GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak lau film latinoamerikar izendatu ditu finalista, XII. Sebastiane Latino saria irabazteko hautagai. Los amantes astronautas, Reas, Baby eta Vera y el placer de los otros dira filmok.
LGTBQIA+ komunitatearen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria. 2024an, gizonezko hiru zuzendarik eta emakumezko bi errealizadorek sinbolizatzen dute defentsa hori Amerika osoan, Brasilgo ekoizpen batekin eta Argentinako hirurekin.
Hamabi gizonek eta zazpi emakumek zuzendutako 17 proiektu ikusi ondoren egin zuen hautaketa GEHITUk, eta erakundeak nabarmendu duenez, "LGTBQIA+ komunitateek familia moten bilakaerari, sexu-harremanei eta sexu-lasaitzeari egindako ekarpena irudikatu nahi dute” lau film finalistek.
2023an Joris Lachaiseren Transfariana ekoizpen kolonbiar-frantsesari egokitu zitzaion Sebastiane Latino saria. Sexu-langile ohi trans baten eta FARCeko errebelde baten arteko ustekabeko maitasun-istorioa kontatzen digu film horrek. Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan eta tradizioari jarraikiz Gipuzkoako hainbat herritan (Deba, Irun eta Urnieta) ematen filma izango da, GEHITUk Mugen Gainetik elkareatekin eta eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin mantentzen duen lankidetzari esker.
Golardoaren hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta abuztuan jakinaraziko da nor den irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk, entitate lankideek eta Donostia Zinemaldiak Latinoamerikako LGTBQIA+ zinema babesten jarraitzen du Donostia Zinemaldiaren esparruan. Hori dela-eta, 72. edizioan (irailaren 20tik 28ra) 25. Sebastiane Saria eman eta Iberoamerikako LGTBIQA+ zinema-jaialdien X. topaketa egingo da, Espainiako eta Latinoamerikako 20 lehiaketa baino gehiago bilduko dituen ekimena, hain justu.
Pedro kostaldera iritsi eta Maxirekin izango da berriz; haurtzarotik ez dute elkar ikusi. Emaztegai ohia jeloskor jarri nahian, bere mutil-lagunaren itxura egiteko eskatu dio Maxik Pedrori. Pedrori dibertigarria iruditu eta onartu egingo du proposamena, baina ez ote zaie bihurtuko jolasa egiazko?
Reas filmak Argentinako hainbat espetxetan atxilotuta egondako emakume eta pertsona transak ditu protagonista. Caseros kartzela zaharra abandonatuta dago, bertan behera erortzear, eta luzaroan hor espetxeratutako pertsonek euren iraganeko bizitzaren eszenak berreraiki eta etorkizuna musikal baten forman irudikatuko dute, antzezle, abeslari eta dantzariak protagonistak eurak izanik.
Adingabeen atxiloketa-zentro batetik askatu dute Wellington; bakarrik eta noraezean dabil São Paulo hiriko kaleetan, gurasoekin harremanik izan gabe eta bizitza berregiteko baliabiderik gabe. Zinema porno batera joan eta Ronaldo ezagutuko du hor, bizirik irauteko modu berriak erakutsiko dizkion adin ertaineko gizon bat. Pixkanaka-pixkanaka, bien arteko harremana pasio gatazkatsu bihurtuko da, esplotazioaren eta babesaren, jeloskortasunaren eta konplizitatearen artean.
Amak higiezinen negozioan lan egiten duela aprobetxatuz, neska nerabe batek etxebizitza bat alokatzen die beste gazte batzuei orduka, modu klandestinoan, sexu-harremanak izateko leku bat izan dezaten. Dirua irabazteko modu erraza zirudien hori, egiatan, sexualitatea esploratzen hasteko modu bikain bihurtuko da neskarentzat.