Donostia Zinemaldiak Focus on Glocal Cinemas bat sustatuko du aurten bere V. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren barruan. Profesionalen topagune hau Glocal Cinemas sarearekin lankidetzan antolatu da, eta 2017an Industriaren ekimen berri bat sortzeko abiapuntua izango da. Ekimen horren bitartez, hizkuntza ez-hegemonikoetan grabatu eta postprodukzio-fasean dauden Europako filmak aurkeztuko zaizkie produktore, banatzaile, salmenta-agente edo programatzaileei, filmok amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagun dezaten.
Donostia Zinemaldiaren zuzendariak, José Luis Rebordinosek, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Joxean Muñozek, bi ekimenok aurkeztu dituzte gaur goizean. Ekimen hauen xedea halako filmografien ikusgaitasuna handitzea da, baita lankidetza-harremanak bultzatzea, koprodukzioak sustatzea eta hizkuntza ez-hegemonikoetan eginiko Europako filmak (ingeles, frantses, aleman, gaztelera eta italiera ez beste hizkuntza batean eginikoak) zabaltzen laguntzea ere. Focus On Glocal Cinemas ekimenaren lehen edizioa irailaren 19tik 21era izango da, San Telmo Museoan. Europako Iparraldeko hiru herrialdetako zinema-industriak egongo dira ordezkaturik aurten: Norvegia, Islandia eta Danimarka.
Jarduera hauen bitartez, Eusko Jaurlaritzak 2014an abiarazitako lan-ildo bat gauzatzen da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak zenbait topaketa eta eztabaida-plataforma bat sustatu ditu, kultur eragileek hizkuntza ez-hegemonikoak dituzten Europako herrialde eta eskualdeetako erakundeekin eta profesionalekin esperientziak truka ditzaten. Horri lotuta, Norvegia, Estonia, Letonia, Islandia, Finlandia, Danimarka, Polonia, Suitza, Gales, Eslovenia, Irlanda, Euskal Herri eta beste herri batzuetako ikus-entzunezko funtsen arduradunek Glocal Cinemas: Big Stories, Small Countries izeneko manifestua idatzi zuten 2015ean. Europako hamabost herrialde eta eskualdetako erakundeen ordezkariek sinatu zuten manifestua.
Glocal Cinemas sarearekiko lankidetza honekin, Zinemaldiak 2002an Zinema Eraikitzen ekimenaren bitartez sorkuntzaren alde abiarazitako lana sendotzen du. Industriaren jarduera aitzindaria izan zen garai hartan, eta hari esker Latinoamerikako hainbat produkzio amaitu eta nazioarteko zinema-jaialdi nabarmenenetan aurkeztu ahal izan dira.
"Latinoamerikarekiko lotura hizkuntza komun bat, espainola, edukitzeari zor zitzaion; Glocal-en kasuan, aldiz, hizkuntza ezberdin bat, euskara, edukitzeak lotzen gaitu beste herrialdeekin. Zinemaldian, besteekin batzen eta indartsuagoak izaten laguntzen diguten loturak bilatzen ahalegintzen gara beti, dela antzekotasunetik, dela ezberdintasunetik abiatuta", azaldu du Rebordinosek ekimenaren aurkezpenean. "Glocal Europako sare bat da, herrialde bakoitzeko berezko hizkuntzetan eginiko zinema sustatzea xede duena. Glocal leiho ireki bat da, euskarazko zinema nazioartean ezagutarazteko aukera ematen diguna. Glocal erronka bat da, istorio globalak tokian tokiko hizkuntzetan kontatzeko erronka. Glocal Europako kultura eta hizkuntza-aniztasunaren berrespena da», azpimarratu du Muñozek.
|