsuetan parte hartu du Gael García Bernalek: Walter Sellesen Diarios de motocicleta (Motozikleta gaineko egunkariak) filmean, Donostia Zinemaldiko Perlak sailean hautatuan; Pedro Almodóvarren La mala educación filmean, Made in Spain sailean emandakoan, eta Alejandro González Iñárrituren Babel filmean, Perlak sailean emandakoan.
Diarios de motocicleta filmagatik, BAFTA sarietarako izendatu zuten, bai eta gizonezko aktore onenaren Satellite sarietarako ere 2005ean.
2006an, berriro izendatu zuten BAFTA sarietarako, kasu honetan Rising Star kategorian –antzezpenaren eremuko talentu berriak errekonozitzen ditu–.
Aktore aritzeaz gain, zuzendari eta ekoizle ere aritu da Gael García Bernal. Film laburrak egin zituen Amnesty Internationalekin lankidetzan, eta, ondoren, lehen film luzea zuzendu zuen: Déficit (2007). Gainera, Canana ekoizpen-etxea sortu zuen Diego Luna lagun minarekin eta Pablo Cruz ekoizlearekin batera. Ambulante dokumental-jaialdia antolatzen dute elkarrekin.
2009an, Limits of Control filmean parte hartu zuen, Tilda Swinton-ekin batera eta Jim Jarmusch-ek zuzenduta –Perlak sailerako hautatu zuten–, bai eta Mammoth filmean ere, Michelle Williams-ekin eta Lukas Moodysson-ek zuzenduta. 2010ean, Icíar Bollaínen También la lluvia filmean parte hartu zuen, bai eta Letters to Juliet pelikulan ere, Amanda Seyfried-ekin batera. Casa de mi Padre filmean ere aritu zen, Will Ferrell eta Diego Lunarekin batera; gerora, A Little Bit of Heaven filmean ere bai, Kate Hudson eta Kathy Bates-ekin. Halaber, rol nagusia izan zuen Pablo Larraínek zuzendutako No filmean. Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen filma, Donostia Zinemaldian izan zen Perlak sailean, eta Los Ángelesen eta New Yorken 2013an estreinatu zen. Urte horretan bertan, 2013an, orobat, ¿Quién es Dayani Cristal? filmeko protagonista izen zen. Sundance jaialdian estreinatu zen, eta Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean eman zuten. Hona hemen beste lan batzuk: Fernando Meirelles zuzendariaren Blindness, eta Michel Gondry-k idatzi eta zuzendutako La science des rêves.
Orain dela gutxi, Jon Stewart-en (Rosewater) eta Pablo Fendriken (El ardor) pelikuletan parte hartu du. Laster ikusi ahalko dugu berriro, zehazki, Desierto lanean. Urriaren 16an estreinatuko da. Jonas Cuarónek zuzendu du filma, eta Toronton estreinatu zen 2015ean. Bere hurrengo filma, Neruda, aurten Cannesen estreinatua, neguan kaleratuko da, baina, lehenago, Donostia Zinemaldian ikusi ahalko da, Perlak sailean. Zoom eta Eva no duerme filmetan ere parte hartu du. Bigarren hori Toronton eta Donostian estreinatu zen, eta Sail Ofizialean lehiatu zen Donostia Zinemaldian. Horrez gain, Me estás matando, Susana lanean ere parte hartu du; irailean estreinatu zen Mexikon. Madly-ren hamabost minutuko sei istorioetako bat idatzi eta zuzendu berri du. Sei film laburren nazioarteko antologia horrek amodioa arakatzen du, aldagai guztietan, eta Tribecan estreinatu zen. Gainera, abenduan estreinatuko da Amazonen Mozart in the Jungle komedia arrakastatsuaren hirugarren denboraldia.