"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aurreko hainbat ediziotatik hona, Zabaltegi urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiaketaz kanpoko saila da: sailak ez du izan ez arau formalik, ez gai-mugarik.
Alexander Sokurov, Laurie Anderson, Anca Damian, João Salaviza, Eric Khoo, Lav Diaz, Jem Cohen, Corneliu Porumboiu, Walter Salles eta tankera horretako beste sortzaile garrantzitsuen filmak eman dira, baita Bruno Dumont egilearen P’tit Quinquin edota Oliver Stone zuzendariaren The Untold History of the United States telesailak ere.
Zinemaldiak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak sinatutako hitzarmen honi esker, Zabaltegi aurrerantzean lehiazko sail izango da, eta bertan parte hartzen duten filmak Zabaltegi - Tabakalera saria eskuratzeko lehiatuko dira. Esandako sari hori 20.000 €-ekoa izango da; horietatik 6.000 € film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 euroak, berriz, film irabazlea Espainian banatzen duen enpresak.
Zabaltegi - Tabakalera saria berariaz sortutako epaimahai batek erabakiko du: zinemaren eta kulturaren alorreko hiru profesional izango ditu gutxienez.
Hitzarmen honekin, bi erakundeek proiektu zinematografiko bereziak eta harrigarriak sortzea sustatu nahi dute, bai alde narratiboari dagokionez, bai alderdi formaletik erreparatuta. Hala, azken urteetan elkarrekin egiten ari diren lana indartuko dute Zinemaldiak eta Takalerak.
Víctor Iriarte, Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kide berria
2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, Víctor Iriarte, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko ikus-entzunezko programen arduraduna, Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kide da.