"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espainiako kulturaren 2023ko egoerari buruz egin duen azterketaren emaitzak jakinarazi ditu Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak. Iazko Espainiako laugarren kultura-ekimen nagusi izendatu dute berriz ere Donostia Zinemaldia.
Zerrenda horretako laugarrena da Donostia Zinemaldia, Prado Museoaren; Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalaren eta Thyssen-Bornemisza Museoaren atzetik. Guggenheim Bilbao Museoa eta Madrilgo Errege Antzokia bosgarren eta seigarren postuetan daude, hurrenez hurren. Era berean, Donostia Zinemaldia Euskadiko kultura-ikur gisa lehenengo postuan dago berriz ere, erkidego honetako profesionalen arabera proposamenik nabarmenena aitortzen duena.
Gainera, Euskadi da kultura-eskaintzaren kalitateari eta berrikuntzari dagokionez balorazio handiena jaso duen hirugarren autonomia-erkidegoa, Madrilgo Komunitatearen eta Kataluniaren atzetik. Donostia zazpigarren hiri baloratuena da, kalitate eta berrikuntza kulturalari dagokienez, eta lehena, 300.000 biztanletik beherako hirien artean.
Sektorearen egoera aztertzeko, joerak analizatzeko, eztabaida sustatzeko eta gabeziak zein aukerak identifikatzeko tresna bat da Kulturaren Behatokia. 2009. urteaz geroztik, azterketa egiten du urtero kulturaren arloan garrantzi handiena izan duten erakundeak eta gertaerak hautemateko. Azken galdetegian 414 lagunek parte hartu dute (% 46,5 erakunde kultural publiko bateko langileak dira; % 17,4, erakunde kultural pribatu batekoak eta % 36,1, sektoreko profesional independenteak).