"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
DAMAk –jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko Espainiako entitateak–, Gazteriaren Saria babestuko du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan (irailaren 20tik 28ra).
Gazteen Epaimahaian izena emateko epea abuztuaren 1etik 9ra egongo da zabalik; inskripzioa online egin beharko da Zinemaldiaren webgunearen bidez. Hona hemen parte hartzeko kondizioak: 18-25 urte izatea; formulario bat betetzea; motibazio-gutun bat eranstea; eta partaidetza-arauak onestea (irailaren 19tik 28ra erabateko prestasuna eskatzen dute arauok).
Sariaren irabazlea aukeratzen duen epaimahaia 18-25 urteko 150 gaztek osatzen dute, emanaldi bakoitzaren ondoren, filmari puntuazio jakin bat ematen diotenak. Kalifikazioak eta gustukoenen rankinga egunero eguneratuko dira, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan kontsultatu ahalko dira.
Gazteriaren DAMA sarirako hautagai diren filmak New Directors saileko guztiak izango dira, bai eta Horizontes Latinos sailean beren lanak aurkeztuko dituzten zuzendarien lehen edo bigarren film luzeak. Ia hogei film izango dira guztira, eta horrek esan nahi du epaimahaikideek bi edo hiru film ikusi beharko dituztela egunero batez beste.
Saria irailaren 28an (larunbata) banatuko da. DAMA taldearen ordezkari bat izango da bertan, baita zinemaren munduko pertsona ospetsu bat eta Gazteriaren epaimahaiko kide bat ere (Donostia Zinemaldian zehar iragarriko dira bi horiek).
DAMAk Gazteriaren Saria babesten duen lehen urtea da, baina aspalditik dago lotuta Donostia Zinemaldiarekin. Hala, Pentsamendua eta Eztabaidarako zenbait mahai-inguru eta hizketaldi bultzatu izan ditu entitateak azken urteotan eta, halaber, Lola Salvador Gidoi Onenaren DAMA Saria emateko ere baliatu izan du Zinemaldia.
"DAMAn oso hunkituta gaude Donostia Zinemaldiko Gazteriaren DAMA Saria babestuko dugulako. Belaunaldi berrien artean zinema-zaletasuna sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du sariak. Gainera, ekimena baliagarria da bokazioak pizteko eta finkatzeko. Seguru gaude epaimahaia osatuko duten 150 kideen artean, beharbada urte batzuk barru beren lanak Zinemaldi honetan bertan aurkeztuko dituzten etorkizuneko egileak daudela", adierazi du DAMAko presidente Virginia Yagüek.
20 urtetik gorako esperientzia izanik, DAMA ikus-entzunezko obren eskubideen kudeaketa kolektiboan espezializatutako entitate bakarra da Espainian, eta sektorearen erreferente bihurtu da diru-bilketan eta banaketan gardentasunez jokatzen duelako.
Gainera, ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko eta defendatzeko lan egiten du, hainbat laguntza- eta prestakuntza-programaren medioz.
Virginia Yagüe zinema- eta telebista-gidoilaria duela presidente, DAMAk 2.800 bazkide baino gehiago ditu eta 40 herrialdetako ikus-entzunezko egileen (zuzendariak eta gidoilariak) ordainketa-eskubideak kudeatzen ditu.