Gaur aurkeztu da Zuzendari Berriak saila osatzen duen film sorta. Sail horren bitartez, zinema-jaialdi baten misiorik garrantzitsuenetako bat gauzatzen da: zinemagile berriak ezagutzea, hau da, zinema pentsatzeko, ulertzeko eta egiteko modu berriak ezagutzea. Donostia Zinemaldiaren zuzendariak, José Luis Rebordinosek, eta Kutxabankeko Gipuzkoako Sarearen zuzendariak, Ander Aizpuruak, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehiatuko diren mundu osoko zinemagileen lehen edo bigarren filmen izenburuak jakinarazi dituzte: hamalau film, guztira.
Alemanian, Argentinan, Belgikan, Txinan, Hego Korean, Espainian, Estatu Batuetan, Frantzian, Grezian, Israelen, Moldavian eta Portugalen ekoitzitako filmak dira. Pertsonen arteko harremanak eta helduarorako trantsizioa lantzen dute, besteak beste, eta beren herrialdeko gizartearen erretratu bat egiten dute, gazte talde baten begiradaren bitartez edo hiru emakume-belaunaldiren bitartez.
Zinemagileetatik bostek bigarren filma dute Zinemaldian aurkeztuko duten hau, eta sariak eta aitortzak jaso zituzten nazioarteko jaialdietan beren debutarekin. Horixe da Federico Godfrid-en kasua (Pinamar). Haren lehen film luzeak (La Tigra, Chaco), Juan Sasiaínekin batera zuzenduak, Argentinako filmik onenaren Fipresci saria irabazi zuen Mar de Platako zinema-jaialdian, eta epaimahaiaren Aipamen Berezia Karlovy Varyko zinema-jaialdiko Forum of Independents atalean. Peter Monsaert-en (Le ciel flamand) Offline lanak filmik onenaren saria irabazi zuen Amienseko zinema-jaialdian, besteak beste. Yu Liu-k (Yi bai wu shi sui de sheng huo / One Hundred and Fifty Years of Life), The Blinding Sunlight lanarekin parte hartu zuen Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean, epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Kairon eta gidoirik onenaren saria Pekinen. Gabe Klinger-ek (Porto) Double Play: James Benning and Richard Linklater dokumentala estreinatu zuen Venezian, baita dokumentalik onenaren saria irabazi ere. Jean-Gabriel Périot-ek (Lumières d’été (Natsu no hikari) / Summer Lights) Berlinaleko Panorama saila inauguratu zuen iaz Une jeunesse allemande / A German Youth filmarekin; film hura Zabaltegin ikusi zen, gainera.
Beren lehen film luzearekin lehiatuko direnek ere badute filmografia eta saririk film laburren arloan. Nely Reguerak -María (y los demás)- epaimahaiaren Aipamen Berezia irabazi zuen Pablo lanarekin Gijonen, baita SGAEren Film Laburren XI. Versión Española Iberoamerikar Lehiaketa ere. Morgan Simon-en (Compte tes blessures / A Taste of Ink) Essaie de mourir jeune / Try to Die Young film laburra César sarietarako izendatua izan zen, eta saritua Erroman, Ana-Felicia Scutelnicu-ren (Anişoara / Anishoara) Panihida film ertaina bezalaxe. Moroco Colman-en Fin de semana film laburra Canneseko Short Filmerako hautatu zuten, baita Donostiako 2010eko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarako ere. Hyun-ju Lee-ren (Yeon-ae-dam / Our Love Story) Ordinary Family film laburrak Asiana International Short Film Festival korear lehiaketako sari nagusia irabazi zuen. Deutsche Film-und Fernsehakademie Berlin-ek (DFFB) Alexandra Balteanu-ren (Vanatoare / Prowl) The man in the case film laburra ekoitzi zuen iaz. Maysaloun Hamoud-en (In between) Salma, Scent of Morning eta Shades of Light film laburrak mundu osoko zinema-jaialdietan eman zituzten. Eta Sofia Exarchou-k (Park) Karlovy Varyko jaialdiko Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen iaz orain Donostiara dakarren filmarekin.
Sail hau Zinemaldiak zinemaren munduko talentu berrien alde egiten duen apustuaren erakusgarri da, baita zinemagile parte-hartzaileen lanei ikusgarritasuna emateko plataforma bikaina ere. Zinemaldiko iazko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazi zuen filmaren kasuan bezalaxe: Le nouveau / The New Kid komedia nazioarteko beste zenbait jaialditan izan zen, hala nola Zagreben, Melbournen edo Lisboan (azken horretan Publikoaren saria irabazi zuen), eta Espainian estreinatu dute.
1976. urteaz geroztik, Zinemaldiak gune berezi bat eskaini die zuzendari berriei, eta 40 urte hauek abiapuntu garrantzitsua izan dira hainbat zinemagilerentzat, hala nola Pedro Almodóvar, Iván Zulueta, Olivier Assayas, Tsai Ming-liang, Danny Boyle, Walter Salles, Nicolas Winding Refn, Lee Daniels, Bong Joon-ho, Laurent Cantet eta Lucile Hadzihalilovic-entzat. Azken horren bigarren filmak, Evolution, esate baterako, epaimahaiaren Sari Berezia eta argazki onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen iaz Donostia Zinemaldian.
Kutxabank-Zuzendari Berriak saria nazioarteko epaimahai batek ematen du. 50.000 € dira, eta zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasotzen dituzte. Kutxabanakek Zuzendari Berriak sailari eskaintzen dion babesa finantza-erakundeak Donostia Zinemaldiari kolaboratzaile ofizial gisa beste urte batez eskaintzen dion babes zabalago baten parte da.
Sail honetako filmak Gazteriaren EROSKI saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.
Anişoara hamabost urteko neska bat da, Moldaviako herri txiki batekoa. Haran pintoresko batean dago herrixka, muino leunen artean. Aitona Petru eta Andrei anaia gaztearekin bizi da, lasai, modu arkaikoan. Baina lau urtaroek aldaketa asko ekarriko dituzte, eta Anişoararen haurtzaroaren azken urtea izango da hura, heldu bihurtu eta beste aro batean sartuko baita.
Hiru emakume-belaunaldiren bizitzei eginiko begirada bat. Monique eta bere alaba, Sylvie, burdel bateko arduradunak dira Mendebaldeko Flandria eta Frantzia arteko mugan. Eline, Sylvieren sei urteko alaba, bere amaren eta amonaren lantoki misteriotsuarekin liluratuta dago; izan ere, sekula ez diote utzi barrura sartzen. Gertaera dramatiko batek hankaz gora jarriko ditu haien bizitzak, eta kolokan utziko ditu familia-harremanak.
Vincent-ek bere bizitzaren heren bat ere ez du bizi izan oraindik, baina tatuaturik du dagoeneko gorputzaren erdia, eta ondo erlastua ahotsa, bere post-hardcore bandari esker. Ama hil zitzaionetik, bi zereginetan banatzen du denbora: zoriontsu egiten ez duen bere piercing-egile lanbidean, eta aita arrain-saltzailearekin. Aita, gainera, bizitza berri bat hasi nahian dabil emakume gazteago batekin. Eta Vincent zoratzen hasia da.
Urteetan kanpoan izan eta gero, Martinari laguntzera etorri da Carla. Bien arteko harremana hotza da; bada zerbait elkarrizketetan ekiditen dutena. Martinak isilpeko harreman bat du Diegorekin, bera baino bi aldiz zaharragoa den gizon batekin. Sexu-jolas gogor eta kontrolik gabea darabilte biek. Carlak harreman horren berri izan eta Diegori aurre egingo dio.
Lau gazte, hiri bat. Maitasunagatik edo idealismoagatik, harridura dibertigarri eta arin batez. Urte-sasoiak aldatu ahala, filmean sartzen dira, bizitzatik; eta bizitzara itzultzen dira gero, filmetik. Beren buruarena egiten dute filmean, eta filmean jokatzen dituzten paperek beren bizitzak aldarazten dituzte. Inprobisazio original bat Txinako zineman, hiriko bizimodua irudikatzeko modu berri bat.
Salma, Laila eta Nur ez dira inoiz egokituko. Israelgo pasaportea duten palestinarrak dira eta Tel Aviven askatasunezko bizimodu bat bizitzea aukeratu dute, sorlekutik urrun. Hirurak ari dira maitasun bila, baina palestinar gazteak diren heinean, laster ohartuko dira ez dutela erraz izango beraiek aukeratutako harreman bat lortzea. Beren lekua bilatu beharko dute munduan, dela hirian, dela beren herrietan.
Akihiro, Parisen bizi den japoniar zinemagile bat, Japoniara itzuliko da Hiroshimako bonba atomikotik bizirik atera ziren zenbait lagun elkarrizketatzera, gertakariaren 70. urtemugaren oroimenezko dokumental baterako. Elkarrizketek sakon hunkituko dute, eta atsedenaldi bat hartzea erabakiko du. Hirian nora gabe dabilela, Michiko gazte alai eta enigmatikoa ezagutuko du.
Ama hil zitzaienetik, Maríak aita eta neba-arrebak zaintzeko ardura hartu du. Familiaren zutarria izan da. Horregatik, aitak bere erizainarekin ezkonduko dela jakinarazten dionean, bizitza gainbehera datorkiola sentituko du Maríak. 35 urterekin, bere patua aldatu beharko du.
Isolatua eta bertan behera utzia, hondatutako kirol-estadioz inguratua, Atenako Olinpiar Hiria ia hutsik dago gaur egun. Langile-familia batzuk soilik bizi dira han; 2004ko Jokoen ostean doan eskaini zitzaien bizilekua. Hiri barruan, atera ezinik, gazte talde bat hondarren artean dabil, Olinpiar Jokoen bertsio distortsionatuetara jolasten eta diru truke zakurrak estalarazten. Taldeko zaharrena, Dimitris (17), hiriko mugetatik ihes egiten saiatuko da, Anna (22) atleta erretiratuarekin batera. Itsaso ondoko bigarren mailako konplexu turistikoetara joan nahi dute, Atenas kanpoaldean. Egingo dituzten bisitetan, eta atzerriko turisten bizitzan gero eta gehiago sartu ahala, proban jarriko da Dimitriren onarpen-nahia, modu bortitzetan.
Bi anaia Pinamar-era itzuliko dira, ama hildakoan, azken agurra emateko eta familiaren apartamentua saltzeko. Pablok lehenbailehen bukatu nahi du; Miguelek, ordea, bisitaz gozatu nahi du. Bidaia honi esker, beren arteko harremana berraurkituko dute.
Jake (Anton Yelchin) eta Mati (Lucie Lucas), Portugaleko Porto hirian, noizbait konexio labur bat izan zuten, bi ezezagun dira. Misterioak partekatu zituzten momentuen inguruan jarraitzen du, eta oroitzapenen arteko bilaketan, inhibizio gabeko gau baten sakontasunak berritzen dituzte.
Lidiak usoak hazten ditu eta bizimodu arrunta darama bere senarrarekin eta bi alabekin. Denisa ausartak kirol-oinetako berriak erosi nahi dizkio bere senargai bizizaleari. Vanesak, gazteenak, begi berdeko gizon perfektua ezagutzea du amets. Hiru emakumeak leku berean aritzen dira sexu-lanetan, zubi baten azpian. Auzoko polizien bisitak jasotzen hasiko dira, itxuraz asmo onekoak, eta aurre egitea erabakiko dute.
Yoon-ju Arte Ederren graduondokoa egiten ari den neska bat da. Arduraldi partzialeko lantxoak egin behar ditu hilabete amaierara iristeko eta lagun baten etxean bizi da, Young-eun-enean, alokairu txiki baten truke. Young-eun-ek gustuko du loturarik gabeko harremanak izatea; Yoon-ju-k, aldiz, ez du interesik horretan. Egun batean, bere proiekturako material bila ari dela, Ji-soo izeneko neska batekin egiten du topo bigarren eskuko gauzen denda batean. Ji-soo halako leku bitxi batean ikusita, neskarekiko erakarpen berezi bat sentituko du Yoon-ju-k.
Han, 90 urteko gizon bat, urritasun mental bat duen 60 urteko semearekin bizi da, Pekineko hegoaldean. Bi alabek Han-en apartamentua gutiziatzen dute eta haren pentsioaz jabetzen dira. Han-en kezkarik handiena, dena den, beste bat da: zer gertatuko zaion semeari bera hildakoan. Egun batean, Han-en semea hiri inguruko auzo batean abandonaturik utziko du haren suhiak, eta desagertu egin dela kontatuko du.