Donostia Zinemaldiaren egoitza nagusiaren helbidea honakoa da:
DONOSTIA ZINEMALDIA
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia (Espainia)
Tel.: +34 943 481212
ssiff@sansebastianfestival.com
www.sansebastianfestival.com webgune ofizialean informazio xehatua ageri da; horrez gain, Zinemaldiarekin eta bertako sailekin harremanetan jartzeko datuak ematen ditu.
DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA Sozietate Anonimoa Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuko Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak osatzen dute zati berdinetan, eta Donostiako alkatea du presidentea. Donostia Zinemaldiko antolakuntzaren burua jaialdiaren zuzendari José Luis Rebordinos da.
Donostia Zinemaldia Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (F.I.A.P.F., www.fiapf.com) onartuta dago, lehiatzeko zinema-jaialdien kategorian.
Donostia Zinemaldiak ekarpen positiboa egin nahi dio kulturari eta zinema-industriari.
WIP Latam industriako profesionalei zuzendutako jarduera da, eta bi helburu ditu: batetik, Latinoamerikako film luzeak amaitzen laguntzea, eta, bestetik, nazioartean hedatzea.
Hautatutako filmak profesionalek bakarrik ikusiko dituzte (ekoizleak, banatzaileak, erakusleak, erosleak, telebistak, industria teknikoak, laguntza-funtsak, zinema-jaialdietako programatzaileak, eta erakundeak), ekoizpen horiek bukatu eta banatu ahal izan daitezen laguntzeko, eta, hala, ikusleengana heltzeko.
WIP Latam sarietara postprodukzio fasean dauden eta Latinoamerikako herrialdeek batez ere ekoitzi dituzten film luzeak, fikziozkoak edota ez-fikziozkoak, (gutxienez 60'-koak) aurkez daitezke.
Sei film hautatuko dira. Antolakuntzak kopuru hori aldatzeko eskubidea du, egokitzat jotzen badu.
Aukeratzeko erabakia apelaezina izango da.
WIP Latam sailean hautatutako film guztiei partaidetza ziurtagiria emango die Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak.
Hona hemen Donostiako WIP Latam sailaren deialdiaren oinarriak:
Donostiako WIP Latam saioan hautatzen diren filmek aukera izango dute WIP Latam Industria saria irabazteko, enpresa hauek emana: Best Digital, Deluxe Spain, Dolby Labs., Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films, saria film baten postprodukzioa DCP (Digital Cinema Package) fasera arte egitea izango da, jatorrizko bertsioan eta ingelesezko azpitituluekin eta Espainian barrena banatzea.
Hautatutako filmek WIP Latam onenaren EGEDA PLATINO INDUSTRIA Saria irabazteko aukera ere izango dute, eta 30.000 euro gordin emango dizkiote film irabazlearen ekoizle nagusiari.
Bi sariak ekitaldia amaitzen denean jakinaraziko dira Industriaren Sarien iragarpenean.
WIP Latam sarian parte hartzeak zera dakar berekin:
Zinemaldiko zuzendariak filmak ofizialki gonbidatu ondoren, hautatutako filmen ekoizleek edo ordezkariek izena emateko online formularioa eguneratu, osatu eta baieztatu behar dute 2024ko abuztuaren 5a baino lehen.
Zinemaldiak baieztapen horren sinatzailea hartuko du solaskide bakartzat, filmak Zinemaldian parte-hartzearekin lotutako alderdi guztiak negoziatzeko, baita arduradun bakartzat ere, filmaren ekoizpenean parte har dezaketen beste enpresa edo pertsonen gainetik.
Hautatutako filmaren baieztapen horren bidez, Zinemaldiko zuzendaritzak exijitzen dituen arau guztiak onartutzat emango dira eta ezingo da atzera egin; beraz, filma ezingo da Zinemaldiko programaziotik atera.
Zinemaldiak hautatutako filmei egindako gonbidapena konfidentziala izango da, eta ekoizleek edo ordezkariek isilpean gorde beharko dute, Donostia Zinemaldiak ofizialki azaltzen duen arte.
Donostia Zinemaldiaren programazio orokorraz eta emanaldien ordutegiez zuzendaritza batzordea soilik arduratuko da.
Hautatutako proiektuen ekoizleek haiek zein zuzendariak ekitaldian izango direla berresteko konpromisoa hartzen dute.
Zinemaldiko prentsako buletinetarako, katalogorako eta webgune ofizialetarako beharrezkoak diren dokumentuak online izena emateko formulariotik hartuko dira. Formulario hori behar bezala bete beharko da 2024ko abuztuaren 5a baino lehen.
Gonbidatutako filmen ekoizleek edo ordezkariek Zinemaldian emango dituzten filmen kopiak irailaren 5a baino lehenago bidali beharko dituzte hurrengo helbidera:
DONOSTIA ZINEMALDIA
Industria Saila-WIP Latam
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia (Espainia)
Tel.: +34 943 481212
wips@sansebastianfestival.com
WIP Latam saileko filmek izan behar duten euskarriak DCP da. DCPak ekoizleak/ banatzaileak ikusi eta onartu beharko ditu aldez aurretik.
Version Files delakoak kudeatzea, film hasierako animazioak gehitzea, DCP gehiago sortzea eta tankera horretako lanak ez dira Zinemaldiaren arduren parte eta, kudeatzen den material kantitatea dela eta, Zinemaldiak ezin du bermatu zuzenketa guztiak egin ahal izango direnik.
Beharrezkoa izanez gero, Zinemaldiko sail teknikoak zerbitzariaren ziurtagiria bidaliko die filmaren ekoizleei edo ordezkariei, bai eta KDMak (Key Delivery Message) jasotzeko koordenatuak ere.
Kopiak jatorrizko bertsioan aurkeztuko dira; filma gaztelaniaz bada, ingelesezko azpitituluekin, eta, beste hizkuntza batean bada, gaztelaniazko edo ingelesezko azpitituluekin.
Filmaren ekoizleek edo ordezkariek arduratu beharko dira kopiari azpitituluak jartzeaz.
Jatorrizko bertsioan gazteleraz edo ingelesez ez dauden filmen kasuan, Zinemaldiak azpititulu elektroniko gehigarriak jarriko ditu bere kontura; azpitituluak ingelesez badaude, gazteleraz, eta, gazteleraz badaude, ingelesez. Horretarako filmaren gaztelera edo ingelesezko azpitituluak –eta dagozkion denbora kodeak– beharko ditu, .srt edo .stl formatuan, baita esteka (deskargatzeko) edo DVD bat ere.
Azpititulu elektronikoak Zinemaldiaren zerbitzura lan egiten duen enpresak jarriko ditu.
Zinemaldiko zuzendaritzak eskubidea izango du filmen kopiak ukatzeko, baldin eta sail teknikoak, egiaztatu ondoren, proiektatzeko desegokitzat jotzen baditu. Zinemaldiko zuzendaritzak txosten teknikoa bidaliko die filmen titularrei edo ordezkariei kopian arazoak aurkitzen baditu.
Hautatutako filmen kopien garraio-gastuak eta asegurua partaidearen kargura izango dira, harik eta Zinemaldiaren egoitza nagusira iristen diren arte edo haren aduanako agenteari heltzen zaizkion arte.
Donostia Zinemaldia kopien aseguruaz arduratuko da egoitza nagusira iristen direnean edo haren aduanako agenteari heltzen zaizkionean harik eta itzultzen dituen arte.
Euskarriak DCP badira, filmaren ekoizleak edo ordezkariak ordainduko ditu KDMak egiteko kostuak.
WIP Latam sailean hautatutako filmen kopien itzulketak parte hartzailearen kontura izango dira.
WIP Latam sailean hautatutako film guztiak eman ondoren egingo da.
Antolatzaileek WIP Latam sailean parte hartu duten filmen aukeraketa proposamenak egin ahal izango dituzte beren programazioetan.
Akreditazioa duten industriako profesionalak Zinemaldiaren Industria saila izeneko espazioan bilduko dira eta arreta berezia jasoko dute. Talde profesional batek ahalik eta baliabide gehienak emango dizkie beren lana errazteko.
Ezusteko arazorik gertatzen bada (antolakuntzan edo funtzionamenduan) edo arau hauek behar bezala betetzen ez badira, Zinemaldiko zuzendaritzak subiranotasuna izango du, baita azken erabakia hartzeko ahalmena ere, FIAPFen arauen arabera, nazioarteko zinema ekitaldiei dagokienez.
Arauon interpretazioari buruzko desadostasunik egongo balitz, gaztelaniazko testua aplikatuko da.
Arau hauek interpretatzeko orduan sor litezkeen zalantzak Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak ebatziko ditu.