"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Egunkari bateko titularra pizgarri izan daiteke pelikula bat sortzeko orduan. Hala gertatu da Las chicas de la estación filmarekin; Juana Macías zuzendariak Mallorcako adingabeen zentro baten albistea irakurri zuen eta hunkitu egin zen, pelikula bat sortzeraino. Nola ez zen hunkituko: zentro horretako hainbat adingabe salerosketa eta prostituzio-sare batean sartu zituzten. Ez ziren erori, sartu zituzten eta.
Atzo izan zen filmaren estreinaldia RTVEren galaren baitan, baina aurretik mahaingurua antolatu zen San Telmo Museoan gaia sakonago lantzeko. Izan ere, Irailaren 23a da Emakumeen eta Haurren Sexu Esplotazioaren eta Trafikoaren aurkako Nazioarteko Eguna. Mahainguruan bertan parte hartu zuen Macías zuzendariak –Goya saria Siete cafés por semana lanagatik–. Adierazi zuenez, bertigo handia sentitu zuen pelikula egiteko orduan: “Ikusi nahi ez dugun errealitatea da. Ni ere nahiko urrun nengoen, eta zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta konplexuagoa iruditu zait dena”.
Adingabeen salerosketa eta esplotazioaren datuak oso esanguratsuak dira, ikaragarriak. Baina datuez haratago begiratu beharra dago, askotan datuen atzean errealitatea askoz okerragoa baita. Hala uste du Pilar Kaltzada kazetari eta Save the Children erakundeko presidenteak. Berak ere solasaldian parte hartu zuen: “Ezkutuan dagoen errealitatea da. Gainera, biktima askok ez dakite biktimak direnik; egoera zaurgarritan daude… Deserosoak egiten zaizkigun errealitateei begietara heldu behar diegu”. Justizia eraberritzea ere aldarrikatu zuen, adingabea prozesuaren erdigunean jarriz.
Patricia Viviana Poncek ere herri-mugimenduaren ikuspegitik landu zuen gaia. Haurralde Fundazioko presidente modura, baliabideen falta salatu eta emakume migratuen errealitatea ere gogoratu zuen. Halaber, Jose Luis García psikologian doktore eta sexologoak gogoratu zuenez, “gizarte hipersexualizatu batean bizi gara. Sexua negozio modura erabiltzen da, eta negozioa egiteko edozein elementu onartzen du, adingabeak badira ere. Drama izugarria da”. Parte-hartzaile guztiek eskertu zuten Las chicas de la estación bezalako filmak egitea, gaiari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea