"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo jakinarazi zituen L’Acadèmia del Cinema Català delakoak bere VIII. edizioko saridunen izenak. Zinemaldiaren azken edizioan Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film, Cesc Gay zuzendariaren Truman eta Agustí Villarongaren El Rey de la Habana, izan ziren edizio honetako garaile handiak.
Truman filmeko Ricardo Darin eta Javier Cámara aktoreek gizonezko interpretazio onenaren saria irabazi zuten ex aequo Zinemaldiaren 63. edizioan, eta film hori bera izan zen bart banaturiko Gaudí sarietan haietako gehien eskuratu zituena. Guztira sei sari honako kategoria hauetan: katalana ez den hizkuntzan eginiko film onena, zuzendari onena, gidoi onena (Cesc Gay eta Tomàs Aragay), gizonezko protagonista onena (Ricardo Darin), bigarren mailako gizonezko aktore onena (Javier Cámara) eta bigarren mailako emakumezko aktore onena (Dolores Fonzi).
Zinemaldian Yordanka Ariosa aktorearen lanagatik emakumezko interpretazio onenaren saria irabazi zuen El Rey de la Habana filmak honako sari hauek irabazi zituen bart: argazkilaritza onenarena (Josep Maria Civit), muntaia onenarena (Raúl Román), musika original onenarena (Joan Valent) eta jantzigintza onenarena (María Gil eta Sonia Segura).