Zinemaldia Startup Challenge Donostiako Zinemaldiak bultzatutako Europa mailako lehiaketa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Eusko Jaurlaritzaren Enpresen Garapen Agentziarekin lankidetzan.
‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ jardueraren zati gisa -proiektu hori Espainiak Europako ikus-entzunezko hub gisa duen papera indartzeko Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan dago, eta Kultura Ministerioak, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua (ICAA)-ren bitartez, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak, ICEX España Exportación e Inversiones-en bidez, bultzatzen dute-, estatuko ekintzaileentzako eta startupentzako berariazko lehiaketa bat ospatuko da.
Oinarri hauen helburua bi lehiaketetan parte hartzeko arauak zehaztea da, eta lehiaketetarako deialdian parte hartzeak oinarri hauek salbuespenik eta baldintzarik gabe onartzea dakar, baita ematen den edozein ebazpen onartzea ere.
Startup Challenge Zinemaldian aurkeztutako proiektuak, Europakoak edo estatukoak izan, ondoko araudi hau bete beharko dute:
Lehiaketa horien bidez, ikus-entzunezkoen sektorean aplikatutako teknologia berritzaileen esparruko enpresa-proiektu berriak sustatu eta aintzatesteko asmoa dago. Horrela, ekimenak honako helburu hauek ditu:
1. Ikus-entzunezkoen arloko ekintzailetza-proiektu berriak sustatzea.
2. Euskadin ekimen berriak garatzen laguntzea, enpresak sortu eta kudeatzeko diru-baliabideak eta adituen aholkularitza-zerbitzuak emanez.
3. Ikus-entzunezkoen sektorearen modernizazioa bultzatzea, teknologia berrien bidez.
Helburu horiek bat datoz Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako ekintzailetza sustatzeko estrategiekin, baita Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin ere (RIS3).
Lehiaketak honako hauei zuzenduta dago, nagusiki:
Zinemaldia Startup Challengen bidez, ikus-entzunezkoen sektorean aplikatutako teknologia berritzaileko enpresa-proiektu proposamen onenak aintzatesteko asmoa dago; enpresa berri bat sortzea edo sortu berria den enpresa bat garatzea helburu duten proiektuak, zehazki.
Proposamenak honelakoak izan daitezke:
Ez dira enpresa-proiektu gisa onartuko ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proposamenak (adibidez: film laburren, gidoien, dokumentalen eta abarren proposamenak).
Ez dira onartuko lehiaketa honen aurreko edizioetan hautaketako proiektuak.
Proiektuak aurkezteko, honako prozedura hau bete beharko da:
1. Formularioa betetzea, eskatutako informazioa emanez.
2. Ideia azaltzen duen bideo labur bat erantsi beharko da. Bideoa web-plataformaren batean jarri beharko da (adibidez, YouTube, Vimeo...) eta formularioko dagokion lekuan esteka jarri beharko da.
3. Aurkeztutako proposamena hobeto ulertzen lagunduko duen beste edozein dokumentu helarazi ahal izango da (adibidez: infogramak, aurkezpenak, eskemak, prototipoak...) Gehienez, 20 MB.
4. Dokumentazio osoa jaso eta berrikusi ondoren, lehiaketako izen-ematea balioztatzeko mezu elektroniko bat bidaliko da.
Proiektuak banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez.
Proiektua taldean aurkeztuz gero, talde parte-hartzaile bakoitzak erreferentziazko pertsona definitu beharko du. Horrek beteko du formularioa eta lehiaketa koordinatzeko taldeak harekin izango du komunikazio ofiziala.
Parte-hartzaileek kontuan hartuko dute honako hau:
Proiektuak onartzeko epea
Ideiak jasotzeko epea 2024ko apirilaren 16tik 2024ko maiatzaren 31reko 23:59era artekoa izango da (Erdialdeko Europako ordua).
Inskribatutako proiektuak batzorde aditu batek ebaluatuko ditu. BIC-Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako, Tecnaliako eta Vicomtecheko profesionalek osatuko dute batzorde hori, eta 10 proiektu finalista hautatuko ditu gehienez: 5 proiektu Europako mailan lehiatuko dira eta 5 estatuan.
Hurrengo fasera igarotzeko baztertutako hautagaitzei ezezkoa emango zaie eta horren jakinarazpena eskaeran adierazitako helbide elektronikora bidaliko da.
10 proiektu finalistak epaimahai batek ebaluatuko ditu, lehiatzen diren eremuaren arabera. Epaimahai hori ikus-entzunezkoaren, teknologiaren eta enpresen arloan itzal handia duten profesionalek osatuko dute, pitching moduko aurkezpenen bidez.
Aurkezpen horiek Zinemaldia & Technology jardunaldiaren esparruan egingo dira. Proiektuak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira.
Europa mailako lehiaketan enpresa-proiektu irabazleak 10.000 euro gordineko saria jasoko ditu.
Era berean, Espainia mailako lehiaketan enpresa-proiektu irabazleak 10.000 euro gordineko saria jasoko ditu.
Halaber, 3.000 euro gordineko aipamen berezia bideratuko du, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzarekin lotutako balioak aitortzeko.
Gainera, 10 proiektu finalistek izango dituzte:
(*) Finantzazioa babesteko eta laguntzeko programa batzuetan, parte-hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala izatea ziurtatu behar dute.
Sarien zenbatekoa indarreko zerga-legediak finkatutako zerga-atxikipenen mende egongo da eta atxikipen horiek saritutako lehiakideen kontura izango dira.
Zinemaldia & Technology jardunaldian iragarriko da zein proiektuk irabazi duen lehiaketa.
Proiektu irabazleen ordezkariek, ahal den neurrian, honako aipamen hau sartu beharko dute saritutako proiektuaren webgunean: Zinemaldia Startup Challenge Saria - Donostia Zinemaldia.
Pertsona parte-hartzaileek lehiaketako oinarriak onartu eta betetzeko konpromisoa hartuko dute. Enpresa-proiektua aurkezteak oinarri hauetan adierazitako baldintza eta betebeharrak berariaz eta formalki onartzea dakar.
Egindako proiektuen eta garatutako ideiaren jabetza intelektuala eta materiala proiektuaren sustatzaileena da, baita ustiapen industriala ere.
Startupek eta parte-hartzaileek, arau orokor gisa, beren enpresari buruzko datuak eta beraiekin harremanetan jartzeko datuak partekatzea onartuko dute, startupen berri eman eta Euskadiko enpresen eta eragileen artean murgildu eta horiekin harremanetan jar daitezen.
Lehiaketara beren borondatez aurkeztutako lanek eta horien edukiek (laburpenak eta aurkezpenak barne) honako baldintzak betetzen dituztela bermatuko dute parte-hartzaileek: ez dituztela hirugarrenen eskubideak urratzen edo, kasuan-kasuan, lehiaketa honetan parte hartzeko beharrezko baimen guztiak dituztela, ez direla iraingarriak, ez dituztela ez indarkeria ez arrazismoa sustatzen, ez dituztela ez oinarrizko eskubideak, ez askatasun publikoak urratzen, ez aplikatu beharreko araudian jasotakoak eta, batez ere, ezta haurrak eta gazteak babesteari buruzko araudian jasotakoak ere, ez direla pertsona fisikoen intimitate pertsonalean edo familiarrean sartzen eta ez dutela horretan sartzea eragiten ere, ez dutela hirugarrenen ohore-eskubidea edo komunikazioen sekretutasuna urratzen eta ez direla indarreko araudiaren aurkakoak.
Halaber, startupek/parte-hartzaileek lehiaketa sustatu duten entitateei lehiaketarekin lotutako publizitate-materialean beren izena eta irudia erabiltzeko baimena emango diete, baita Interneten erabiltzeko baimena ere, trukean kontraprestaziorik jaso gabe.
Zinemaldia Startup Challenge lehiaketarekin lotutako jakinarazpen guztiak, proiektu finalisten zerrendari eta irabazleei buruzkoak barne, Zinemaldiaren webgunean argitaratuko dira.
Arau hauen interpretazioak sorrarazten duen edozer zalantza Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak ebatziko du.