"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Rubén Ochandiano Madrilen jaio zen, 1980an. Juan Carlos Corazza-ren eskolan antzezpena ikasi zuen, baita Manuel Morón-ekin ere, eta bitartean antzezpen eta dantza eskolak hartu zituen Madrileko Dantza Antzokian.
Telebistan, Médico de familia telesailean egin zuen bere lehen papera. Gerora, beste zenbait telesailetan lan egin du, besteak beste, Al Salir de Clase, Periodistas eta Policías telesailetan, eta sari ugari jaso ditu fikziozko sailetan eginiko lanengatik. Duela gutxi Le Sanctuaire (2015) aurkeztu du Frantzian, Olivier Massat-Depasse zuzendariarena, Juana Acosta, Álex Brendemühl eta Jérémie Renier-ekin batera, eta oso harrera ona egin dio publiko frantsesak.
Espainian eta Frantzian garatu du nagusiki bere ibilbide zinematografikoa, eta nazioarteko zinema zuzendari garrantzitsuenetako batzuen filmetan ere lan egin du: Pedro Almodóvarren Los abrazos rotos (2009), Alejandro G. Iñarrituren Biutiful (2010), Steven Soderberghen Che: El argentino (2008) eta Che: Guerrilla (2008), Juan José Campanellaren Vientos de Agua (2006) eta Gabriele Salvatoresen Amnesia (2002).
Montxo Armendárizen Silencio Roto (2001) filmean egindako lanagatik, gizonezko aktore berri onenaren Goya sarirako izendatu zuten.
Idazle lanetan, bi nobela argitaratu ditu: Historia de Amor Sin Título eta ¡Animal!. Zenbait argitalpen nazionaletan ere idatzi du. Antzerkia zuzendu du, bai eta arrakasta handia lortu ere, kritikaren zein publikoaren artean.
Une honetan hiru film ditu estreinatzear: Infiltrator, Brad Furman estatubatuarrarena, Bryan Cranston eta Diane Kruger-ekin batera; Incidencias, José Corbacho eta Juan Cruz-ena, haiekin Tapas (2005) arrakastatsuan lan egin eta gero; eta Vulcania, José Skaf-ena.
Zuzendari gisa egin duen lehen telesaila amaitu berri du: Mucha Mierda. MoviStar +entzat idatzi eta zuzendu du, eta 2015. urtearen amaieran estreinatuko dela aurreikusten da.