"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
María Dolores Meijomínek (Lalín-Pontevedra, 1970) Galiziako Xuntaren sail desberdinetan garatu du bere ibilbide profesionala 1994tik. Ikus-entzunezko esparruarekin duen lotura 2005ean hasi zen, administrazioaren bitartez, Komunikazioko Idazkaritza Nagusiak bere gain hartu zuenean Galiziako Ikus Entzunezko Partzuergoaren ardura. 2010etik 2012ra bitartean, erakunde horretan garatu zuen bere jarduera; berak abiarazi zuen bai Europako bai Latinoamerikako merkatu eta zinema-jaialdietan Galiziako ikus-entzunezko sektorea nazioartekotzeko plana, Films from Galicia markaren bitartez. Partzuergoa desagertu zenean, Kultura Industrien Galiziako Agentziatik (AGADIC) jarraitu zuen zeregin horretan.
2013ko uztailean, AGADICeko ikus-entzunezko politikaren koordinatzaile izendatu zuten: autonomiako administrazioak arlo horretan dituen eskumenak bateratzen ditu sail horrek, eta ikus-entzunezko sektorearentzako laguntza publikoak sustatzen (talentua bultzatzeko, proiektuak garatu eta ekoizteko, ikus-entzunezko lana sustatu eta merkaturatzeko, Galizian zinema-jaialdiak antolatzeko). Bi urteotan zehar, besteak beste, hedatze-programak abiarazi zituen (Cinemas de Galicia udal-aretoen sarea), baita profesionalak prestatzekoak (Galicia ProFilme) eta Galiziako literatura-lanen ikus-entzunezko egokitzapenak sustatzekoak ere (Firma e Filme). Lanean jarraitzen du, halaber, Galiziako ikus-entzunezko sektoreak nazioarteko foro eta merkatuetan duen parte-hartzea eta sektorea bera sustatzeko jarduerak finkatzen.