Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailak askotariko proposamen zinematografikoak bildu ohi ditu, urteko ezusteak, arau formalik eta muga tematikorik gabeak, eta aurten, bere lehen lehiazko edizioan, Bertrand Tavernier-en azken filmarekin abiaraziko da. Tavernier-en filmak Voyage à travers le cinéma français / A Journey Through French Cinema du izena, eta bere herriko zinematografian zeharreko dokumental bat da. Film hori nazioarteko zinemagile nabarmenen azken lanekin lehiatuko da Zabaltegi-Tabakalera Saria eskuratzeko (20.000 euro), hala nola Terence Davies, Lav Diaz, Jim Jarmusch, Hayoun Kwon, Jean-François Laguionie, Deborah Stratman eta José Luis Torres Leiva-ren lanekin, baita hurrengo asteetan iragarriko diren beste zenbait lanekin ere.
Tavernier-ek (Lyon, 1941), zinemagintza frantseseko maisu handienetako batek, harreman luzea du Zinemaldiarekin. 1999an atzera begirako ziklo bat eskaini zion jaialdiak, eta urte hartan bertan epaimahaiburua izan zen. Haren Coup de Torchon filmak Sail Ofizialean parte hartu zuen 1982an. Capitaine Conanekin epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen 1996an. Ça commence aujourd'hui filmak Publikoaren saria irabazi zuen 1999an. Holy Lola lanarekin sari bera irabazi zuen 2005ean, eta 2013an Sail Ofizialean izan zen berriro, Quai D’Orsay satirarekin; azken horrekin, gidoi onenaren saria irabazi zuen. Haren beste film arrakastatsuetako batzuk dira L'horloger de Saint-Paul (1974), Round Midnight (1986), La vie et rien d'autre (1989), La fille de d'Artagnan (1994), L'appât (1995) eta La princesse de Montpensier (2010). Historialari eta kritikari frantsesak, bere jaioterriko Institut Lumière erakunde prestigiotsuaren lehendakari ere badenak, Cannes Classic-en aurkeztu zuen bere azken lana. Zinema frantsesaren historian zehar eginiko espedizio bat da, eta Becker, Renoir, Bresson eta beste zenbait errealizadoreri eginiko omenaldi bat ere bai. Tavernier-ek sei urte eman ditu film honetan lanean.
Davies-ek (Liverpool, 1945) eta Jarmusch-ek (Akron, Ohio, 1953), fikzioa eta dokumentala hurrenez hurren erabiliz, bi ibilbide artistikoren historia aztertzen dute beren lanetan: Emily Dickinson idazlearen bizitza eta The Stooges-en, Iggy Pop ezagutarazi zuen taldearen, epopeia. Espainiako estreinaldia izango da Zinemaldikoa bi filmentzat; aurretik, A Quiet Passion, zinemagile britainiarrarena, Berlinen estreinatu zen, eta Gimme Danger lehiaketatik kanpo proiektatu zen Canneseko Sail Ofizialean.
Jarmusch-en filmak funtsezko erreferentzia dira zinema independentean, eta maiz izan ditugu Zinemaldian azken urte hauetan: Broken Flowers (2005) eta The Limits of Control (2009) Perlak sailean ikusgai izan ziren, eta Ghost Dog: the Way of the Samurai filmak American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako zinema beltza atzera begirako zikloan parte hartu zuen.
Davies-en filmografiak izenburu nabarmen ugari biltzen ditu: Distant Voices, Still Lives (1988) filmarekin Locarnoko Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen; The Long Day Closes (1992) Cannesen lehiatu zen; The House of Mirth (2000) Locarnon estreinatu zen; Of Time and the City (2008) dokumentalak Zabaltegi Bereziak-en parte hartu zuen, Cannesen ikusgai izan eta gero; eta The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) lanak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ziren. Zinemaldiaren 56. edizioan (2008), gainera, atzera begirako ziklo bat eskaini zioten Davies-i.
Biek ala biek zuzendari eta gidoilari jarduten dute beren filmetan. Halaxe egiten dute Lav Diaz-ek (Datu Paglas, 1958) eta Deborah Stratman-ek ere (Washington, 1967). Zinemagile filipinarraren filmak Hele Sa Hiwagang Hapis / A Lullaby to the Sorrowful Mistery du izenburu eta 480 minutu irauten du. Bere herrialdeak jasan duen zapalkuntza koloniala du hizpide. Berlinalen, Alfred Bauer Saria irabazi zuen (arte zinematografikoetan ikuspegi berriak zabaltzen dituzten produkzioentzako saria). Zinemagileak Orizzonti Saria ere irabazi zuen Venezian, Melancholia filmarekin. Aurtengoa Zabaltegin parte hartzen duen bigarren aldia da: 2013an, Prologo sa ang dakilang Desaparecido / Prologue to The Great Desaparecido filma proiektatu zen, mundu mailako estreinaldian, baita Norte, hangganan ng kasaysayan / Norte, The End of History, ere, Canneseko Un certain regard sailetik igaro eta gero.
Stratman-ek, bestalde, The Illinois Parables dokumentala aurkeztuko du. Sundancen estreinatu zen, eta Europako estreinaldia Berlinen izan zen. Estatu Batuetako artista eta zinemagile entzutetsu honen aurreko lana, Second sighted (2014), Tabakaleran programatu zuten, zinema garaikideari buruzko zikloan. Oraingo pieza esperimental honetan, sinesmenek ideologia sozialean eta nortasun nazionalean izan duten egiteko historikoa aztertzen du.
José Luis Torres Leiva-ren (Santiago, Txile, 1975) El viento sabe que vuelvo a casa Rotterdameko zinema-jaialdian estreinatua, pieza metazinematografiko bat da, Ignacio Agüero dokumentalistaren ingurukoa. Agüero Torres-Leivarekin lankidetzan aritua da lehenago ere, aktore-lanetan jardun baitzuen haren El cielo, la tierra, y la lluvia (2008) eta Verano (2011) filmetan. Azken hori Tabakalerako Circuito ekimenean ikusi ahal izan zen, 2014an.
Hayoun Kwon (Seul, 1981) artista multimediak Korea eta Frantzia ditu bizileku. Hamabi minutuan 489 Years aztertzen ditu. Animazio-film labur honek Hego Koreako soldadu ohi baten lekukotza jasotzen du. Haren aurreko lana, Village modèle, Ipar Koreak eraikitako propaganda-herri bati buruzkoa, Rotterdamen eta iazko Circuito programan aurkeztu zen.
Jean-François Laguionie (Besançon, 1939) animazio-errealizadore laudatuaren Le tableau filma Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak atzera begirako zikloan programatu zen, 2013an. Aurten, Louise en hiver ikusi ahal izango dugu Zabaltegi-Tabakaleran. Filma Annecyko zinema-jaialdian estreinatu da berriki. Laguionie-k, duela 50 urte, Annecyko Sari Nagusia eskuratu zuen bere La demoiselle et le violoncelliste (1965) filmarekin, eta Film Labur Onenaren Saria Cannesen, 1978an, Rowing Across the Atlantic filmarekin.
Saileko film guztien lehen proiekzioa Zabaltegiren egoitzan izango da, Tabakaleran.
Bertrand Tavernier-ek zinema maite du. A Personal Journey with Martin Scorsese Through American Movies haren ildotik, Tavernier-ek zinema frantsesaren inguruko hurbilketa zorrotz eta pertsonal bat aurkezten digu; bere bizitzan zehar gehien gustatu zaizkion film, zuzendari, konpositore eta dialogoen ingurukoa. Jean Renoir-etik hasi eta Claude Sautet-era, Henri Decoin-etik Jacques Becker-era, eta tartean François Truffaut, Jean-Luc Godard, Louis Malle eta beste hainbat zinemagile famatu gogoan hartuz, Bertrand Tavernier-ek zinemaren harribitxiak berraurkezten dizkigu.
Animazio-filma. Film labur hau Oberhausen-eko Nazioarteko 62. Zinema Jaialdian saritu zuten. 489 Years lanak Hego Koreako soldadu baten lekukotza darabil: Kim-ena. Haren bitartez bi Koreen arteko eremu desmilitarizaturako sarbidea ematen digu, eta soldaduaren oroimen pertsonalaren muinean barneratzen gaitu. Esplorazio-misio batean bizi izan zuen esperientziaren berri ematen digu Kim-ek, baita minaz betetako soro batean egin zuen deskubrimendu harrigarriarena ere (Hego Koreak jarritakoak ziren minak, zer-non zegoen jarrita erregistratu gabe). Pertsonak debekatuta dauden leku batez mintzo zaigu, naturak bere jabegoa guztiz berreskuratu duen leku batez...
Nor izan zen Emily Dickinson? Nor ezkutatzen da bere bizitza gehiena Amherst-en, Massachusetts-en, bere gurasoen etxean igaro zuen poeta horren atzean? Bizileku izan zuen etxea atze-oihal gisa erabiliz, bizimodu ia ezezaguna izan zuen emakume guztiz ezohiko baten erretratua egiten du zuzendariak. 1803an jaioa, talentu handiko neskatila izan zen, baina trauma emozional batek ikasketak uztera bultzatu zuen. Handik aurrera, gizartetik baztertu eta poemak idazteari ekin zion. Bere bizitza bakartia gorabehera, idazlearen obrak munduan zeharreko bidaia ezin erakargarriago batera darama irakurlea.
1960ko hamarkadaren amaieran, The Stooges-en rock'n'roll indartsu eta bortitza agertu zen Ann Arbor-en (Michigan), iraultza kontrakulturalaren garaian: bonba batek eztanda egitea bezalakoxea izan zen hura orduko musika-paisaian. Rock, blues, R&B eta free jazzaren arteko nahasketari esker, Iggy Pop ezagutarazi zuen taldeak aurrerago rock alternatibo deituko den horren zutabeak ezarri zituen. Gimme Danger filmak The Stooges-en epopeia kontatzen du, eta historiako rock talde garrantzitsuenetako baten testuingurua aurkezten digu: haien bilakaera musikala, kulturala, politikoa eta historikoa, haien abenturen, pozen eta nahigabeen bitartez eta haien inspirazio-iturriak eta lehen erronka komertzialen arrazoiak gogora ekarriz.
1896-1897 bitartean Espainiako gobernu kolonialaren aurkako Filipinetako Iraultzari buruzko hainbat narrazio-harik, elkarri lotuek, osatzen dute Hele Sa Hiwagang Hapis filma: Jocelynang Baliwag abestiaren historia, zeina iraultzaren ereserkia bihurtu baitzen; Gregoria de Jesúsek Filipinetako iraultzaren aitaren (Andrés Bonifacio) gorpua aurkitzeko egiten duen bilaketa etsia; Simon eta Isagani heroi nazionalen bidaia (fikziozko pertsonaia literarioak); eta Bernardo Carpiok, Filipinetako erresistentziako heroi mitikoak, eta erdi zaldia erdi gizakia den Tikbalang / Engkantok filipinar ariman jokatu zuten rola. Film hau historia, literatura eta mitologiaren arteko bat-egite bat da.
Udako azken egunean, Louise, adineko emakume bat, azken trena galdu duela konturatzen da. Itsasertzeko hiri txiki bateko hotelgune batean dago, denek abandonaturik. Eguraldiak okerrera egiten du bizkor. Louise ahula eta irtirina da, inondik ere ez Robinson Crusoe bat izateko behar bezain gaitua; ez dirudi negua atzean uzteko gai izango denik. Alabaina, Louisek erronkatzat hartzen du bere babesgabetasuna. Biziraun egingo du, bai elementuei bai oroitzapenei aurre eginez... aukera ezin hobea topatu baitute oroitzapenek abentura honetara biltzeko.
Dokumental esperimentala. Hamaika parabolaren bitartez, Illinois estatuaren historiako zenbait gertakari kontatzen dira: eskualde bateko fedeari, indarrari, teknologiari eta exodoari buruzko binetak. Txerokiei beren lurra indarrez utzarazi zietenetik hasi, eta frantses ikariarren komunitate utopikoa ezarri, erreaktore nuklearra asmatu eta Pantera Beltzen liderra (Fred Hampton) hil zuten arte, filmak kokatze, kanporatze, aurrerapen teknologiko, indarkeria, mesianismo eta erresistentziari buruzko istorioak helarazten dizkigu. Illinois tranpa egoki eta egituratu bat da hemen; haren istorioak alegoria bihurtzen dira, eta alegoria horien bitartez sinesmenek eta ideologiek gizarteak nola eratzen dituzten aztertzen da.
Ignacio Agüero dokumentalista txiletarra fikziozko bere lehen film luzea prestatzen ari da, sekula bukatzea lortu ez duen antzinako dokumental-proiektu batean oinarrituta. 80ko hamarkadaren hasieran, Chiloé eskualdeko Meulín uhartean, bikote gazte bat inguruko basoetan desagertuko da, aztarnarik utzi gabe. Maitasun tragikoko istorio misteriotsu horren inguruan, mito oso bat eraiki zen. Ignacio Agüero gertakarien lekura joango da, filmerako kokalekuen eta aktore ez-profesionalen bila, eta han, pixkanaka-pixkanaka, bere filmaren bilakaera ezagutuko du.