"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak kide berri bat du lantaldean. Ruth Pérez de Anucita kazetaria Zinemaldiaren komunikazio-arduraduna izango da, lanpostu hori hutsik zenbait urtez egon ondoren. Komunikazio Sailak Koro Santestebanek eta Gemma Beltranek koordinatzen dituzten Espainiako eta atzerriko prentsa barne hartzen ditu.
Joan den azaroan deitu zuen hautaketa-prozesua Zinemaldiak, eta 118 lagun aurkeztu ziren. Curriculumean oinarritutako hasierako aukeraketaren ondoren, Zinemaldiaren zuzendariak eta Zuzendaritza Batzordeko bi kidek hamalau profesional elkarrizketatu zituzten. Ondoren, lau hautagaik euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ahozko eta idatzizko azterketak egin zituzten.
Azkenean, Zinemaldiak Ruth Pérez de Anucita hautatu du, egiaztatu baitu lanpostu horri dagozkion zereginak betetzeko gai izango dela, komunikazioaren arloan eta proiektuak eta pertsonak kudeatzeko ardura handiko postuetan lortu duen eskarmentuari esker. Besteak beste, honako egiteko hauek izango ditu: Zinemaldiaren komunikazio-estrategia diseinatzen eta ezartzen parte hartzea, prentsa-oharrak eta jakinarazpenak idaztea eta argitalpenen edukia gainbegiratzea.
Ruth Pérez de Anucita (Errenteria, 1979) Kazetaritzan lizentziatu zen, Nafarroako Unibertsitatean. Hamar urte baino gehiago eman ditu hainbat hedabideetan lanean, El Mundo, Deia, Diario de Noticias de Álava eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan kasu. Azken horretan, kulturari buruzko atalaren arduradun izan zen, eta zazpi urtez Zinemaldiari buruzko informazioa emateaz arduratu zen. Halaber, Zinemaldiko aldizkaria idazten lan egin du. Lanpostu honetan hasi aurretik, Europako Kultur Hiriburutzaren Donostia 2016 Fundazioko kultura-egitarauaren zuzendariaren alboko zen.