"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa antolatuko dute aurten ere. Deialdi honen helburua mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da. Hamabostgarren Topaketa honen lehen aukeraketan 38 herrialdetako, 112 eskolatako, 229 film laburrek parte hartu dute: AEB, Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Brasil, Costa Rica, Ekuador, Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Espainia, Frantzia, Georgia, Guatemala, Herbehereak, Hungaria, India, Iran, Israel, Italia, Kanada, Kolonbia, Kroazia, Kuba, Lituania, Malaysia, Mexiko, Norvegia, Polonia, Serbia, Singapur, Suitza, Txile, Txina, Uruguai eta Venezuela. Aurreko urteekin alderatuz kopuruak nabarmen igo dira: eskolen partaidetzak %25 egin du gora (2015ean 89 zeuden eta 2016an 112 izango dira) eta %18 laburmetrai gehiago aurkeztu dira (193tik 229ra).
Topaketa Tabakaleran izango da, irailaren 20tik 23ra. Aukeratutako film laburrak publikoari eta Zinemaldiaren gonbidatuei irekitako saioetan aurkeztuko dira.