TCM kateak aurten lehen aldiz Gazteriaren saria babestuko du Donostia Zinemaldian (irailaren 20tik 28ra).
Sariaren irabazlea aukeratzen duen epaimahaia 18 eta 25 urte arteko 150 gaztek osatzen dute. Emanaldi bakoitzaren ondoren, filmari emandako puntuazioa idazten dute paper batean. Kalifikazioak eta faboritoen rankinga egunero eguneratuko dira, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialeten kontsultatu ahalko dira.
Gazteriaren TCM sarirako hautagai diren filmak New Directors saileko guztiak izango dira, bai eta Horizontes Latinos sailean beren lanak aurkeztuko dituzten zuzendarien lehen edo bigarren film luzeak. Ia 30 film izango dira guztira; beraz, epaimahaiko kideek batez beste hiru film ikusi beharko dituzte egunero.
«TCMren helburuetako bat da gazteei zinema ona hurbiltzea; horregatik, poz handia ematen digu sari hau babesteak», esan du Daniel Gonzálezek, TCMren Espainiako zuzendari nagusiak. «Epaimahaiko 150 kideak zinemazale sutsuak izan ohi dira, eta gustu zorrotza dute. Nahasketa hori ezin estimulagarriagoa iruditzen zaigu».
TCM telebista-kateak 20 urte bete berri ditu Espainian, eta sortu zenetik estu lotuta egon da Donostia Zinemaldira. Urte hauetan zehar, Publikoaren saria, ziklo bereziak eta Zinemaldia Topaketak babestu ditu. Babes honi esker, Gazteriaren saria Gazteriaren TCM saria izango da aurten.
Horrez gain, 67. Donostia Zinemaldiko ekitaldi berezi batean ere egongo da TCM, irailaren 22an, igandean. Orain dela 30 urte zendu zen Bette Davis, Donostia saria jaso eta egun gutxira. Bada, Zinemaldiak, aktorea gogora ekartzeko, El último adiós de Bette Davis TCMk ekoitzitako dokumentala emango du. Hain zuzen ere, diva iparramerikarra Donostian izan zeneko uneak berritzen ditu dokumentalak. Pedro González Bermúdezek zuzendua da El último adiós de Bette Davis, eta Zabaltegi sailean aurkeztu zen, 2014an. Gainera, Goya sarietarako hautagai izan zen, dokumental onenaren atalean.
NEW DIRECTORS
Meir 68 urteko ingeniari erretiratua da, eta hiru hamarkadaz arduratu da herriko ospakizun tradizionala antolatzeaz. Baina ardura hori nahi ala ez kenduko diote eskarmentu gabeko nerabeei emateko, eta bere mundua kolokan ikusiko du. Bere sena eta bizkortasuna berreskuratu nahian, kontra egiten hasiko zaio egoera saihetsezinari: bere gorputz fisikoaren traizioari, bere seme-alabekiko distantzia gero eta handiagoari, eta adierazgarritasun ezari. Greenland (2014) film laburrarekin Nest Film Students saria irabazi zuen Oren Gerner zuzendariaren opera prima.
Familia bateko kideak gogoz iritsiko dira Txileko hegoaldeko uharte huts batera, hotel turistiko bat sortzeko asmoz. Kontinentetik eraman zituen gizona desagertzen denean, familia harrapatuta geldituko da. Hotzez, eta urik eta ziurtasunik gabe, animoak eta bizikidetza ona desegin egingo dira, eta senide bakoitzak ezkutatzen dituen piztiak agerian geldituko dira. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Itxuraz, 19 urteko Mirjamen bizitza perfektua da. Estilo libreko disko-dantzako munduko txapelduna da, eta harro du bere eliza ebanjeliko modernoa. Bere gorputza, ordea, laguntza eske ari da. Munduko txapelketan, bere titulua defendatzen ari dela, eszenatokian ziplo eroriko da. Familiakoek fedean gehiago kontzentratzeko proposatuko diote, irtenbide moduan, eta berak, erantzun bila, eliza zorrotz eta kontserbadoreago batera joko du. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Lis nerabea herritik atera eta zirkoko artista izan nahi du, baina badaki horretarako gurasoei gogor aurre egin beharko diela. Uda da eta lagunekin ematen ditu egunak, bera baino zertxobait helduagoa den mutilarekin maite-kontuetan. Intimitate ezagatik eta bizilagunen txutxu-mutxuengatik, harremana isilpean eramango du Lisek, gurasoek jakin ez dezaten. Erlazioak betiko aldatuko du bere bizitza. Opera prima.
90eko hamarkadaren hasiera Buenos Airesen. Amandak 10 urte ditu eta hiru anai-arrebetan zaharrena da. Gurasoak bananduta daudenez, umeak etxe batetik bestera ibiltzen dira. Aitarekin daudenean, heldu batek bezala jokatu behar du Amandak, eta etxeko guztiez –ahal duen bezala– arduratu behar da, Gustavo nahiko bitxia delako eta seme-alabak bere burua baino pittin bat gehiago bakarrik maite dituelako. Egun batean, herrialdetik eta aitaren bizimodu arduragabetik urruti bizitzera joatea proposatuko die amak, eta Amandari kezkak sortuko zaizkio. Opera prima.
Jordi duela 51 urte jaio zen, garuneko paralisiarekin. Ezin du hitz egin, baina taula bat erabiliz komunika daiteke. Modu horretan azalduko dio Maiderri, film honen zuzendariari, 21 urte zituenean Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuela lehen aldiz. Orain, ordea, gurasoen etxetik egoitza batera bizitzera joan da, eta han ez du berriz sentitu Jainkoa. Urtean behin, Lourdesko santutegira erromesaldian joaten da Jordi, eta han bilatzen du Jainkoarekin konektatzea, nahiz eta ez dakien Jainkoa berriz itzuliko zaion. Opera prima. Ikusmira Berriak egoitza-programaren bitartez garatutako proiektua. REC Grabaketa Estudioa postprodukzio saria.
1976ko uda. Bero-bolada bat azkar-azkar lehortzen ari da Suitzako landa-ingurua. Giro itogarri horretan, nekazari baten 13 urteko semeak, Gusek, familia eta bere inozentzia ihes egiten ikusiko ditu: mundu baten amaiera bizitzen ari da. Zuzendariaren lehenbiziko film luzea, Puppy Love (2013), New Directors egon zen.
Senarra kartzelan duela, Lassad ezagutu du Nourak. Berehala maiteminduko dira eta elkarrekin bizi nahiko dute. Baina Jamel presondegitik aterako da, eta, legeak behartuta, Nourak berarekin bizi beharko du berriz ere. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Lynn eta Lucy lagun minak dira betidanik, eta haien erlazioa edozein maitasun-harreman bezain bizia da. Jaio ziren lekutik inoiz aldendu gabe, Lynn bere lehenbiziko mutil-lagunarekin ezkondu zen, eta bizkor hazten ari den alaba bat dute. Orain, pozarren dago bere lagun karismaduna eta aldakorra ama bihurtu delako estraineko aldiz, baina Lucyren erreakzioa ez da Lynnek espero duena. Laster ikusiko dute elkarren adiskidetasuna noraino iristen den, muturreko egoera batean. Opera prima.
Jonasek itsu plantak egingo ditu telebistako dantza-lehiaketa batean sartzeko. Han, Saulé dantza-lagun erakargarria ezagutuko du. Laster, ikuskizuneko lehiakiderik famatuenak izango dira. Bitartean, Vytas, Jonasen aspaldiko ezagun bat, mendeku hartzeko gogoz aterako da espetxetik, bere emazte zenaren heriotzaren errua, berea ez ezik, maitale zuen Jonasena ere badela uste duelako. Ignas Jonynasen bigarren lana, 2018ko Glocal in Progress sailean saritua.
Sumin eta Jinho anai-arrebak elkarrekin bizi dira. Egun batean, gurasoek berehala dibortziatuko direla jakinaraziko diete. Oraindik ez dute erabaki familiako lau kideak nola biziko diren eta bi aste itxaroteko eskatuko diete. Sumin kezkatuta dago, Jinhorengandik aldenduko ote duten eta amarekin edo aitarekin biziko ote den. Egun batean, baina, proposamen bat egingo diote. Opera prima.
Egungo Bulgariako herrixka bat. Ama bat eta bi alabak bizirauteko borrokan ari dira. Askotan, alaba txiki distraitu eta ameslariak istorioak asmatzen ditu, bizitza interesgarriagoa egiteko. Nahi gabe, gezur horietan harrapatuta geldituko da eta ahizpa nagusiaren mundu antolatua eta materialista suntsituko du. Bitartean, bi gazteek amari buruzko egia ezagutuko dute. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Graduatu den egun berean, Charlottek jakingo du Georgiako bere herrira itzuli dela bere lehenbiziko maitea, trauma ikaragarria bizi eta urtebetez desagertuta egon ondoren. Baina, gau horretan, bere adineko neska bat hilda aurkituko dute, eta gero beste bat. Beldurgarria den zerbait gertatzen ari da inguruan, eta Charlotten azken uda amesgaizto kutsua hartzen joango da. Opera prima.
Japoniako antzerki tradizionaleko Kyogen adarrean 650 urteko ibilbidea egin duen artista-familia bateko ondorengoa da Motonari Okura. Negu batean, mendian isolatutako etxe batera joango da hamar urteko semearekin, erregimen zorrotz horretan trebatzeko, besteak beste, entseatzen eta garbitzen. Egun batean, aspaldiko lagun baten eta haren ilobaren bisita jasoko dute. Opera prima.
HORIZONTES LATINOS
Kuba, 1994ko uda. Aldi Berezian, herrialdeko krisi handienetako batean, legez kanpo Estatu Batuetara iristen saiatuko dira milaka kubatar baltsero, bizirik ateratzeko gai izango ote diren jakin gabe. Oporrak hasten direnean, abuztu arduragabe batean murgilduko da Carlos; lagunekin nora ezean ibili, eta lehen aldiz maiteminduko da. Gutxi daki herrialdearen etorkizun ziurgabeari buruz, harik eta, banan-banan, auzotar eta lagunak bizitza hobe baten bila joan, adiskidetasunak hautsi eta familiak banantzen diren arte. Uda bero horretan, hankaz gora jarriko da Carlosen mundua.
Cagalera eta Moloteco San Gregorio Atlapulco herriko bi nerabe dira. Bizi duten egoera itogarriari ihes egitea bilatuko dute etsi-etsian. Elektrikarien sindikatuan haien bizitza alda dezakeen plaza bat salgai dagoela jakiten dutenean, Mexiko Hiriko mundu kriminal ilunean barrenduko dira, beren askatasuna erosteko ahaleginetan. Cannesko zinema-jaialdiko emanaldi berezia.
Romina familiaren etxera itzuliko da ama izan ondoren. Bere semearen, Ramónen, aitarengandik urrun, bere amaren, Mónicaren, etxean babestuko da. Han amaren denboran murgilduko da, baita alaba-denboran ere, eta zer nahi duen argitzen saiatuko da. Buenos Airesen bisitan, aleman-eskolak emango ditu Rominak, eta ezkongabeko bizitza egiten saiatuko da, gauez ateratzen. Semea maitatzen hasi aurretik nolakoa zen jakin nahi du. Nor den ulertu behar du, bere jatorrira itzuliz eta familiako historiaren zati bat berreginez. Romina Paula idazle, dramagile eta aktoreak zuzendutako lehen lana. Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean aurkeztua.
San Bernardo, Txile, 1970. Gau batean, mozkortuta, bere lagunik onena sastakatuko du Jaimek, 20 urteko gazte bakarti eta nartzisista batek, haserrealdi batean itxuraz. Espetxean El Potro ezagutuko du, gizon nagusi eta errespetatua, eta harengana joko du babes, maitasun eta aitorpen bila. Jaime El Príncipe bihurtuko da, eta maitasuna eta leialtasuna aurkituko ditu espetxeko botere-borroka bortitza bizi bitartean. Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean hautatua.
Kostaldean marrazoak daudelako susmoak bainuetxe txiki bateko bizitza lasaia aztoratuko du. Rosinak, 14 urteko nerabe batek, itsasoan zer edo zer ikusi duela uste du, baina badirudi inork ez diola arreta handirik jartzen. Aitak etxeetan mantentze-lanak egitera eramaten duenean, Joselo ezagutuko du, apur bat nagusiagoa den arrantzale bat. Igerileku zikin, lorategi arranditsu eta hondartza hutsen artean, desio berri bat bizitzen hasiko da Rosina: bere gorputzaren eta Joselorenaren arteko distantziak laburtu nahia. Baina Joselok ez du interes bera. Haren arreta erakarri nahian, plan korapilatsu eta apur bat traketsa prestatuko du, eta ikusezin eta arriskutsu ibiliko da, harrapakari misteriotsuen presentziak inspiratuta bezala. Zuzendari onenaren saria Sundancen.
Guatemala, 2018 urtea. Gerra Zibila hasi zuten soldaduen epaiketari begira dago herrialde osoa. Auzian, biktimen azalpenak entzungo dira, bata bestearen atzetik. Ernestok, Forense Fundazioarentzat lan egiten duen antropologo gazteak, gerran desagertutako jendea identifikatzen du. Egun batean, adineko andre baten kontakizuna entzutean, bere aitarengana eraman dezakeen pista bat aurkitu duela irudituko zaio; izan ere, garai hartan desagertutako gerrillaria zen aita. Bere amaren nahien kontra, buru-belarri hasiko da egia bilatzen.
Pablo ezkonduta dagoen 40 urteko gizon bat da, bi haur zoragarriren aita. Gizon eredugarria eta kristau ebanjeliko elizkoia da. Baina bere bizitza tradizional perfektuan arrailak agertuko dira gizon batekin maitemindu eta bere sentimenduak eta gatazkak lehian hasten direnean. Bere bizitza intolerantziazko infernu zapaltzailea bihurtuko da; izan ere, hura sendatzeko ahalegin guztiak egitea erabakiko dute familiak eta elizak, eta terapia bidez gogoa erreprimitzera behartuko dute. Berlinaleko Panorama sailean aurkeztua.