Hamalau euskal ekoizpen izango dira 65. Donostia Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute.
Zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet (Berria 10 urte, When I Was a Child) eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren. Bi txirula, gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea da. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, Big Boy dokumentala eta Errusia. Eta Pura vida (2012) eta Walls (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), Elkarrekin-Together zuzendu dute. Filmean, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila. Elkarrekin-Together izan da Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratutako filma.
Saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen (Oírse) bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa. Arratibelek bere familiaren fede katolikorako konbertsioa ulertu nahi du filmaren bitartez, eta obra horrekin Publikoaren Saria jaso du Punto de Vista zinema-jaialdian, baita dokumental onenaren saria Malagako zinema-jaialdian ere. Berasategik, bestalde, Toti Martínez de Lezea arabar idazlearen pertsonaia literarioan oinarritutako animazio-filma zuzendu zuen.
Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako hautagai: Morir, Fernando Francok (Sevilla, 1976) La herida egin ostean zuzendutako bigarren filma, Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix antzezleek protagonizatzen dute; aldiz, Handia-k, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jon Garañoren (Donostia, 1974) filmak, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista.
Halaber, saria lortzeko lehian izango da Operación Concha, Antonio Cuadri (Trigueros, Huelva, 1960) zuzendariaren filma, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonistekin. Belodromoan izango da emanaldia.
Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko Volar filma ere. Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendua -Zinemiran Mariposas en el hierro (2012) estreinatu zuen- genero-indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumerengana hurbilduko da. Protagonistek asteburu bat elkarrekin ematen dute landa-eremuan.
Gainera, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) berriz izango da Zabaltegi-Tabakaleran iaz Sipo Phantasma aurkeztu ondoren. Aurten Plágan izeneko film laburrarekin parte hartuko du. Kimuak 2017 ekimenerako hautatua izan zen, eta, urtero bezala, ekimeneko zazpi obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan.
Lau euskal ekoizpen ere -hiru hasiberriak, bat amaitzear- protagonista izango dira 65. Zinemaldiko industria-jardueren esparruan. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, euskal ekoizpena dute hastapenetan dauden bi proiektuk. Akelarre, 1609ko Euskal Herrian girotua, Pablo Agüerok zuzenduko du (El Bolsón, Argentina, 1977); hau da, 77 Doronship (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2009) eta Eva no duerme (Zinema Eraikitzen 27 eta Sail Ofiziala 2015) filmen errealizadoreak.
El doble más quince Mikel Ruedaren (Bilbao, 1980) proiektu berria da. Caminan (Zabaltegi-Tabakalera 2016 eta Kimuak 2016), New York. Bosgarren solairua (Zinemira 2016) eta A escondidas / Ezkutuan (Malagako zinema-jaialdia 2014) filmen egileak 30 urtek banatutako emakume eta nerabe baten istorioa kontatuko digu.
Horrez gain, Glocal in Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Telmo Esnal (Zarautz, 1967) zuzendariaren Dantza aukeratu du lehenbiziko edizioan. Aurrez hainbat lan aurkeztu ditu zuzendariak Zinemaldian: Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak, 2005), Asier Altunarekin batera; Amona putz! (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama 2009); Urte berri on, amona! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2011); eta Iraila, berriz ere Altunarekin, Kalebegiak talde-filmaren barruan.
Azkenik, Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko asmoz, elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programan Las letras de Jordi aukeratu da, Maider Fernández Iriarteren proposamena. María Elorzarekin batera Gure hormek (Zabaltegi-Tabakalera 2016) eta La chica de la luz egin ditu Fernández Iriartek; azken hori, Kalebegiak (Belodromo 2016) film koralaren barruan.
SAIL OFIZIALA
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.
Luisen eta Martaren bizitzak bat-batean geldituko dira. Gezurrek, erruak eta beldurrak proban jarriko dute bikotearen egonkortasuna.
ZABALTEGI - TABAKALERA
Plaga: latinetik, plaga 'kolpea', 'zauria'. Esanahia: animalia edota landare populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunen agerpen masibo eta bat-batekoa. Kaltegarria den zerbaiten ugaritasuna.
ZINEMIRA
Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.
Bi gizon oinez doaz. Ihesi. Hainbat paisaia igaroko dituzte lurralde lasaiago eta epelago baten bila. Txori migratzaileak bezala. Bi txirula bidaia bat da. Bizirik irauteko egin beharrekoaz gain (janaria bildu, lo egin, babesa bilatu...), bizitzaz eta bestelako mundu baten aukeraz hausnartzeko denbora ematen duen bidaia.
"Instrumentu batzuek, adibidez tronpetak, adorera bultzatzen dute. Beste batzuek, adibidez flautak, gozotasunera. Eta badaude beste batzuek, organoak, kasurako, zerutiarra den orori arima kentzen diotenak (Aristoteles). Nire familia osoa fede katolikora konbertitu da. Haiekiko distantzia gero eta handiagoa zenez, erabaki nuen film bat egitea, ulertzeko nola sartu zen Espiritu Santua haien bizitzetan, eta, nolabait, baita nirean ere. Maitasun, absentzia, hutsune eta distantzien film bat". (David Arratibel)
Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera bidaiatuko du. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen. Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena. Haien ametsa aurkitzen badute, erakutsiko dute beste mundu bat posible izan zela; beste mundu bat posible dela.
Frantziako hiri txiki bat, 2016ko lan-erreformaren garaian. Radial enpresak bere ateak itxiko ditu greba gogor baten ondoren. Jeansé, Juliette, Bruno, Christine eta Pierre kanporatze-prima iraingarria irensteko elkartu dira. Etxerako bidean, Brunok bortizki uko egingo dio jendarme-kontrol bati. Non film koralak langile talde baten kexa kutsakor eta sumindua kontatzen du. Kuadrilla bat eromenean murgilduta, gelditzen zaien gizatasun apurra mantentzeko.
Nur eta bere gurasoak Txinara joan dira bizitzera. Nurrek lagun berriak egin ditu eta gaur bere lagun Guo Guoren urtebetetzea ospatuko dute. Horretarako, jolas parke batean elkartu dira eta, jolasean daudela, Guo Guo desagertu egin dela ohartuko dira. Haren bila joatean labirinto batean sartuko dira, eta irteteko, bertan aurkituko dituzten enigmak argitu beharko dituzte. Horrela, herensugearen bederatzi ateak zeharkatuko dituzte.
ZINEMIRA KIMUAK
Ab alio Augusto Monterrosoren aipu honi lotzen zaio: ''Hay tres temas: el amor, la muerte y las moscas'' (Hiru gai daude: amodioa, heriotza eta euliak).
Daniel lan-elkarrizketa batera doa. Lanposturako hautatzen badute, Sigfried paseatuko du, Cosmeren txakurra. Baina txakur basatia da Sigfried, eta ez badira emandako jarraibideak betetzen gupidagabea izan daiteke.
Euxebiri aita hil zioten gerran. Gaztaroan frankismoaren errepresioa jasan zuen, eta gaur arte, diktadura aspaldi amaitua egonagatik ere, ez du izan bere aitaren memoria agerira ekartzeko aukerarik. Haren bila urteak eman eta gero, azkenik hobia ireki dutenean, argazki bat utziko du Euxebik bere aitaren hezurren ondoan.
Itxaro Bordak 1985ean idatzitako Klara eta biok narrazioa berrikustea proposatzen du Euritan filmak. Egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarrita, euskal nortasunaren inguruko harreman periferikoaren gaineko begirada eguneratzen da.
Familiako patriarkaren urtebetetzean, semeetako batek armairutik atera eta senideen tolerantzia proban jartzeko erabakia hartuko du. Baina gordeta dituen ustekabeak ez dira hor amaitzen.
Cabo Delgadon (Mozambike), oraindik ere bateraezinak dira herritarren pobrezia eta lurpeko aberastasuna, eta ehunka meatzariren bizitzarekin akabatzen du horrek. Ba al dakizu zure osasuna ere haien lanaren menpe dagoela?
Izurria: latinetik, “plaga”, 'kolpea', 'zauria'. Esanahia: animalia edota landare populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunen agerpen masibo eta bat-batekoa. Kaltegarria den zerbaiten ugaritasuna.
BELODROMOA
Marcos Ruiz de Aldazábal, eskrupulurik gabeko enpresaria, porrot egin duen ekoiztetxe baten buru da. Etsi-etsian eta dirurik gabe, Marcosek eta bere taldeak plan bat antolatuko dute inbertitzaile milioidun bati iruzur egiteko. Horretarako, haien filmean lan egiteari uko egin dion Ray Silvela aktore prestigiotsuaren ordezkoa erabiliko dute. Donostia Zinemaldiaren esparruan hasiko da iruzur itzela, eta bertan ezer ez da izango dirudiena.
BESTELAKO JARDUERAK
Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe.
ZINEMIRA SARIA
Julia Juaniz
Euskal Zinema eta ETBren Galan, irailaren 26an (asteartea) Victoria Eugenia antzokian, Elkarrekin-Together filma proiektatuko eta Zinemira saria emango da. Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko sari hori, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko. Aurreko urteetan Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015) eta Ramón Bareak (2016) jaso dute. Aurten, Julia Juaniz muntatzailearen jarduna sarituko da.
Zaragozako Unibertsitatean Medikuntza eta Spectrum galerian argazkilaritza ikasi ondoren, 60tik gora produkzio muntatu ditu Julia Juanizek (Arellano, Nafarroa, 1956), bai zuzendari ezagunenak, besteak beste, Carlos Saura (Taxi, Pajarico, Tango, Goya en Burdeos, Buñuel y la mesa del rey Salomón, El 7º día, Io, Don Giovanni), Víctor Erice (Alumbramiento), Daniel Calparsoro (Guerreros / Gerrariak, Asfalto), Mercedes Álvarez (El cielo gira), Rafael Gordon (Todo mujer, La reina Isabel en persona), Ramón Barea (El coche de pedales, Pecata minuta), Alberto Morais (Un lugar en el cine, La madre) eta Inés Parísenak (Miguel y William), bai euskal zinemagile gazteenak, esate baterako, Alberto Gorritiberea (Arriya / La piedra), Jabi Elortegi (Zorion perfektua), Pedro Aguilera (Naufragio / Hondoratzea) eta Arantza Ibarrarenak (Zigortzaileak / Los castigadores).
Errealizadore gisa egindako film laburrak ere aurki daitezke bere filmografian, besteren artean, Traintime (1991), Euskal Zinemaren Sari Nagusiaren irabazlea Bilboko zinema-jaialdian; El vuelo de Dora Salazar (2011), Altsasuko artistari buruzkoa; El grito de Guernica (2012); Mankind (2012), Lars von Trier zinemagilearen Gesamt proiekturako hautatua, eta El lenguaje de los objetos (2013), Marijose Recalde artistari buruzkoa.
Bitan izendatu dute muntaketa onenaren Goya sarirako, Goya en Burdeos (1996) eta Iberia (2005) filmengatik hain zuzen; horrez gain, El cielo girak (2004) Espainiako Kritiko Zinematografikoen Zirkuluaren saria ekarri zion.
Bere filmetako asko Donostia Zinemaldiaren historiaren parte dira: El tiempo de Neville (Zabaltegi, 1991), Urte ilunak / Los años oscuros (Zuzendari Berriak, 1993),Taxi (Sail Ofiziala, 1996), Muerto de amor (Zabaltegi, 1996), La fabulosa historia de Diego Martín (Euskal Zinemaren Eguna, 1996), Pecata minuta (Zabaltegi, 1998), Time’s Up! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2000), Buñuel y la mesa del rey Salomón (Sail Ofizialaren inaugurazioa, 2001), El 7º día (Made in Spain, 2004), Cosmos (Zuzendari Berriak, 2007), El cielo gira (Made in Spain, 2005), Fados (Zabaltegi-Perlak, 2007), Un lugar en el cine (Euskal Zinemaren Eguna, 2008), Zorion perfektua (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2009), Arriya (Zinemira – Euskal Zinemaren Panorama, 2011) eta Naufragio (Zinemira – Euskal Zinemaren Panorama, 2011).
Argazkilaritzaren eta bideoartearen alorretan eta filmetako negatiboak pintatzen egin duen artista-lana hainbat erakusketatan egon da ikusgai: Artistas Españoles en Daegu (2013, Hego Korea), Ver con los ojos y el alma (La Neomudéjar, 2014), Abrir mundos (Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, 2015), Alas-Hegoak (Iruñeko Zitadelako Arma Aretoa, 2015), Sueños (La Alhóndiga de Segovia, 2016), Emakumearen Eremua, el espacio de la mujer (La Neomudéjar, 2017). Errusian (Now&After), Mexikon (Casa Buñuel) eta Etiopian (AVAF Festival Ethiopian Videoart) ere erakusgai jarri dute bere obra.
Julia Juanizek zinemagintzako unibertsitate eta eskoletan muntaketa-ikastaroak eman ditu orobat. Europako Zinema Akademiako kide da, baita Espainiako Zinema Akademiako zuzendaritza-batzordekoa ere, muntaketako batzordekide gisa.
Gaur egun, Karzan Kader zuzendariaren Trading Paint (Espainia - AEB) muntatzen dabil, John Travolta, Michael Madsen eta Shania Twain protagonista dituen film luze bat, eta aurrez honako film hauek amaitu ditu: Bent, Bobby Morescok idatzia eta zuzendua (Crash eta Million Dollar Baby filmen ekoizlea), Sofía Vergara eta Andy García antzezleekin; Finding Steve McQueen, Mark Steven Johnson zuzendariarena (Daredevil), Travis Fimmel (Vikings) eta Rachael Taylor (Transformers) aktoreek protagonizatua, eta Black Butterfly, Brian Goodman zuzendariarena (What Doesn't Kill You), Antonio Banderas Donostia sariduna eta John Rhys Meyers (Match Point) antzezleekin.
EUSKAL ZINEMA ETA ETBren GALA
Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera bidaiatuko du. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen. Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena. Haien ametsa aurkitzen badute, erakutsiko dute beste mundu bat posible izan zela; beste mundu bat posible dela.
INDUSTRY CLUB
EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROA
Euskal Herria, 1609. Lurraldeko gizonak urruti joan dira, itsasora. Amaiak (20) lehen aldiz parte hartuko du basoko festa batean, gauean, herriko beste neska batzuekin. Egunsentian atxilotu egingo dituzte. De Lancre epaileak, Erregearen mandatuz eskualdea garbituko duenak, sorginkeria leporatuko die. Ziur da bere kasu onena aurkitu duela hor; beraz, beharrezkoa egingo du akelarreari buruz zer dakiten aitor dezaten. Hasieran, Amaiak aurre egingo dio epaileari, pixkanaka haren jokoan sartu aurretik. Menderakaitza eta azkarra, apurka-apurka gero eta intimoago den duelu batean nagusitzen joango da Amaia.
45 urte dituzunean, dena egina duzulako sentipena eduki dezakezu: senarra, bi ume, beharbada txakur bat, eta, zorte pixka bat edukiz gero, baliteke lorategia duen etxe batean bizitzea ere. Baina… hori al da dena? Benetan, hori izango da gainerako zure bizitza? Non zaudete zu eta zure nahiak? Aldiz, 15 urte dituzunean, beharbada irudituko zaizu munduko denbora guztia duzula ezkontzeko, ume pare bat izateko, agian katu bat, eta are lorategia duen etxe bat izateko ere. Baina… zer gertatzen da zer egin ez badakizu? Ana eta Eric. Eric eta Ana. Galduta daude biak. Ez dakite, inondik inora, zer egin beren bizitzekin. Egun batean elkar ezagutuko dute sexu-txat batean, eta aurrerantzean zerbait aldatuko da.
GLOCAL IN PROGRESS
Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko pelikula libre bat da Dantza, bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa erakusten duen fikziozko film musikal bat. Film honetan, dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dira; besteak beste, bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren kontrako etengabeko borroka. Aldi berean, abestiez, keinuez eta erritmoaz lagunduta narrazio sinple baina argia osatzen da.
IKUSMIRA BERRIAK
"Jordi duela 51 urte jaio zen, garun-paralisiarekin; hala ere, ez du bere burua gaixotzat hartzen. Hitz egin ezin duen arren, kartoizko taula baten laguntzaz saiatzen da elkarrizketak izaten. Hain zuzen, hala komunikatzen gara elkarrekin. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen lehenengo aldiz 21 urte zituenean. Hala ere, gaur, etxea eta gurasoak utzi eta egoitza batera joan da, eta ez du Jainkoaren presentzia sentitzen. Jordi hutsik dago isiltasunaren eraginez. Filma Jainkoarekiko eta gizon aske baten hitzarekiko maitasunari buruzkoa da. (Maider Fernández Iriarte)
Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak
Euskarara bikoiztutako haur-filmak
Zinemira Euskaraz programaren barruan, Zineuskadiren laguntzaz, haurrentzat pentsatutako film-aukeraketa bat eskainiko da, euskarara bikoiztua.
Horrez gain, Belodromoan goizero Mark Osborne-n The Little Prince (Printze Txikia) filma emango da euskarara eta gaztelerara bikoiztua.
EUSKARAZKO AZPITITULUAK DITUZTEN BESTE SAILETAKO FILMAK
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|