"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Guztira 158.194 ikusle izan dira 58 herrialdetako 238 filmen 600 emanaldi baino gehiagotan, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan. Hori horrela, 2022an baino 5.400 pertsona gehiago izan dira.
Beste zifra batek agerian uzten du industria zinematografikoa bizia dela, zinema-jaialdietan presentzialtasuna aktiboa dela eta Donostia Zinemaldiak posizionamendu ona duela: lehen aldiz, 5.000 akreditatuen kopurua gainditu du Zinemaldiak, hau da, iaz baino ia %10 gehiago (iazkoa errekorra izan zen jada), eta %78 baino gehiago 2010az geroztik (hots, egungo zuzendaritza-taldea sartu zenetik).
Duela hamabi urte –Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa sortu zenean– hasitako hazkunde-bide horretan lagungarriak izan dira, 2023an, honako hitzordu hauek: Spanish Screenings: Financing & Tech ekimenaren bigarren edizioa eta industriako talentu, zinemagile, programatzaile eta profesional berriak bitzen dituzten sareak, Z365, urte osoko Zinemaldia ekimenak ezarriak (Z365en bidez Kabia eta 2deo Topagunea ekimenak gauzatu ziren 2023an lehendabizikoz).
Datu horiek eta beste batzuk Zinemaldiaren 2023ko memorian jasotzen dira –gaurtik aurrera eskura daiteke web-orrian–: filmen, WIPen eta proiektuen zifrez eta zerrendez gain, edizioko elkarrizketen, eskola magistralen eta mahai-inguruen eta Ikusmira Berriak programa arrakastaz finkatzearen xehetasunak jasotzen dira. Arrakasta hori berresten du, bada, Claire Denis buru duen epaimahaiak Urrezko Maskorra Jaione Cambordaren O Corno / The Rye Horn filmari eman izanak. Emakumezko zuzendari batek zuzendutako film batek Sail Ofizialeko sari nagusia jaso duen bata bestearen segidako laugarren edizioa da, eta Espainiako emakumezko zinemagile bat aintzatesten den lehen edizioa.