Ami Canaan Mann
Benetako gertakariak oinarri dituen kontakizun honek Souder eta Heigh detektibeen ibiliak kontatzen ditu. Souder Texaseko hiri txiki bateko homizidioetako poliziakidea da; bere lankide Heigh, berriz, New Yorkera bidaliko dute, serie-hiltzaile sadiko baten bila. Hiltzaileak biktimen gorpuak ebaki eta inguruko paduretan botatzen ditu; bertakoek The Killing Fields izenez ezagutzen dute inguru hori.
Martin Scorsese
Henry Hill garrantzi handirik gabeko gangsterra da, eta Jimmy Conway eta Tommy De Vitorekin batera lapurreta batean parte hartuko du. Bi horiek anbizio handiagoa dute, ordea, eta lapurretan parte hartu duten guztiak bistatik kenduko dituzte. Hala, mafiaren hierarkian gora egingo dute pixkanaka. Henryri, baina, bere bi kideen arrakastak kalte egin diola irudituko zaio.
Abel Ferrara
AEB-Italia-Erresuma Batua
103 min.
Frank White droga-trafikatzailea lehiakideak garbitzeko prest irtengo da espetxetik, eta, Robin Hood modernoa balitz bezala, bere lanaren etekinak hiriko pobreen artean banatuko nahiko ditu. Frankek kode etiko berezia du: "Sekula ez dut akabatzen merezita ez daukan inor".
Joel Coen
Elkarren aurkako bi gaizkile-talde hiri bat kontrolpean edukitzeko borrokan ari dira. Polizia beren mendeko txotxongilo hutsa da, eta alkohola legez kanpo saltzeko establezimenduetan aldian behin egiten dituzten sarekadak gaizkile-taldeen arteko mendeku baino ez dira.
1990eko Donostia Zinemaldiko zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra.
David Lynch
Lularen ama erotzeko zorian dago, bere alaba kartzelatik irten berri den Sailorrekin dabilela pentsatze hutsarekin. Sailorren baldintzapeko askatasuna pikutara bidali, eta Kalifornia aldera abiatuko dira biak. Lularen amak, ordea, soldatapeko hiltzaile bat kontratatuko du Sailor atzemateko. Ez dira jakinaren gainean egongo, eta ederki pasatuko dute bidaian, biak berriro elkarrekin?
David Mamet
Bob Gold poliziakidea Robert Randolph droga-trafikatzailearen atzetik ibiliko da; FBIren bilatuenen zerrendan dago Randolph. Halako batean, beltzak bizi diren auzo bateko dendaria akabatuko dute: emakume judutar bat. Itxura guztien arabera, talde sionista batek hil du dendaria; Goldek bere jatorri judutarrari aurre egin beharko dio, ordura arte garrantzi handirik eman ez bazion ere.
Sean Penn
Filmeko bi anaiek bizitzari aurre egiteko oso modu desberdina dute: Joek familian sinesten du, baita errutinan eta plazer txikietan ere; Frank, berriz, bortitza, antisoziala eta suntsitzailea da. Joe bere anaia txikia zuzenduko duelakoan dago, eta bizitzak merezi duela esango dio behin eta berriz, alferrik bada ere. Baina Frank noraezean egongo da: anaiari dion maitasuna batetik, eta bizitzeko amorrua, bestetik.
Mario Van Peebles
Nino, Cash Money Brothers izeneko gaizkile-taldeko kidea da. Crackarekin trafikatzen hasiko dira, eta, denbora gutxiren buruan, astean milioi bat dolar irabaziko dute. Scotty poliziakidea atzetik dute, ordea. Gaizkile-taldean sartzen saiatuko da Scotty, eta drogazale ohi bat infiltratuko du. Baina sekulako porrota izango da: Scottyk berak ere droga-saltzailearena egiten amaituko du.
Jonathan Demme
Clarice Starling FBIko agentea serie-hiltzaile bat harrapatzeko ahaleginetan ibiliko da, eta, horretarako, psikopata arriskutsu batengana gerturatu beharko du; garai batean psikiatra errespetatu izandako Hannibal Lecter Kanibalarengana, hain justu. Jack Crawford agenteak uste du Lecterrek dauzkala bere galderen erantzunak. Lecter manipulatzaile trebea eta ahaltsua da, eta hiltzailea topatzen lagun dezakeela uste du Crawfordek. Horretarako, ordea, Lecterren konfiantza lortu beharko du Claricek.
Paul Verhoeven
Johnny Boz, aspaldiko rock izarra, larrutan ari dela garbituko dute, eta kasua Nick Curran ikerlariari emango diote. Kasua ikertzen ari dela, Catherine Tramell ezagutuko du, Bozen neskalagun izandako eleberrigilea. Nickek nahiko argi edukiko du Catherine dela erruduna, eta joko psikologiko arriskutsu bat hasiko du neskarekin. Hilketa-kopurua handitu ahala, ordea, froga kontraesankorrak agertuko dira, eta Nickek berriro hausnartuko beharko ditu susmoak.
Carl Franklin
Dale "Hurricane" Dixon, Star City herrixkako sheriffa da (Arkansas), eta bizimodu lasaia darama. Halako batean, hiru gaizkile arriskutsu Kalifornia aldetik herrira gerturatzen ari direla jakinaraziko diote, eta bidean sekulako sarraskiak egiten ari direla. Dixon gaizkileak atxilotzeko prest egongo da, Los Angeleseko Polizia Departamentuko bi ikerlariren laguntzarekin.
Quentin Tarantino
Joe Cabot ur handiko arraina da krimen organizatuen munduan. Elkar ezagutzen ez duten sei gaizkile kontratatuko ditu, diamanteak osteko. Guztiak ere ziur daude lapurreta sekulako arrakasta izango dela. Baina polizia bat-batean agertuko da lapurretaren tokian eta orduan, eta gaizkileetako bat akabatuko dute. Taldeko gainerako kideak aldez aurretik adostutako lekuan elkartuko dira, eta haien artean salatari bat dagoela susmatzen hasiko dira.
Albert Hughes, Allen Hughes
Caine Lawson gazte afroamerikarrak indarkeriaz betetako bizimodua darama etxebizitza babestuak dituen Watts barrutian; Los Angeleseko inguru arriskutsuenetako batean, hain justu. Bere lagun Kevin "O-Dog" eta biak, likore-denda bat duten Hego Koreako senar-emazte batzuen hilketan nahastuko dituzte; hortik aurrera, hilketa hilketaren gainean. Institutuan graduatu berri izateak ere ez du libratuko.
John Dahl
Michael Williams itsas armadan lizentziatu berria da, eta Wyoming estatuko Red Rock hirira iritsiko da, lan bila. Herriko tabernaren jabea, Wayne, Michael ezagutzen duelakoan dago; izan ere, Suzanne bere emazte desleiala akabatzeko kontratatu zuen soldatapeko hiltzailea dela usteko du. Michaelek egoera aprobetxatu nahiko du: dirua hartu, eta ihesi abiatuko da. Baina egoera nahaspilatu egingo da benetako soldatapeko hiltzailearekin topo egiten duenean: Lyle Dallasekoa.
Scott McGehee, David Siegel
Vincent eta Clay anaiordeak aitaren hileta-elizkizunean elkartuko dira lehendabizikoz. Vincent Clay akabatzeko asmotan dabil. Anaiordearen hilotza berea izango balitz bezala ipini nahiko du, ondoren, aita zenaren herentziarekin, munduko beste edozer tokitan bizimodu berri bati ekiteko. Bonbak eztanda egin ostean, Clay bizirik irtengo da. Baina aurpegia berreraiki beharko diote, eta memoria galduta edukiko du.
James Gray
Joshua soldatapeko hiltzaile gupidagabea da, eta Brighton Beach bere txikitako auzora itzuliko da, hainbat lan zikin egitera. Auzo horretantxe bizi da New Yorkeko komunitate errusiarra. Hala, Joshua anaia txikiarekin, hilzorian dagoen amarekin eta aitarekin egingo du topo; anaiak miretsi egiten du, amak oraindik ere maite du, eta aitak, berriz, gorroto bizia dio. Familiarekin elkartu izanak, azkenean, suntsitu egingo dio sortuta zeukan estalki ikaragaitz hori.
Michael Mann
Neil McCauley eta bere gaizkile-taldea dirutza handiak eskuratzeko lan makurretan ibiltzen dira; banketxeetako kutxa blindatuak lapurtzen, esaterako. Baina Vincent Hanna tenientea eta bere poliziakide-taldea atzetik izango dituzte. Neil eta Vincent elkarren tankerakoak dira alderdi askotan, baita beren bizitza pribatuetan ere. Neil, bere neskalagun Eadyrekin erretiratzekotan dela, Waingroz mendekatzeko tentaldian eroriko da. Garai batean adiskide ziren Neil eta Waingro, baina haserreturik bukatu zuten.
Nick Gomez
Jason eta Midget nerabe beltzak New Jersey estatuko Newark hirian bizi dira. Auzokide guztien kasuan bezalaxe, beren denbora-pasa gogokoena autoak lapurtzea eta autootan buelta bat ematea da. Jason kokoteraino dago bere amarekin ika-mikan aritzeaz, eta Midgeten apartamentura joango da bizitzera, barruti gatazkatsu batera. Inguru hura kontrolatzen duten poliziakide zurien kontrako enfrentamenduak gero eta gogorragoak dira, eta ondorio latzak izango dituzte.
David Fincher
Hilketak argitzen aritzen diren bi ikerlari, Somerset eta Mills, serie-hiltzaile baten atzetik ibiliko dira etsipenaren etsipenez. Gaizkileak aingeru suntsitzaile baten bidez justifikatuko ditu heriotzak; aingeruak mundua zigortu nahi du, zazpi bekatu nagusiengatik. Somerset bekatuok ikertzen hasiko da, hiltzailearen jokabidea ulertze aldera; Millsek, berriz, ez die jaramon handirik egingo psikopataren buruan sartzeko Somerseten ahaleginei.
Kathryn Bigelow
Milurtekoaren amaierako egunak, 1999ko azkenekoak, oso arriskutsuak dira Los Angeles aldean. Lenny Nero poliziakide ohiak datu-diskoekin trafikatzen du; bizi izandako oroitzapenak eta emozioak grabatuta gordetzen dituzten diskoekin, hain zuzen. Disko horietako batean, prostituta bat akabatu zuen gaizkilearen oroitzapenak aurkituko ditu. Xantaiaz eta hilketaz jositako sare batean barneratuko da Lenny, kasua ikertu ahala.
Steven Soderbergh
Michael Chambers etxera itzuliko da, amaren ezkontza ospatzera. Jokoarekin zuen zaletasunagatik jaioterria utzi behar izan zuen, eta orain bueltatu egingo da, Rachel emazte ohiarekin zuen harremanari berriro ekiteko prest. Baina Rachelek istorio bat edukiko du Tommyrekin, herriko handiputzarekin. Michael blindatutako furgoi-enpresa bateko gidari hasiko da lanean, eta sendaturik dirudi. Baina, emazte ohiarekin bueltatzeko tematurik, enpresako furgoietako bat lapurtzeko plana egingo du.
Bryan Singer
Roger "Verbal" Kint iruzurgileari itaunketa egiten ari dira, Los Angeleseko kai batean porturatutako ontzi baten leherketa dela-eta. Bi lagun bakarrik atera dira bizirik: Kint eta ospitalean larri zaurituta dagoen gaizkile hungariar bat. Hungariarrak poliziari kontatuko dionez, erasotzailea sekula inork ikusi ez duen krimen-buru misteriotsu bat da; Keyser Söze izeneko turkiar bat, alegia. Kintek, berriz, bere bertsioa kontatuko du, New Yorken sei aste lehenago hasitakoa...
Joel Coen
AEB-Erresuma Batua
98 min.
Jerryk aitaginarrebaren auto-saltokian lan egiten du, eta diru premian dago. Pentsatuta zeuzkan plan guztiek huts egin ostean, bi lagun kontratatuko ditu bere emaztea bahitzeko eta aitaginarrebari erreskatea eskatzeko. Baina gauzak ez dira ondo aterako, eta sekulako sarraskia gertatuko da, ustez indarkeriarik ez zutela beharko pentsatu bazuen ere. Marge Gunderson polizia-buruak, zazpi hilabeteko haurdun dagoenak, ikertuko du kasua tinko eta sen onez.
Paul Thomas Anderson
Johnek zeukan diru guztia galdu du. Egun batez, Sydney jokalari profesionala ezagutuko du; Johnekin errukitu ostean, jokoan nola irabazi irakatsiko dio. Sydneyk babestuta, John Renora joango da bizitzera, eta hiriko kasinoetan dirua irabaziko du. Gauzek okerrera egingo dute, ordea, John kasinoko Clementine zerbitzariarekin maitemintzen denean. Aldian behin prostituta gisa ere aritzen da Clementine. Johnek, era berean, beste lagun bat egingo du: Jimmy. Segurtasun-zaindari gisa lan egiten du, eta Sydneyri buruzko sekretu bat jakingo du.
Walter Hill
John Smith lege lehorraren garaiko gangsterra da. Justiziatik hanka egin ostean, Jericho aldera joango da (Texas). Hiri fantasma horretako biztanle gehienak ihes eginda daude, bi gaizkile-talderen artean izandako gerrak direla-eta: italiarrak eta irlandarrak, guztiak ere alkoholaren isilpeko merkatuan lehian. Bi taldeok borrokan ari direla, Smithek dirutza polita aterako du kontratatutako gangster gisa.
Curtis Hanson
Los Angeleseko hiru poliziakide, Ed Exley, Bud White eta Jack Vincennes, kafetegi batean gertatutako hilketa multiple bat ikertzen hasiko dira. Itxuraz, Mickey Cohen gaizkilearen ahalegina izan da, krimen antolatuaren gaineko kontrola sendotzeko. Gauzak nahastu egingo dira, ordea, pornografia eta prostituzio sare bitxi bat aurkitzen dutenean; sare horrek kirurgia plastikoa eginarazten die emakumeei, Hollywoodeko izar ezagunen antza izan dezaten.
Jim Jarmusch
AEB-Frantzia-Alemania-Japonia
116 min.
Ghost Dog soldatapeko hiltzailea da, eta garai bateko samuraien gerra-etika baliatuko du. Bakarrik bizi da, eta uso mezulariak baino ez ditu lagun. Louie mafiakidearen aginduetara dago, urte batzuk lehenago bizitza salbatu baitzion, eta samuraien ohiko leialtasunarekin zerbitzatzen du. Baina Louiek eskatutako lan bat gaizki aterako da, eta mafia-familiak Ghost Dog garbitzea erabakiko du.
Spike Lee
David Berkowitz-ek, Samen Semea izenez ezagutzen zuten serie-hiltzaile misteriotsuak, hainbat hilketa egin zituen New Yorken, 1977ko udan. Spike Lee zinemagileak, garai horiek berregiteko, hiltzailearekin ikaratutako Bronx auzoko bizilagunak irudikatuko ditu.
Christopher Nolan
Leonard bere emaztea hil zuenaren bila ari da, mendekatzeko. Baina arazo bat edukiko du: hiltzaileak emandako jipoiaren eraginez geratu zaion amnesia. Minutu batzuk aurretik gertatutakoa ezin izan izaten du gogoratu. Ohar idatziak eta bat-bateko argazkiak baliatuko ditu, gertatzen ari denaren hariari jarraitzeko.
Henry Bromell
Alexek familiako negozioa oinordetu du: hain zuzen, kontratu bidezko hilketa-enpresa bat. Bere bizitzarekin oso gustura ez dagoenez, psikoanalistarengana jotzea erabakiko du, eta, itxarongelan dagoela, neska gazte erakargarri batekin topo egingo du. Bere lana berriro ere plantearaziko dio neskak, baita aitari aurre eginarazi ere. Aitak hurrengo enkargua emango dio, psikoanalista garbitzea, eta Alexek erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu.
Antoine Fuqua
Alonzo Harris Los Angeleseko Narkotikoen Dibisioko poliziakidea da. Legea betearazteko metodo zalantzagarriak ditu, erabat ustelak ez esatearren. Harrisek lanean irakatsi beharko dio bere patruila-kide hasiberriari, Jake Hoyt idealistari. Azken horrek behin eta berriz galdetuko dio bere buruari Harrisek Los Angeleseko kaleetatik droga erretiratzeko erabiltzen dituen metodoak egokiak ote diren.
Clint Eastwood
Jimmy Markum, Sean Devine eta Dave Boyle txikitako lagunak dira, eta Bostongo auzo irlandarrean bizi ziren hirurak. Jimmyren alaba zaharrena (Katie) hiltzen dutenean, berriro elkartuko dira. Sean kasuaz arduratzen den ikerlaria da, eta froga nahasiekin eta Jimmyren amorru biziarekin konpondu beharko du. Jimmy kasua bere kabuz ikertzen hasiko da, auzoan dituen kontaktuen laguntzarekin. Dave izango da susmagarri nagusia; haurtzaroan izandako esperientzia izugarriekin traumatizatuta dagoena.
Michael Mann
Max taxi-gidariak bere limusina-konpainia eduki nahi du, eta, Vincent bezero gisa hartzen duenean, bidaia hasiko dute Los Angeles hirian barrena. Soldatapeko hiltzaile errukigabea da Vincent, eta 600 dolar eskainiko dizkio Maxi, bost lekutara eramatearen truke. Lehen geldialdian bertan jabetuko da Max Vincenten asmoaz: bost lagun garbitu nahiko ditu, geldialdi bakoitzean bat.
Shane Black
Aktore plantak egiten dituen garrantzi handirik gabeko lapur bat, prestatu gabe, ikerlari pribatu bilakatu eta krimen bat ikertzen hasiko da. Abentura horretan bi lagun izango ditu inguruan: institutu garaiko bere ametsetako neska, eta hurrengo filma antzezteko irakasle izan duen benetako ikerlaria.
Frank Miller, Robert Rodriguez
Frank Miller komikigilearen obra ezagunetatik egokitutako lau kontakizun. The Hard Goodbyek bengantza du ardatz; gizon batek bere neskalagunaren hiltzaileez mendekatu nahiko du. The Big Fat Kill kontakizunak prostituta talde baten eta mafiako mertzenario irlandar batzuen arteko kaleko gerraren berri ematen du. That Yellow Bastard istorioan, poliziakide batek bizia arriskuan ipiniko du, pederasta batek erasotako neskatila babesteko. The Customer Is Always Right kontakizuneko protagonista, berriz, soldatapeko hiltzailea da.
Sidney Lumet
AEB-Erresuma Batua
117 min.
Diru pixka bat gehiago irabazteko helburuz, Andy eta Mark anaiek beren gurasoen bitxi-denda lapurtzea erabakiko dute. Krimen perfektua egin nahiko dute: batere pistolarik, indarkeriarik eta biktimarik gabe. Gurasoek ere ez dute kalterik izango, aseguru-etxeak estaliko baitu lapurreta. Baina Hankek inguratutako konplize batek ez ditu arauak beteko, eta pistola bat aterako du; hortik aurrera, inor ez da onik aterako.
James Gray
Brooklyn, 1988. Krimena da nagusi bazter guztietan, batez ere drogekin lotutako indarkeria. Joek bere aita Berten ibilbide bera jarraitu du, eta New Yorkeko polizian sartu da. Bere anaia Bobby klub baten jabea da, eta heroina-trafikarien buru errusiarra bertara joaten da. Joek eta Bertek errusiarra atzemateko informazioa eskatuko diote Bobbyri, baina Bobbyk ez die eman nahiko.
David Fincher
Zodiakoaren Hiltzaile enigmatikoak San Franciscoko badiaren inguruan egindako hilketa ulergaitzak zirrara handia eragin zuen Amerikako gizartean, 60ko hamarkadaren amaieran. David Fincher zinemagileak xehe-xehe kontatuko du kazetari batek eta poliziakide batek erantzunik gabeko galdera hori argitzeko helburuz egindako ikerlana.
Gavin O'Connor
Amarru batean lau lankide hil ostean, familia bereko lau poliziakidek -aita, bi seme eta koinatua- ustelkeria kasu bat argitu beharko dute. Amarru horren jurisdikzioa Francisek du, anaietako batek. Bere anaia Rayk zuzentzen duen ikerketan polizia-ustelkeria zantzuak aurkituko dituzte. Baina familia osoak Francis babestuko du, eta haren ibilbidea salbatzen saiatuko dira.
Anton Corbijn
Jack soldatapeko hiltzaile bihozgabe eta perfekzionista da. Suedian eginkizun batean parte hartu ostean, Jacken lepoari prezioa ipiniko diote, eta Italiako herrixka batera joan beharko du ihesi, hurrengo enkargua noiz iritsiko zain. Herritxo horretan, aita Benedetto herriko apaizaren adiskide izaten saiatuko da, baita herriko emakume baten maitasuna lortzen ere, Clararena, hain justu. Ezkutalekutik irtenda, ordea, litekeena da patuari zirikaka aritzea.