"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976), Donostian enpresa-ikasketak burutu ostean, zinemagintza ikasi zuen Saroben. 2001ean, Moriarti ekoiztetxea sortu zuen. Zuzendu dituen film laburrez gain (besteak beste, 150 sari baino gehiago biltzen dituzten Tercero B, Sintonía eta Lagun Mina), Supertramps animazioko film luzea idatzi eta zuzendu zuen, lankidetzan (2005ean animazioko film onenaren Goya sarirako proposatu zuten); baita Lucio film luze dokumentala ere (Donostia Zinemaldian estreinatua eta dokumental onenaren Goya sarirako proposatua 2007an) eta fikziozko bi film luze, Jon Garañorekin batera zuzenduak: batetik, 80 egunean, nazioarteko ehunetik gora zinema-jaialditan parte hartutakoa besteak beste, Karlovy Vary-koan, Donostiakoan (non Donostia-San Sebastián Film Commission saria eta LGTB gaiko film onenaren Sebastiane saria lortu baitzituen), Montrealgoan eta El Cairokoan, 30 saritik gora lortuz guztira; bestetik, Loreak, bien hurrengo filma, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatua eta film eta soinu-banda onenaren Goya sarietarako proposatua.