Ibermedia Proiektua (Ez du proiektu onenaren saria eskuratzeko parte hartuko)
Donostia Zinemaldiak Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroa jarri zuen abian 2012an. Honako hauek ditu helburu nagusi Foroak: ikus-entzunezko proiektuen garapena bultzatzea, profesionalen arteko lankidetza sustatzea eta nazioarteko merkatu berrien irekitzea bultzatzea.
Koprodukzio Foroa garatzen ari diren proiektuei zuzenduta dago, eta han Europako zein Latinoamerikako zinema-proiektuek har dezakete parte.
Proiektuen arduradunek, pitching saioetan, zinemagintzako kideei aurkez diezazkiekete beren egitasmoak; horretarako, agenda pertsonalizatua izango dute, profesionalekin hitzorduak zehaztearren.
Zinemaldiak 2016ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Saria emango dio hautatutako proiektuetako baten ekoizleari; hari esker irabazleak 10.000 euro jasoko ditu. 2016an lehen aldiz banatuko da Europa- Latinoamerika koprodukzio foroko EFACs-CACI Saria; irabazten duen proiektuaren ekoizle nagusiak 20.000 euroko dirusaria jasoko du. Gainera, Arte France Cinemak ARTE International Prize banatuko du. Honekin, 5.000 euroko saria emango zaio Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroan hautatutako proiektutako baten gehiengoa duen ekoizleari.
Foroan bertan, zenbait ekimen izango dira; alde batetik, parte-hartzaileen artean topaketa informalak sustatzeko, eta, bestetik, ikus-entzunezko industriaren gaur egungo eta etorkizuneko funtsezko alderdien inguruko esperientziak eta ezagutza trukatzeko.
Horrez gain, elkargune bat eskainiko die Donostiara etorriko diren industriako profesionalei, eta matchmakers talde bat izango da harremanak errazteko.
Donostiako foroari jarraipena emanez eta Canneseko Zinema-jaialdiko Marché du Film ekimenarekin eta Argentinako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Erakundearekin (INCAA) sinatutako Forjando Alianzas lankidetza-hitzarmena dela-eta, proiektu hauetako batzuek nazioarteko ibilbidean aurrera egin ahal izango dute; dela Ventana Sur jaialdiko merkatuan, dela Cannesko Producers Network sarearen hurrengo edizioan. Ibilbide horrek nabarmen lagunduko die filmoi nazioartean sustatzen.
Donostia Zinemaldiak Focus on Nordic Glocal sustatuko du aurten, V. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren barruan. Danimarka, Islandia eta Norvegiako produktorez osatutako ordezkaritza bat Donostian izango da Zinemaldia zuzenean ezagutzeko, kontaktu profesionalak egiteko eta bai Koprodukzio Foroan bai Industry Club sailak antolatutako gainontzeko jardueretan parte hartzeko.
Profesionalen arteko topaketa hori, Glocal Cinemas Sarearen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzaz martxan jarria, 2017an Industriako jarduera berri bat sortzeko abiapuntua izango da. Glocal in Progress ekimenak muin jakin bat izango du ardatz: postprodukzio-fasean dauden hizkuntza ez hegemonikoetako Europako film sorta bat ematea, filmak amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagundu dezakeen produktorez, banatzailez, salmenta-agentez edo programatzailez osatutako audientzia baten aurrean.
Donostia Zinemaldiak 2014an abiatu zuen Focus on ekimena, Telefilm Canadarekin elkarlanean. Kanadako 12 produktorez osatutako ordezkaritza bati Zinemaldian parte-hartzeko gonbidapena egin zitzaion. 2015ean, jarduera hori indartzeko, herrialdearen ekoizpen-ahalmena kontuan hartuta, Kanada izan zen berriz ere Focus on ekimeneko protagonista, banaketaren esparruko profesionalak ere barne hartuta.