"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiko azken edizioan aurkeztutako sei pelikulak hamabi sari lortu dituzte Iberoamerikako Zinemaren Platino Sarietako hirugarren edizioko hamahiru kategorietan. Sari-ematea igande gauean izan zen, Punta del Esten (Uruguai).
Kolonbiako El abrazo de la serpiente, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu ondoren Horizontes Latinos sailerako aukeratua, gaueko protagonista izan zen, zortzi sarietarako hautagaia izanik horietatik zazpi lortu baitzituen: film onenarena, zuzendaritza onenarena (Ciro Guerra), jatorrizko musika onenarena (Nascuy Linares), arte-zuzendaritza onenarena (Angélica Perea), argazki-zuzendaritza onenarena (David Gallego), muntaketa-zuzendaritza onenarena (Etienne Boussac eta Cristina Gallego) eta soinu-zuzendaritza onenarena (Carlos García eta Marco Salavarría).
Donostiako 26. Zinema Eraikitzen sailean Zinemaren Industriaren Aipamen Berezia lortu zuen Ixcanul filmak (Berlinalen aurkeztu eta Horizontes Latinosen proiektatu zen), opera prima onenaren Camilo Vives Platino Saria jaso zuen. Sariak (Jayro Bustamante errealizadoreak jaso zuen) Guatemalako produkzioaren nazioarteko ibilbidea berresten du. Izan ere, zinema-jaialdi askotan egon da eta hainbat sari lortu ditu, adibidez: Alfred Bauer saria (zinemaren artean ikuspegi berriak irekitzen dituzten filmak omentzen ditu) eta Iberoamerikako film onenaren Publikoaren Platino Saria, besteak beste (azken hori sari-emate ekitaldiaren bezperan iragarri zen).
Horizontes Latinoserako aukeratutako beste hiru film kategoria garrantzitsuenetan saritu zituzten. El Club filmari (Berlinen Epaimahaiaren Sari Handiaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen) gidoi onenaren saria eman zioten; Pablo Larraín zuzendariak idatzi zuen, Guillermo Calderónekin eta Daniel Villalobosekin batera. Patricio Guzmánen El botón de nácar (Berlinalen gidoi onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen) film dokumental onena izendatu zuten. Paulina filmari (Cannesetik igaro ondoren Donostian Horizontes saria, EZAE Gazteriaren saria eta TVE-Beste Begirada saria jaso zituen) emakumezko aktore onenaren saria eman zioten, Dolores Fonzi protagonistaren interpretazioagatik.
Azkenik, Pablo Trapero errealizadorearen El Clan filmak (Veneziatik igaro ondoren Perlak sailean aurkeztu zen) gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen, Guillermo Francellaren lanagatik.
Sari-emate galaren gidariak Santiago Segura eta Adal Ramones izan ziren. Gala horretan, Ricardo Darin aktore argentinarrari (Zinemaldiko azken edizioan Zilarrezko Maskorra lortu zuen, Truman filmean jokatu zuen rolagatik), Ohorezko Saria eman zioten.