"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Concepción Cascajosa RTVEko bitarteko presidenteak eta José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak akordioa sinatu dute ostegun honetan, bi erakundeek duela ia bi hamarkadatik duten lankidetza indartzeko. Korporazioa zinema-jaialdi entzutetsuaren babesle ofiziala izango da hurrengo hiru edizioetan. Gainera, RTVEk Zinemaldian duen presentzia areagotuko da, hirugarren gala batekin, eta Korporazioak bere programazioan jaialdiari buruzko estaldura zabalduko du.
Sinaduraren ostean, Concepcion Cascajosak adierazi du hiru urterako akordio hau garrantzitsua dela, “RTVEk Espainiako zinemaren alde egiten duen apustuan sakontzen duelako; sariak, aitortzak eta hausnarketarako lekuak bezalako lan ildoak indartzen dituelako; eta Korporazioak duen zerbitzu publikoaren mandatuaren parte delako”. Bestalde, Jose Luis Rebordinosek ziurtatu duenez, "Donostia Zinemaldiarentzat, telebista publikoarekiko lotura gakoa da, eta, aldi berean, aliantza naturala da: helburu asko partekatzen ditugu, eta, horien artean garrantzitsuena, agian, Espainiako zinemari babesa ematea".
Akordioak hiru urteko indarraldia izango du, 2024tik 2026ra, eta harremanaren egonkortasuna bermatzen du, orain arte urtero berritzen baitziren akordioak. Gainera, edizio honetatik aurrera, RTVEren hirugarren gala bat egongo da, orain arte zeuden beste biei gehitzen zaiena. Bertan, Korporazioak Donostiako erakusleihoa aprobetxatzen du bere film parte-hartzaileetako batzuk aurreestreinatzeko, iaz La ternura eta Chinas filmekin gertatu zen bezala.
Horrez gain, RTVEk jaialdiaren gaurkotasunaren berri emateko duen konpromisoa hedatuko du bere komunikabide guztietan. Korporazioak Donostian antolatuko duen karpa berezitik egingo dira zinemarekin lotutako RTVEren programak, lehiaketaren jarraipen pertsonalizatua egiteko. Halaber, RNEko programazio berezi zabala egingo da eta Telediario albistegiaren Kultura atala egingo da hiritik zuzenean, Zinemaldiaren baitan.
Gainera, urtero bezala, inaugurazio eta klausura galak eta Donostia Sariak emango dituzte. La 2 kateak eta Canal 24 horas kateak Zinemaldiari buruzko informazio guztia eskainiko dute egunero, zuzenean. RTVE Play plataformatik ere jarraipen zabala egingo zaie jaialdiko jarduera guztiei. Horrez gain, arreta berezia eskainiko zaio RTVEk Zinemaldiaren esparruan sustatutako Berdintasun Behatokiari.
RTVEk, 2005etik Donostia Zinemaldiaren babesle ofiziala denak, ‘Otra Mirada’ sariarekin osatzen du bere parte-hartzea, esparru guztietan emakumearen errealitatetik hurbil dauden gaiak jorratzen dituen zinema sustatzeko sortua. Sariak XVIII. edizioa beteko du aurten eta itxiera ekitaldian banatuko da.