"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemagintzako Espainiako Informatzaileen Elkarteak (AICE) Feroz Sariak eman zituen atzo, Espainiako 2015eko zinemaren onena saritzeko. Sari gehien eraman zituzten bi filmak 63. Donostia Zinemaldian aurkeztu ziren.
Paula Ortizen La Novia filma izan zen garaile handiena, sei sari irabazita: pelikula onena (drama), zuzendari onena, emakumezko aktore protagonista onena (Inma Cuesta), antzeztaldeko emakumezko aktore onena (Luisa Gavasa), jatorrizko musika onena eta trailer onena. Filmak Zabaltegi sailaren barruan izan zuen munduko estreinaldia.
Cesc Gay-ren Truman filma Zinemaldiaren iragan edizioaren Sail Ofizialean lehiatu zen, eta Ricardo Darin eta Javier Cámara filmeko protagonisten interpretazioa saritu zen orduan. Orain, gizonezko aktore protagonista onenaren Feroz Saria irabazi du Darinek; Cesc Gayk eta Tomàs Aragay-k, berriz, gidoi onenaren kategoriako saria eraman dute.
Bestalde, Mario Casas-ek antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria jaso du, Álex de la Iglesiaren Mi gran noche filman egindako lanagatik. Film horrek ere parte hartu zuen Zinemaldiaren Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo.
Komediazko film onenaren Feroz Saria Borja Cobeagaren Negociador filmari eman diote. Zinemaldian estreinatu zen mundu mailan; hain zuzen, 62. edizioko Zabaltegi Sailean.