"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Luis Suárez de Lezo (Madril) Zuzenbidean lizentziaduna da UCMn eta interes publiko eta pribatuen kudeaketako prestakuntza amaitu zuen Instituto de Empresan. Gainera, bi maisutza ditu; bata nazioarteko merkataritzan eta bestea ETEen kudeaketa estrategikoan. 2008az geroztik, Alcobendasko Industria eta Merkataritza Elkartearen idazkari nagusia da eta, 2011z geroztik, baita Madril Iparraldeko berrikuntza sustatzeko elkartearena ere.
Irabazi-asmorik gabeko erakundeen kudeaketan eta interes, esperientzia eta ezagutzaren defentsan espezializatuta dago. Indargune horiek baliatuta, gastronomiarekiko zuen grina eta ibilbide profesionala lerrokatu ahal izan zituen Madrilgo Gastronomia Akademia zazpi urtez zuzendu zuenean.
Etapa horretan, Madrilgo Komunitateko Gastronomia Sariak sortu zituen: gastronomiaren arloko erreferente bilakatu dira hirian eta gizarte-, kultura-, ekonomia- eta jasangarritasun-ikuspuntutik bultzatu zuten sektorea.
2023ko irailean, Espainiako Gastronomiaren Errege Akademiaren presidente aukeratu zuten —zuzenbide publikoko korporazio horrek Espainiako gastronomia-kultura hedatu eta babestea du helburu nagusi—. Luis Suárez de Lezok gastronomia askotarikoa, eskuragarria, jasangarria eta kalitatezkoa defendatzen du.