"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak antolatzen du Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroa.
Donostia Zinemaldiaren egoitza nagusia honako helbide honetan dago:
DONOSTIA ZINEMALDIA
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
ssiff@sansebastianfestival.com
Zinemaldiaren Webgune ofizialak: www.sansebastianfestival.com, informazio xehatua eskaintzen du, eta Zinemaldiarekin eta bertako sailekin harremanetan jartzeko datuak ere biltzen ditu.
DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA Sozietate Anonimoa Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuko Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak osatzen dute zati berdinetan, eta Donostiako alkate Eneko Goia du presidente. Donostia Zinemaldiko antolakuntzaren burua jaialdiaren zuzendaria José Luis Rebordinos da.
Donostia Zinemaldia Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioan (FIAPF, www.fiapf.org) onartuta dago, «Lehiatzeko zinema-jaialdiak» kategorian.
Donostia Zinemaldiak ekarpen positiboa egin nahi dio kulturari eta zinema-industriari.
Donostia Zinemaldiaren 64. edizioa Donostian egingo da, 2016ko irailaren 16tik 24ra bitartean. V Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, berriz, 2016ko irailaren 19etik 21era artean bilduko da.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren laugarren ediziora aurkezten diren proiektu guztiak Foroko hautaketa-batzordeak aukeratuko ditu, Zinemaldiko zuzendaritza buru dutela, nazioarteko hiru adituk egindako txostenetan oinarrituta.
Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroaren diru-saria 10.000 euro gordinekoa izango da proiektu irabazlearen ekoizle nagusiarentzat, banku edo nazioarteko txeke bitartez, betiere eurotan.
Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren sariak honako xede hau du: Europako eta Latinoamerikako kulturaren eta zinema-industriaren garapenari ekarpena egitea.
Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Fororako aukeratzen diren proiektu guztiek izango dute Proiektu Onenaren Saria irabazteko aukera, berariazko akordioen esparruan aurkeztu diren proiektuak izan ezik.
Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Saria Donostia Zinemaldiak hori erabakitzeko berariaz osatu eta aukeratutako epaimahai batek erabakiko du.
Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Saria ezingo da eman gabe utzi, ez eta proiektu bati baino gehiagori eman ere.
Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Saria 2016ko irailaren 21ean –asteazkena– jakinaraziko da, V. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan antolatutako ekitaldian.
Proiektuak ekoizten amaitutakoan, horien arduradunek Europa-Latinoamerika V. Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Saria-ren logoa agerrarazi beharko dute behin betiko kopiako kredituetan. Logotipoa hainbat hizkuntzatan egongo da eskuragarri Zinemaldiaren Webgune ofizialean
Araudi honen interpretazioan sor daitekeen edozer zalantza Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak ebatziko du.
Araudi honen interpretazioari buruzko desadostasunik balego, gaztelaniazko testua aplikatuko da.