"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Maria Elorzak (Vitoria-Gasteiz, 1988) Ikus Entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
2011tik, freelance errealizadore gisa aritzen da lanean; orobat, dokumentalgintzari lotutako hainbat sormen-proiektutan hartzen du parte. Bereziki interesatzen zaio egunerokotasunaren azterketa, bai eta hitzak, idazketak eta ahotsak filmetan betetzen duten zeregina ere; besteak beste, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa izeneko "ikus-entzunezko hiztegia" zuzendu zuen, lankidetzan (2013, euskal gidoi onenaren saria Zinebin), bai eta Agosto sin ti bideo-eskutitzen bilduma ere (2014, Alcances eta Filmadrid gisako jaialditan hautatua). 2014an ere, Zinebi jaialdiko "Zinergentziak" programan parte hartu zuen, zeinaren baitan zuzendu baitzen Errautsak dokumentala (talde-lana).
Horrez gain, 2015ean LUPA Dokumentalen Mostraren lantaldean sartu zen, eta gaur egun ikus-entzunezko tailerrak irakasten ditu Tabakaleran eta Donostia Kulturan.
Bereak dira lan hauek: La vendedora ambulante (filmatze-fasean, Kalebegiak film koralaren parte), El canto de los lujuriosos (2015), Agosto sin ti, Gente con la que me gustaría quedarme (2014), Encuentros (2014, Gipuzkoako Artista Berrien Programaren bekaduna), Errautsak (2014, talde-filma, “Zinergentziak” programaren barruan), Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013, Benito Ansola Saria, euskal gidoi onenaren saria Zinebin), Birjinianori bisita (2013, Euskal Zinema Saria Nontzefilm lehiaketan), Antología poética de conversaciones cotidianas (2012, Gipuzkoako Foru Aldundiko artista berrien lehiaketa) eta Hamasei Lehoi (2009).